2,5 milioi euroko inpaktu ekonomikoa (inbertitutako euro bakoitzak 3,06ko itzulkina eragin du); 125.756 bisitari; 10.756 lagun
L’Hermione ikustera; 115 ontzi tradizional, 300tik gora lagun eskifaietan, 94 kultur jarduera paralelo, eta 250 boluntario. Horiexek Pasaiako I. Itsas Festibalak utzitako datu esanguratsuenetako batzuk. Gaur goizean jakinarazi dituzte, Donibanen, udaletxean egin duten balorazioan.
Denis Itxaso kultura diputatua, Izaskun Gomez alkatea eta Albaolako presidente Xabier Agote agertu dira prentsa aurrera, eta hirurek bat etorri dira. Pasaiako Itsas festibalaren “arrakasta erabatekoa” izan da, eta zituzten “aurreikuspen guztiak gainditu” dituela baieztatu dute.
“Onura ukagarrietatik harago”, baina, “ezin ukituzkoak” nabarmendu dituzte antolatzaileek. Balorazioan esan dutenez, “balore positiboei lotuta Pasaia nazioarteko mapan kokatzeko baliagarria izan da festibala”, eta “herriari pasaitar izatearen harrotasuna itzultzeko motibo”. “Mugarritzat jo” dute, eta “herriaren iragan historiko ederra” ezagutzera emateaz gain, “itsas kultura merezi duen tokian jartzeko baliagarri” izan dela defendatu dute.
Ildo horretan, Albaolako buru Xabier Agotek nabarmendu du, festibala ez dela bat-batean jaio, eta itsas kultur eta ondarearen defentsan Albaolak eta Oarsoaldeak azken 20 urtetan egindako lanaren emaitza dela goraipatu du.
Aurrez iragarri bezala, festibalaren hurrengo edizioa 2020. urtean izango da, eta ordurako elkarte , eragile eta norbanakoek egindako “kritika eraikitzaile” guztiak jaso eta festibala hobetzen ahaleginduko direla iragarri dute, aurten ez bezala, hurrengo festibalean Antxon ekitaldiak programatuko dituztela aginduz.