LGTBI herritarren gaineko diagnostikoa abiatu du udalak
LGTBI biztanleriaren premiak zehaztuko dira errealitateak ezagutzeko, diagnostiko horretatik abiatuta, sexu dibertsitatearen eta generoaren arloko lehentasunak definitzeko.
LGTBI komunitatearen eta pertsonen egoera eta errealitatea egun Errenteria-Oreretan zein den ezagutzeko diagnostikoa egitea erabaki du Errenteriako Udalak. Proiektuaren gaineko xehetasunak eman dituzte gaur goizean egin duten agerraldian, Garazi Lopez Etxezarreta Berdintasun zinegotziak, diagnostikoa egingo duten Zuriñe Rodriguez eta Eli Etxabaguren ikerlariek, eta Ainara Larrain LGTBI kolektiboko kideak.
LGTBI biztanleriaren premiak zehaztuko dira errealitateak ezagutzeko, diagnostiko horretatik abiatuta, sexu dibertsitatearen eta generoaren arloko lehentasunak definitzeko. Komunitate horrek Errenteria-Oreretan historikoki izan duela ikusgarritasun garrantzitsua esan du Lopez de Etxezarretak, eta horren harira, Vicente Vadillo Francisen omenez ortzadar kolorez margotutako zebrabidea ekarri du gogora: “Duela hilabete batzuk LGTBI komunitateko kide batzuk udalera jo zuten berdintasunaren arloaren barruan politika zehatzak garatzeko garaia bazela esanez; emakume eta gizonen arteko berdintasuna sustatzeko politikak garatzen diren bezala, LGTBI komunitatearen errealitatea ezagutu eta egon daitezkeen ezberdintasunak eta praktika ez egokiak hobetzen laguntzeko politika zehatzak abiatzeko eskatu ziguten”.
Eskaera oso modu “positiboan” hartu zutela erantsi du, eta eskaeraren harira ohartu zirela udalak ez zuela ezer egina gaiaren gainean, “Berdintasun Kontseilura eraman genuen gaia, egoki iritzi, eta diagnostikoa abian jartzea erabaki genuen. Lizitaziora aterata Eli Etxabeguren eta Zuriñe Rodriguez ikerlariek egingo dute diagnosia Sudergintza Kooperatibaren barruan. Berdintasun plana berria egin beharko du berdintasun arloak aurten, hirugarrena zehazki, eta diagnostiko hau aurretik egitea baliagarria izango da, jasotzen ditugun ekintzak ondo txertatu nahi ditugulako Berdintasun Plan horretan”.
Ikerlariak hasierako lanak egiten hasiak dira jada. Etxabegurenek aletu du prozesua. Bi ikerlariek prozesua dinamizatuko badute ere, LGTBI komunitateko kideekin batera egin nahi izan dutela prozesua hasieratik esan du, “ikerlarion, LGTBI kolektiboko kideen eta udalaren arteko elkarlana ezinbestekoa zela erabaki genuen hasieratik. Horretarako, espazio ezberdinak sortuko ditugu, hemendik eta ekainera bitartean, kontraste espazioak sortzeko eta guk koordinatuko dugun prozesua ere gardentasun guztiarekin eta herri osoaren artean osatzeko”.
Hiru fase izango ditu proiektuak. Lehenengoa, herrian dauden LGTBI komunitateko pertsona, agente eta adituak identifikatzea da. Lan hori hasia omen dute jada, eta herriko errealitatearen mapa txukuna egiteko ahalik eta harreman sare anitzena osatu nahi dutela zehaztu du ikerlari errenteriarrak: “Lehenengo kontaktuak eginak ditugu eta proiektua, metodologia eta kronograma partekatu eta osatu dugu. Hala ere, identifikazio horretan lanean jarraitzen dugu eta gonbita egiten diogu herriko LGTBI komunitateari gurekin harremanetan jarri eta prozesura batzeko”.
Bigarren fasean, landa lana egingo dute ikerlariek, eta hirugarren fasean berriz, datuen interpretazioari eta erredakzio lanari ekingo diote. Hemendik aurrera, bigarren fase horretan arituko dira, landa lanean, eta hori egiteko hiru tresna metodologiko erabiliko dituzte: sakoneko norbanako elkarrizketak, talde eztabaidak, eta online inkesta. Elkarrizketa eta inkesta horietan, zazpi aldagai hartuko dituzte kontuan ikerlariek: espazio publikoaren erabilera, hezkuntza, osasuna, lan arloa, aisialdia, parte hartze politikoa, eta nahitaezko migrazioa. Azken aldagai hori, lehenengoz landuko dela halako prozesu batean zehaztu du Rodriguezek. Gainontzekoak, Iruñea, Gasteiz, edota Bartzelonan egindako diagnostikoetan erabilitako aldagaiak dira.
