"Bitxiak adierazteko euskarriak dira, finean, eskultura txikiak"
Haurtzarotik barru-barrutik sentitzen zuen harrari bide emanez bitxigintzan murgilduta dabil aspalditik Agara Agirre; Errenteriako Torrekuan du tailerra, Habian! Kreaktibo enpresa hazitegian.
Euskal filologia ikasi eta euskara irakasle aritu izan zara orain baino lehen. Noiz eta zergatik erabakitzen du filologo batek bitxigile izatea?
Txikitatik eduki dut gauzak eskuekin sortzeko zaletasuna, eta beti egin izan ditut eskulanak. Karrera bukatu nuenean euskaltegietan lanean hasi nintzen, eta konturatu nintzen lan mota horrek ez zidala betetzen, ez zuela asetzen barruan nuen harra. Erabaki nuen zerbait sortzaileagoa egitea, eta kasualitatez, Donostiako Bitxigintza Eskola topatu nuen. Hor hasi zen dena.
Donostian hasi zenuen formakuntza eta gerora baita Poloniara jo ere. Zergatik erabaki zenuen atzerrira joatea?
Donostian bi urteko lanbide heziketa zikloa egin nuen, bitxigintza teknikoa ikasteko. Ez nuen aurretik formazio artistikorik, eta kristoren gogoa nuen ikasteko. Behin bukatuta praktikak egiteko aukera nuen, eta Poloniara joan nintzen hemen ez nuelako halako eskaintzarik, ez dagoelako antzeko tailerrik. Poloniako aukera oso ona zen, tailer txiki bat zelako, baina era berean, lan asko egiten zuen tailer bat zelako. Gainera, kanpora joateko, bidaiatzeko eta herrialde eta kultura berri bat ezagutzeko aukera ere gustura hartu nuen.
Errenterian duzu tailerra, Oarsoaldeko Habian! Kreaktibo enpresa hazitegiaren barruan. Nolatan?
Polonian praktikak egin ondoren, etxera itzuli eta proiektu kolektibo batean lanean aritu nintzen. Hura bukatutakoan, berriz ere Donostiara itzuli nintzen ikastera eta bitxigintza artistikoa ikasi nuen. Ikasketa amaierako proiektua egin eta gero, orduantxe abiatu zen Habian! fabrika kreatiboaren proiektua eta eskolatik bertara joan ginen bisitan. Otsailean hasi nintzen bertan lanean, sekulako aukera iruditu zitzaidalako.
Habian! proiektuan artisauen arteko elkarlana da funtsezkoa. Zuri Habian!-en eskaintzatik zer egiten zaizu erakargarri? Zertan laguntzen dizu?
Espazioa bera kristoren aukera da, tailer bat daukagulako, makinaria eta tresneria guztiarekin. Horrez gain, aholkularitza zerbitzua dugu, eta hori oso garrantzitsua da, ikasketa kreatiboak dauzkagunok enpresa arloko ezagutza hori falta dugulako zenbakietan-eta behar bezala mugitzeko. Nik hori ez dut ikasi, eta hemen, Habian!-en, aholkularitza zerbitzu hori daukagu.
«Harremanetan nago nire arloko eta beste arlo batzuetako artisauekin»
«Dinagu proiektua Gabonei begira sortu genuen gure lana bistaratzeko»
«Halako proiektu gehiagorekin aurrera jarraitzeko asmotan gabiltza»
Era berean, harremanetan nago nire arloko eta beste arlo batzuetako artisauekin, eta konpartitzen ditugu informazioa, esperientzia, baita egunerokotasuna ere. Azkenean, zure tailerrean isolatuta egotetik tailer konpartitu batera joateak gorabehera emozionalak eramaten laguntzen du.
Dinagu proiektuko kide ere bazara. Zertan datza?
