Eguberrietako kultur agenda ekitaldiz beteta heldu da
Haurrentzako ekitaldiak, antzezlanak, kontzertuak, kirol ekitaldiak... askotariko jarduerak programatu dituzte lau barrutietan.
Gabonak bidearen bueltan dira eta igarri egiten da. Pasaiako lau barrutietan herriko askotariko eragileek hamaika ekitaldi programatu dituzte. Kirola, festak, haurrentzako ekitaldiak, kontzertuak, zine emanaldiak… ezin konta jarduera oporrak iraun bitartean. San Tomas azokak aurrez ospatuta, bihar, txistorra bokatak ikastetxeetan eta tabernetan dastatuko dituzte pasaitarrak, eta hortik aurrera, oporrak herriko haur eta nerabeentzat. Astelehenean iritsiko dira herrira Mari Domingi eta Olentzero, eta Eguberri Eguna igarota, asteazkenetik ostiralera, eguberrietako jaialdia aukeran lau barrutietan. Magia ikuskizunak, txokolate jateak, pailazoak, antzerkia… bada zer hautatu datorren asteko arratsaldeetan. Mahairen bueltako lehen betekadak konpentsatzeko, berriz, kirol jarduerak. Antxoko Gabonetako Krosa, San Pedestrea, Urte Zaharreko herri krosa Pasaia-Lezo Lizeoak antolatuta eta kirol txokoa 4 eta 12 urte bitarteko haurrentzat Trintxerpeko eta Donibaneko kiroldegietan. Guztiak izango dira aukeran. Dena ez da jaia izango, hala ere. Kalera Kalera dinamikak deituta presoen aldeko ekitaldiak izango dira festak bitartean, eta baita bestelako aldarrikapenak, Proisaren aldeko mugimenduak iganderako deitutakoa kasu. “Herriak kudeatutako eraikin baten alde”, frontoiaren atzealdeko paretak zaharberrituko dituzte, auzolanean, 10:00etatik aurrera.