Herriak etxean nahi dituelako
‘11 minutu, hamaika arrazoi’ iniziziatibaren bidez espazio publikoa okupatuko dute herritarrek, larri gaixo diren Gogorza eta Arrieta etxean izan behar dutela aldarrikatzeko. Plaza betetzera doaz.
Giza eskubideen alde espazio publikoa okupatuko dute hilaren 30ean. 11 minutu. Horiek baino ez ditu eskatu Sare Herritarrak, norberaren bizitzaren egun bakarreko 11 minutu baino ez. 11 minutu horiek hamaika arrazoirekin jantziko dituzte; bakoitzak arrazoi bat edo asko izango baititu bat egiteko. Helburua, gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten Aitzol Gogorza eta Mikel Arrieta Errenteria-Oreretako presoak etxera ekartzea eskatzea, beren giza eskubideak bermatu eta errespeta daitezen eskatzea.
11 minutu, hamaika arrazoi berezia izango da. Pankartarik ez da izango, ezta siglarik ere deialdiaren atzean, isila izango da,eta gizarte zibila izango da protagonista bakarra udaletxe aurrean. Plaza bete nahi dute, arrazoiak arrazoi, herritarrak ahaldundu eta kontzientziatu ezinbestekoak direla, behar-beharrezkoak egungo espetxe politika aldatzeko, baita gatazkaren konponbiderako ere. Iniziatiba inklusiboa izango dela dio Txarli Garcia Errenteria-Oreretako Sareko kideak, eta hori lortzeko, hilabetetako lan eskerga dagoela atzean, «presoen giza eskubideen aldeko adostasun soziala oso zabala lortu dugu, eta adibiderik garbiena EAEko eta Nafarroako legebiltzarrek lortutako akordioak, 50 udaletxe baino gehiagotan onartutako mozioak, eta sindikatu guztien arteko akordioa, besteak beste».
«Presorik gabeko herria nahi dudalako egingo dut bat iniziatibarekin»
Ane Beltran Errenteria-Orereta
Hilaren 30ean Sarek deitu duen espazio publikoaren okupazioarekin bat egingo dut. Bertan izateko dudan arrazoia zera da, presorik gabeko herri bat eraiki nahi dudala. Horrenbestez, uste dut ezinbestekoa dela herritarrek bat egitea iniziatibarekin.
Errenteriaz mintzatu da ondoren. Bidea oraindik luzea bada ere, urrats esanguratsuak egin direla gai horretan ukaezina da: «Herrian egiten ari diren mobilizaziok oso anitzak izaten ari dira, eta martxoan, Aitzol [Gogorza] eta Mikel [Arrieta] etxera ekartzea eskatzen zuen mozioa aho batez onartzea plenoak, oso garrantzitsua izan zen, lehen aldia izan zelako Errenteriako Udalean halako adostasuna ematen zela presoen eskubideen alde».
Adostasunetik aktibaziora
Adostasun sozial zabal hori aktibatu beharra zegoela ohartu zirela azaldu du Garciak, «adostasuna badago, baina ezinbestekoa da kalera ateratzea espetxe politikarekin gure desadostasuna adieraztera. Urteak eman ditugu egoera ez dela onargarria esaten, orain ekitea dagokigu. Pertsonak gara, gizartea gara, eta gizarte osasuntsu batek ezin du onartu espetxe politikan ematen diren giza eskubideen urraketak». Horrek eraman zuen Sare mobilizazio anitzak pentsatzera, moldeak egokitzera, «giza eskubideen urraketarekin arrazoi ezberdinengatik ados ez daudenek lekua izan zezaten», eta horren emaitza da 11 minutu, hamaika arrazoi. Hilaren 30ean, igandearekin, 12:00etan deitu du Sarek udaletxe aurrera. Sirena hotsak joko du orduan, Gogorza eta Arrietak bizi duten egoera larria dela ohartarazteko. Sirena hotsa, Errenteria-Orereta herri langilea delako. Eta atentzioa emango dute, ahaldunduko dira bertaratzen diren guztiak esateko hemen badela herri bat nahi duena bere bizilagunak etxean egotea. Arrazoi humanitarioengatik egingo dute batzuk eskaera; presoen eskubideen defentsan betidanik aritu direlako, beste askok; gatazkaren konponbiderako ezinbestekoa delako sufrimendu guztiak amaitzea baten batzuk; hamaika arrazoi izango dituzte, denak zilegi, eta horien guztien topagune izan nahi du Sareren iniziatibak.
