Donibaneko Gaztelekua lekuz aldatuko dute
Lokal berria egokitzeko lanak martxa onean doazela jakinarazi du udalak
Pasaiako Udala Gazteleku berri bat atontzen ari da Donibanen. JJ Otaegi plazan egongo da Gazteleku berria, orain arte bezala, baina, beste toki batean, eskoletako hirugarren solairuan zehazki. Udalak jakinarazi duenez, obrak aurrera doaz erritmo onean. Irisgarritasuna bermatzeko lanak egiten ari dira, eta era berean, eraginkortasun energetikoa eta konfort maila hobetzeko egokitzapenak.
Besteak beste, barruko igogailua jarriko dute, eta une honetan igogailuaren makineria jartzeko kofratua egiten ari dira. Horrez gain, eskolako hirugarren pisuko gelak atontzen ari dira Gaztelekuko erabiltzaileentzat.
Eraikinaren berokuntza sistema ere hobetzen ari dira, esan dutenez, eraginkortasuna handitu eta energia aurreztuko, zehaztu dutenez “eraikinaren aire beroa berreskuratzeko aukera” izango delako, eta “instalazio berriak solairu bakoitza banaka berotzea ahalbidetuko duelako”. Orain arte, solairu bakarra erabili behar bazen ere, eraikin osoko berokuntza sistema jarri behar zen martxan.
Obren proiektua Aizpurua Arquitectos enpresak idatzitakoa da, eta Indenort PV enpresa ari da obrak egiten, 169.316,74 euroko aurrekontuarekin.
Lanak Pasaiako Udalak Foru Aldundiko Lurralde Antolaketa eta Mugikortasun Sailarekin sinatutako 2018rako hitzarmenaren barrukoak dira.
Izaskun Gomez alkateak jakinarazi duenez, “ahalegin ekonomiko handia” egiten ari dira “udal instalazioek irisgarritasuna, erosotasuna eta gela egoki eta berrituak izan ditzaten” bereziki gazteek erabiltzen dituzten zerbitzuetan. Gomezek nabarmendu duenez “Gaztelekuek eta antzeko zerbitzuek arrakasta itzela” dute udalerrian, eta hori dela eta, “ezinbestekotzat” jo du instalazio egokiak izatea; “horren adibide izan da Antxoko Gazteleku berria”, gaineratu du alkateak.
“Biziberritzea egunero-egunero egiten da hau bezalako jarduketekin”, adierazi du Izaskun Gomezek, eta “gizarte-berroneratzea hirigintza edo ekonomia arloko berroneratzeak bezain inportantea dela”, ohartarazi du.
