Errenteriako talde sozialistak 'Irribarre bat oparitu' kanpainan lortutako jostailuak Gurutze Gorriari eman dizkio, beharra duten haurren artean banatzeko.

PSE-EEko eta Gurutze Gorriko kideak, opari emate ekitaldian.
Errenteriako PSE-EEk arrakastaz burutu du
Oparitu irribarre bat kanpaina. Gipuzkoako Gazte Sozialisten laguntza izan dute kanpainan. Horri esker, 1.000 opari lortu dituzte, eta Gurutze Gorriaren bitartez Errege Egunaren harira beharra duten Errenteriako familiei emango dizkiete, haurren artean banatzeko. Sozialistek Alcamporen ekarpena eskertu dute aldi berean.
Asteazkenean eman zioten PSE-EEko kideek Gurutze Gorriari jostailu eta bestelako gai berrien bilduma. Emate ekitaldian Errenteriako PSE-EEren Antolakuntza Idazkari eta zinegotzi Joseba Etxarte, Goizane Alvarez, eta Gazte Sozialisten Idazkari Nagusi Iñaki Ruiz izan ziren. Gurutze Gorriaren ordezkaria Jose Antonio Fernandez izan zen, herriko taldearen presidentea.
Jose Angel Rodriguez herriko PSE-EEren Idazkari Nagusiak oso baikor baloratu du ekinaldia, eta nabarmendu du iaz baino opari gehiago jaso dituztela. Gainera, adierazi du kanpainaren helburua dela elkartasuna sustatzea, “eta Gabonen ilusioa gai ekonomikoengatik jostailuak erosi ezin dituzten familiei helaraztea. Orain badute aukera hori”.
2019an kanpaina gehiago egingo dituztela iragarri dute, tartean, eskolarako materiala jasotzekoak.