«Gizarte zibilaren inplikazioa eta indarra ezinbestekoak dira»
Jaione Petrikorena Errenteria-Orereta
Udaletxe aurrera joango naiz hilaren 30era Sarek egin duen deialdiarekin bat egitera. Izan ere, gatazkaren konponketan gizarte zibilaren inplikazioa eta indarra ezinbestekoak direla pentsatzen dut. Herritarrok badugu, beraz, zer esan.
Babesa senideentzat
Arrieta eta Gogorza etxeratzea eskatuko dute, eta bide batez babesa erakutsiko diete bi oreretarren senideei. «Mobilizazio hauetako bakoitza, babes erakustaldi garrantzitsua da senideentzat —dio Garciak— ikustea herri bat dagoela beren senideen askatasunaren alde egiten oso garrantzitsua da». Senideen egunerokoa gogorra dela aitortu du, egunero daudela dei baten zain, «zer edozer gertatu delako, edo ez delako gertatu, egunero tentsio horretan bizi behar dute, kezkatuta». Giza eskubideen alde jardutea garrantzitsua dela erantsi du, «eta garrantzitsua da ere familia horiei babesa ematea, izugarri eskertzen dute; ea gai garen beraiek pairatzen duten sufrimendua, neurri batean bada ere, arintzeko».
«Mendekuan oinarritutako espetxe politika ez da bidezkoa»
Maite Gartzia Errenteria-Orereta
11 minutu, hamaika arrazoi dinamikarekin bat egingo dut hilaren 30ean. Egia, erreparazioa eta justiziaren bidean ez delako bidezkoa mendekuan oinarritutako espetxe politika bat indarrean izatea egingo dut bat Sare Herritararen deialdiarekin.
Adostasun zabalak lortu dira presoen eskubideen gainekoak, baina baita elkarbizitzarekin lotutako gaietan, «dinamika ezberdinak izan dira herri honetan, eta Sarek txalotu eta babestu egiten du biktimen errekonozimendua. Gatazkaren konponbide integral bat aldarrikatzen dugu, sufrimendu guztiarekin amaitu nahi dugu. Presoena ere martxan jarri behar dugu». Lanketa handia egin du Sarek konplizitateak eta adostasunak saretzeko, eta zailena bide horretan, aniztasuna biltzeko presoen eskubideen gainean normaltasunez hitz egitea izan dela zehaztu du. Lortu dutela uste du, halere, «herri oso anitzean bizi gara eta espazio guztietara heldu behar dugu. Ari gara».
«Giza eskubideen defentsan herritar guztiak, denak gara beharrezkoak»
Arantza Juanena Errenteria-Orereta
Udaletxe aurrean izango naiz hilaren 30ean larri gaixo diren Gogorza eta Arrieta bizilagunak etxeratzea eskatzeko. Giza eskubideen defentsan denak, herritar bakoitza, beharrezkoak garela uste dudalako egingo dut bat iniziatibarekin.