Dinagu aurtengo Gabonetan sortu den proiektu bat da. Proiektua lau sortzaile txikik osatzen dugu. Bakoitzak bere arloan egiten du lana, euskaldunak gara, emakumeak, prozesu guztia eskuz egiten dugu, eta prozesu guztia hasieratik bukaerara guk egiten dugu. Bertan gaude ilustratzaile bat, eta arropa eta poltsak ehunekin egiten dituzten beste bi sortzaile.
Dinagu proiektua Gabonei begira sortu genuen, gure lana bistaratzeko, eta kosta egiten zitzaigulako marka handiekin lehiatzea. Guretzako salmenta eremua zabaltzen saiatu gara, bezeroak konpartituz, baita marketina ere. Horrez gain, bezeroari beste zerbait eskaini nahi genion. Bertakoa erosteko aukera, eskuz egindakoa erosteko aukera, eta marka horren atzean dagoen pertsonarekin harremana izateko aukera.
Donostiako Gabonetako azokan parte hartu dugu laurok elkarrekin, argazki lehiaketa bat ere izan dugu, eta nik uste dut harrera oso ona izan duela.
Beraz, pozik elkarlanak eman duenarekin, ezta?
Bai, egia esan oso pozik gaude. Jende piloa etorri da guregana espresuki, sare sozialetatik-eta ezagutzen gintuztelako. Beraz, bisibilizazio kanpainak funtzionatu duela uste dut, eta aurrera begira, halako proiektu gehiagorekin aurrera jarraitzeko asmotan gabiltza, orokorrean artisauen lana bistaratzeko, eta zehazki emakume artisauen lana agerian jartzeko. Dinagu izena hortik dator, proiektuan lau emakume bildu garelako.
Zure bitxiei begira jarrita, nola definituko zenituzke? Zeintzuk dira zure bitxien ezaugarri nagusiak?
Bitxiak egiten ditudanean bi sailetan sailkatzen ditut. Batetik egunerokotasunean janzteko bitxiak egiten ditut eta, bestetik, bitxi artistikoagoak.
Egunerokotasunean janzteko bitxiak sortzean diseinua zaintzen saiatzen naiz, gaur egungo diseinuak egiten nire estetika propioarekin. Normalean zilarra erabiltzen dut, eta gustatzen zait material ezberdinak ikertzea.
Egin dudan azkeneko bilduma, Oreka deitzen dena, Bartzelonan erretxinaren gaineko ikastaro bat egin nuelako sortu nuen. Bartzelonatik itzuli nintzenean ikertzen jarraitu nuen, eta hortik sortu zen. Oreka bilduma oso koloretsua da, erretxina eta pigmentuak erabiltzen ditudalako.
Zure webgunean ikus daitekeenez (agaraagirre.com) bildumetan sailkatzen dituzu bitxiak. Bilduma baten abiapuntua zer izan ohi da?
Abiapuntua askotarikoa izan daiteke. Izan daiteke ikusi dudan irudi bat, izan daiteke abesti bat, sentipen bat, edo izan daiteke baita ere gogoa izatea material bat ikertzeko eta material horrek eramaten nauela bitxi horretara.
Sortu bakarrik ez, batzuetan piezak biziberritu egiten dituzu bezeroen eskariz.
Orain dela gutxi hasi naiz horretan, pertsona baten enkarguz. Amonaren urrezko bitxi batzuk eta galdutako belarritakoen pieza solteak gordeta zituen bezero batek jo zuen niregana, eta elkarrekin diseinatzen hasi ginen, hasiera batean pertsona harekin eta gerora jende gehiagorekin, antzeko enkargu gehiago izan ditudalako.
Halakoetan bezeroak dira bitxiak ekartzen dizkidatenak, eta lehenik eta behin nik aztertzen ditut, urrea den edo zer den jakiteko. Ondoren, elkarrekin diseinatzen saiatzen gara, normalean bezeroa ideia batekin etortzen delako. Nik ideia gehiago bidaltzen dizkiot, azkenean, behin betiko diseinura iristen garen arte.
