Bozeramaileen batzordearen presazko bilera eskatuko du PSE-EEk
Urgentziazko bilera horretan "azalpenak" eskatuko dituela eta hartu diren neurrien berri emateko eskatuko duela azaldu du.
Errenteriako alderdi sozialistak bozeramaileen batzordearen urgentziazko bilera eskatuko duela jakinarazi du prentsa ohar bidez. Joan den hilaren 6an herritar batek jasan zuen erasoaren harira eta atzo horren inguruan Udaltzaingoaren CCOO sekzio sindikalak egindako adierazpena dela-eta egingo duela eskaera esan du. Urgentziazko bilera horretan “azalpenak” eskatuko dituela eta hartu diren neurrien berri emateko eskatuko duela azaldu du.
Alkateak herriko bi eremutan, Juan Olazabal kalean eta Iztietan segurtasun gabezia dagoela onartzen duen lehen aldia dela dio prentsa oharrean PSE-EEk, “orain arte ez zegoela segurtasun gabeziarik esan du, gertakari puntualak zirela”. Udaltzaingoaren “zerbitzuaren gabezien” gainean behin baino gehiagoetan azaldu dela kexu alderdi sozialista esan du gainera, baita segurtasun arloan erabaki guztiak unilateralki EH Bilduk eta Errenteria Irabazizek osatutako gobernu taldeak hartzen dituela.
Herritarrez ere mintzo da esateko ezaguna dela “segurtasun handiagoa bermatuko duen” polizia zerbitzu egoki baten alde egiten duten eskaera: “Ezaguna da agente faltagatik Udaltzaingoak bizi duen prekarietatea, eta egoera hori ere, Ertzaintzaren kasuan ematen da, horrek are gehiago zailtzen du segurtasunaren gaia herrian”.
Egungo polizia eredua, berriz, ez da egokia alderdi horren ustetan, eta udalaren izenean egin diren azken adierazpenak gobernu taldearenak direla nabarmendu du, “inondik inora ere ez dituzte adostu gainontzeko udal taldeekin”.