Igandean izango da, 19:00etan Madalenaren basilikan. Gabonetako abestiekin batera, kantu herrikoei ere emango diote tartea.
Insausti, Tardio eta Iraeta gaurko agerraldian.
Neguko solstizioko kontzertua emango du Hirusta abesbatzak igandean Madalenaren basilikan. Kontzertu horrekin urteari amaiera emango dio Maria Magdalenaren Lagunak Kultur elkarteak aurtengo emanaldi sasoiari. Gabonetako kontzertua izango da, baina Gabonetako kantuak ez diren beste zer edo zer eskainiko dutela zehaztu du Hirustako zuzendari Patxi Tardiok, “zerbait zabalagoa egitea pentsatu genuen, eta Gabonetako kantekin batera, Santa Luzia egunekoak eta beste tradizioetakoak ere abestuko dituzte”.
Kontzertua berezia izango dela esan du Tardiok, baina ez du datu gehiagorik eman nahi “sorpresa mantentzeko”, baina argiek garrantzi handia izango dutela esan du. 28 abeslari izango dira oholtza gainean igandeko emanaldian.
Urtearen gaineko balantzea egin du Maria Magdalenaren Lagunak elkarteko kidea den Jose Luis Insaustik: “Esfortzu handia egin dugu, kalitate handiko kontzertuak antolatzeko aurten ere”. Datuak ere eman ditu Insaustik: “Aurten 19 emanaldi antolatu ditugu, iaz baino hiru gehiago eta 3.620 lagun izan dira emanaldiak jarraitzen basilikan. Jende kopuru garrantzitsua da”. Emanaldi horietatik zortzi, gainera, herriko abesbatzekin egindako kolaborazioak izan dira.
20119ko emanaldiei dagokienean ere urtea itxita dutela jada zehaztu du, “14 kontzertu ditugu jada programatuta eta , eta bost emanaldi herriko taldeekin”. Iaz lehenengoz aritu ziren Musikasterekin elkarlanean, eta esperientzia “aberasgarria eta polita” izan dela nabarmendu du. Horren erakusle, datorren urterako lankidetza hori errepikatuko dutela.
Liburuaren bigarren edizioa zabalduta
Duela bi urte eta erdi Insaustik liburua idatzi zuen basilikaren historia biltzeko elkartearen izenean. Bihartik, bigarren edizioa izango da salgai, berritua eta zabalduta Izan ere lehen liburua argitaratu zutenetik, ikertzen jarraitu duela zehaztu du Insaustik eta datu berri interesgarriak aurkitu dituela basilikaren gainean, “horiek guztiak bildu ditut bigarren edizioan”.
Elkarteko kide Mikel Iraetak ere hartu du parte agerraldian. Basilikan bertan gaur arratsaldetik urtarrilaren 6ra arte jarrita izango den jaiotzaren berri eman du: “Astelehenetik ostiralera 17:00etatik 19:30era eta larunbatetan 10:00etatik 13:00etara izango da bisitatzeko aukera”. Ilusio eta gogoarekin ari direla lanean gaineratu dute Insaustik eta Iraetak, eta urte berrirako beste erronka baten berri eman dute, “Oarsoaldea Kantari zikloaren bosgarren aldia izango da eta zer edozer berezia lotzen ari gara”.
Eskerrak ere eman dituzte Maria Madalenaren Lagunak Kultur Elkarteko bi kideek, udaleko obra txikien departamentuari, Gipuzkoako Foru aldundiari, Ion Collar Kultura zinegotziari, amaia Mitxelenari, Pedro Lixardi elektrikariari eta Juan Lasarte igeltseroari, “batera edo bestera lagundu gaituzte eta eskertu behar dugu erakusten duten jarrera. herritarrak ere eizn ditugu ahaztu, izan ere donazio anonimoak jaso ditugu basilikan hobekuntzak egiteko”.