Egoera, antzekoa
Arrieta eta Gogorzaren egoeran ez dela aldaketarik izan dio, «tratamendu oso zorrotzekin jarraitzen dute biek. Halako gaixotasunak zailak badira etxean izanik, espetxean izugarria da, zailtasunak nabarmenak direlako». Egoera juridikoari dagokionean, berriz, bigarren gradurako progresioa eskatu duela Arrietak eta Euskal Herriratzea artatzeko eskubidea bermatzeko azaldu du Garciak. Gogorzaren kasuan, kolpe handia izan zela Estrasburgok zigorrak batzearen gainean eman zuen ebazpena esan du. 100.2 artikulua eskatu dute Gogorzarentzat: zigorra etetea, edo espetxealdi arindua ezartzea; hau da, pultsera telematikoa jarrita zigorra etxean betetzea. Fiskala eta espetxe zaintzako epailearen erantzunaren zain dira. Algeciraseko (Andaluzia, Espainia) espetxean da lehena, eta Basaurin, bigarrena.
«Aitzol eta Mikelen senideen sufrimenduarekin amaitu behar dugu»
Mariano Prado Errenteria-Orereta
11 minutu, hamaika arrazoi iniziatibarekin bat egingo dut. Gaztañokoa niaz, Aitzol [Gogorza] eta Mikel[Arrieta] bezala, eta beren senideek jasaten duten sufrimenduarekin amaitu behar dugula uste dudalako joango naiz udaletxe aurrera.
Hamaika arrazoiengatik, ezinbestekoa dela 30ean plaza betetzea dio Garciak, eta horretara deitu ditu, 11 minutuz, herritar guztiak, «giza eskubideen alde, gatazkaren konponbidearen alde egitea dagokigu guztioi».
Elkartasun argazkia, Martutenera martxa, eta Olentzeroak
Etxekoekin igarotzeko egunak dira Gabonak,oro har, elkartzekoak, eta etxera itzultzeko garia askorentzat. Aurten ere, etxe askotan, gehiegitan, izango da,ordea, hutsunerik arrazoi ezberdinengatik. Espetxean, deserrian, iheslari direnen kasuan emango da egoera hori, etxe eta mahai bat baino gehiagoren bueltan. Hutsunea. Haiekiko elkartasunez, hainbat ekintza antolatu dituzte aurten ere, Gabonetan, Oarso Bidasoko herrietan.
Gaur bertan Errenteria-Oreretan, Hator hator, etxera! herri argazkia egingo du Kalera kalera dinamikak 13:00etan Mikelazulon, eta herritar guztiak deitu ditu parte hartzera.
24an, berriz, koplaka ibiliko dira Pasai Donisbanen baserriz baserri, 11:00etan hasita, eta errepresaliatuen aldeko Olentzeroak izango dira, bestalde, Lezon, San Pedro auzotik abiatuta 18:30ean, eta Errenteria-Oreretan 19:30ean Mikelazulon, ordu erdi geroago Herriko plazara igotzeko.
Eguberri egunean, berriz, preso eta iheslarien aldeko kartelada egingo dute 13:00etan Donibaneko plazan.
0 km lasterketa
Lasterka izango dituzte gogoan preso eta iheslariak Oiartzunen hilaren 30ean. Izan ere, egun horretan 0 km lasterketa antolatu dute 11:00etan Done Eztebe plazatik abiatuta. Ordu erdi lehenago, haurren lasterketa egingo dute. Egun berean, Martutenera martxa antolatu du Kalera Kalera dinamikak. Bada garaia. Presoak kalera lelopean, 11:00etan abiatuko da zutabeetako bat Donostiako Egia auzotik. Ekitaldia, berriz, 12:00etan izango da espetxe aurrean.
Azken ostiraleko karteladak herri guztietan egingo dituzte, hilaren 28an, eta 31n, koplaka ibiliko dira Donibanen Meipitik abiatuta 17:30ean.
2019ko urtarrilaren 4an (ostirala), Bidasoako herritarrek Hiru zutabeen martxa egingo dute Irunen 19:00etan hasita, Sare Herritarrak deituta. Mendelu, Gernikako Arbola eta Urdanibia plazako zutabeek bat egingo dute Luis Mariano plazan, eta bertan ekitaldia egingo dute.