Foru aldundiaren Mugikortasun departamentuak 3,2 milioi euroko inbertsioak egin dituela agintaldi osoan esan du PSE-EEk.
Rodriguez eta Garmendia gaurko agerraldian, Alabergako igogailuaren aurrean.
Gipuzkoako Foru Aldundiaren Mugikortasun diputatu Marisol Garmendiak, eta Errenteriako alderdi sozialistako bozeramaileak aldundiaren departamentu horrek Errenterian agintaldian zehar egin dituen inbertsioen balantzea egin dute. Oarsoaldea biziberritzeko estrategiaren barruan, 3.229.033 euroko inbertsioa egin dutela Errenterian esan du Garmendiak: “Hainbat inbertsioren %85a finantzatu da diru horrekin, tartean Alaberga eta Galtzarabordako igogailuak, Torrekuaren birgaitzea ekintzailetza zentro gisa, edota herritarren arreta zerbitzua martxan jartzea”.
Rodriguezek eskerrak eman dizkio Garmendiari erakutsitako “inplikazioagatik”. Agintaldian asko izan direla eta oso garrantzitsuak diputazioaren laguntzari esker Errenterian argia ikusi duten proiektuak gaineratu du, “erakunde arteko elkarlana ezinbestekoa da herria eta herritarren bizitza kalitatea hobetzea helburu duten proiektuak gauzatzeko. Horretarako borondate politikoa behar da, eta Marisol Garmendiak hasieratik erakutsi du, Oarsoaldea biziberritzea babestuta”.
Rodriguezek emandako datuen arabera, egindako inbertsioen artetik 1.862.657 euro mugikortasunera bideratu du aldundiaren Mugikortasun departamentuak agintaldian: “Hiri biziberritze arloan, berriz, Bidasoa, Alfontso XI eta Resurreccion Maria Azkue kaleak berrurbanizatu ziren. Azkenik, jasangarritasun arloko ekintzak egin dira eraginkortasun energetikoa areagotzeko, kale argiteria aldatu eta udal eraikinetan eraginkortasun energetikoa hobetzea, besteak beste”.