Herriko EH Bilduko kideek hala erabaki dutelako izango da Mikel Arruti EH Bilduko zerrendaburua 2019ko udal hauteskundeetan.
Mikel Arruti (jertse marradunarekin), herriko EH Bilduko kideekin.
2019ko maiatzaren 26an egingo diren udal hauteskundeetarako zerrendaburu izango denaren berri eman du Lezoko EH Bilduk: Mikel Arruti Salaberria izango da. Udal jardunean esperientziako kidea da Arruti, esaterako, azken bi agintaldietan koalizioko zinegotzi izan delako.
Lezoko EH Bilduk hedabideetara oharra bidali du. Bertan Arrutik esan duenez, “izugarrizko ilusioarekin, indartsu, gogotsu eta konbentzimendu osoz” hartu du koalizioaren zerrendaburu izateko “erronka”. Eta zerrendaburu izateko baiezkoa ematerakoan, bereziki hiru arrazoi izan dituela kontuan aipatu du.
Lehena, Lezo Errotik prozesuarekin jaso duen asebetetzea, “jendearengan nabari den ilusioa eta jendeak erakutsi duen lanerako gogoa”; bigarrena, osatzen ari diren zinegotzi taldea, “esperientzia askotariko jendea da, han eta hemen lan ezberdinetan trebatutako jendea, herrikoa eta herriko dinamika ezagutzen duena”; eta hirugarren arrazoia da lezoar izateaz harro dagoela, “Lezon bizi gara, Lezon egiten dugu gure egunerokoa, eta Lezon bizi nahi dugu. Erabakiak lezoarrok hartu behar ditugula argi daukagu”.