LGTBI komunitateko kideek erosoen sentitzen diren modua erabiltzea nahi dute diagnostikoan parte hartzeko, eta anonimotasuna mantendu nahi duten pertsonek horretarako aukera izango dutela bermatu dute.
Neurri zehatzak eta gomendioak
Oso garrantzitsua dela LGTBI komunitateko kideak bidaide izatea nabarmendu du Etxabegurenek, eta ideia horrekin bat egin du Enara Larrainek. LGTBI kolektiboko kidea da Larrain, eta datorren astelehenean (hilak 21) 18:30ean Reina aretoan Errenteria- Oreretako LGTBI mugimenduko kideentzat egingo den bilera irekian parte hartzera deitu du, “informazioa partekatuko da eta prozesuaren bigarren fasea martxan jarriko dute”.
Bilera horretan gainera, prozesuaren leloa erabakiko dute, hori ere elkarlanean egin nahi dutelako.
Diagnostikoa ez dela hori bakarrik esango azaldu du Rodriguezek, “amaieran udalari gomendioak emango dizkiogu ikusita Oreretako komunitateak zein behar dituen eta horiei nola erantzun esango diogu. Ez diegu galdetuko soilik arazoen inguruan, proposamenak egitea ere eskatuko diogu LGTBI kolektiboari”. Argazkia izateko balioko du, baina komunitatea bera indartzeko ere balioko duela diagnostikoak uste du Rodriguezek, beste egoeretan hala izan delako: “Badago komunitate politiko bat oso artikulatuta dagoena, lanean ari dena jada, baina bestaldetik badago beste komunitate bat askotan ez dagoena lanean eta diagnostikoaren harira mugimenduan sartu daitekeena. Mugimendu indartsu bat egotea garrantzitsua da eraldatzeko. Memoriaren inguruan mugimendua lantzea ere garrantzitsua da, hemen Errenterian lan izugarria egin da, gainera, memoriaren gainean, eta LGTBI mugimenduak ere zerbait du horren inguruan esateko”.
Egungo egoeraz mintzatu da Larrain. Errenteriaren erdialdeari begiratuta LGTBI kolektiboak dezenteko ikusgaitasuna daukala esan du, “baina auzoak ahazten ditugu askotan, eta Orereta erdialdeaz gain, auzoak ere badira. Gauez ateratzen zarenean, berdin du zein lekutan zauden, astebururo bizitzen duzu diskriminazio gertaeraren bat. Denok dugu mentalitate oso irekia jendearekin hitz egiten duzunean, baina uste dut denak sentitzen garela diskriminatuak edo baztertuak egoera batzuetan. Beste herriekin alderatuta baina, Oreretan eroso sentitzen garela uste dut, eta seguru. Oraindik lana egin beharra dago”.
LGTBI kolektiboko kidea izateaz gain Araba, Bizkai eta Gipuzkoan ikerketa egiten ari dela zehaztu du Larrain, eta premisa bat eman du: “EAEko ikastetxeetan LGTBI komunitateko %70-80ak pairatu du bulling LGTBIfobikoa. Kopuru oso handia da. Prebentzio lanak egiten ari badira ere, kopuru hori izugarri handia da”.
Udalarentzat erronka handia dela esan du Lopez de Etxezarretak, “ez dakigulako oso ondo zein punturaino diagnostikoa ekintza zehatzera eramaten denean gai izango den udala politika benetan eraginkorrak abian jartzeko. Egia da berdintasun politiketan ere, gai zehatzetan, zailtasun handiak ditugula politika errealak aurrera eramateko”. Oro har, halere, oso pozik dagoela esan du, “beharrezkoa eta oso garrantzitsua delako diagnosia, gizarte bezala eta udalarentzat, erronka ez dela erraza izango argi dut, gauza batzuk ez direlako gure esku izango, eta asmatzen jakitea espero dut. Garrantzitsua da ez delako ezer egiten, ezertxo ere ez gaiaren gainean, nazioarteko eguneko adierazpen instituzionala edo zebrabidea margotzetik harago, udal gisa. Lanketa hau aurrera eramaten jarraitzeko, udaletik borondate politikoa beti egongo dela pentsatzen dut”.
Txostena ekainean egingo dute publiko Francisen hilketaren urteurrenarekin batera. Parte hartzeko elkarrizketak datorren astelehenean hasiko dituzte ikerlariek, eta hilabete eta erdiko epea izango dute horiek egiteko. Online inkesta ere epe horretan izango da martxan.