Orain gutxi hasi zara baita ere lehiaketetan parte hartzen. Nolakoak izaten dira bitxigileentzako lehiaketak eta zergatik erabaki duzu haietan parte hartzea?
Bitxigintza ikasten hasi nintzenean aurkitu nuen, sorpresaz, mundu bat bazela, egunerokotasunean janzten genituen bitxiez gain, bazegoela halako mugimendu artistiko bat, eta bitxigintza zela, pintura, eskultura edo bestelako diziplina artistikoak bezala, nahi duzuna adierazteko bide bat. Bitxiak adierazteko euskarria dira, finean, eskultura txikiak.
«Bitxigintza artistikoaren barruan nazioartean bada mugimendu bat»
«Bitxi funtzionalez gain, bitxi artistikoagoak egin nahi ditut»
«Tailer propioa eduki nahiko nuke, baina konpartitua eta jendeari irekia»
Bitxigintza garaikide horren barruan Europan eta nazioartean mugimendu bat bada, eta ikasten nuenean horretan txertatzea zen amesten nuena. Lehiaketa horietan parte hartzen hasi naiz, azken finean, egunerokotasunean erabiltzeko betiko bitxi funtzional horiez gain, bitxi artistikoagoak egin nahi ditudalako, eta gozatzen dudalako horiek egiten. Bitxi horiei irteera eman nahian lehiaketetan eta galerietako erakusketetan parte hartzen hasi naiz, merkatu horretan tokitxo bat egin nahian, beste merkatu bat da eta.
Eta bide horretan aukera interesgarri batzuk sortu zaizkizu jada, ezta?
Bai, Porton (Portugal) izan naiz irailean eta urrian, autore bitxigintzako nazioarteko erakusketa batean. Galeria batek antolatutako erakusketa bat izan da eta mundu mailako bitxigile batzuk hautatuak izan ginen erakusketa horretarako. Hantxe egon dira nire bitxiak erakusgai.
Orain, urtarrilaren 31tik apirilaren 17ra arte Madrilgo arte dekoratiboko museoan izango naiz baita ere, bitxigintza garaikideko mostra bat egingo delako han, eta gaur jakin berri dut [asteazkenean] hautatua izan naizela Europan zehar egingo den erakusketa ibiltari batean parte hartzeko, ehunekin egindako bitxiak oinarri izango dituen erakusketa batean. Badut bilduma bat metala josiz egindakoa. Hori aurkeztu nuen eta aukeratua izan da. Erakusketa aurtengo martxoan hasiko da Sevillan; Suitzan ere egongo da, eta munduko hainbat tokitan egon ondoren, datorren urtean bukatuko da, martxoan, Bartzelonan.
Bitxigintzaz bizi ahal izatea ez dirudi gauza erraza denik. Zure ustez, zeintzuk dira oztopo nagusiak zu bezalako sortzaileentzat?
Orokorrean ezeren sortzaile izatea zaila da, ez delako oso ondo ulertzen eskuz egindako lanaren atzean dagoena, eta ez delako behar bezala baloratzen. Horrez gain, esan nahiko nuke, orokorrean, bitxigintzaren mundua hemen ez dela oso ezaguna. Oso mundu minorizatua da, eta ezagutaraztea egiteke dagoen lana da. Gainera, erreferenteak falta ditugu hemen inguruan.
Etorkizunera begira zein asmo eta amets dituzu? Nondik gustatuko litzaizuke jotzea aurrerantzean?
Otsailean hasi dut nire proiektu pertsonala eta oraingoz Torrekuan jarraitzeko asmoa dut. Etorkizunean nire tailer propioa edukitzea gustatuko litzaidake, baina beti ere konpartitua, egia esan, asko betetzen didalako konpartitze horrek. Alor desberdinetako artisau eta sortzaileekin konpartitu nahiko nuke tailerra, eta espazioa jendeari irekia izatea gustatuko litzaidake, erakusketak eta tailerrak egin ahal izateko. Horixe gustatuko litzaidake, bai. Horixe da nire ametsa.