'Egin zaidazu bisita' abestiaren bideoklipa estreinatuko dute larunbatean
Egin zaidazu bisita aurkeztu zuen udalak pasa den ekainean. Elkarbizitza du ardatz, aniztasunaren aberastasuna, eta Errenteria-Oreretaren dibertsitatea irudikatzea du helburu. Bernardo Atxagaren Aniztasuna elkarbizitzarako herri aliantzako manifestuan oinarrituta eraiki zuten kantaren letra Jon Martin eta Alaia Martin bertsolariek, eta abestia, Beira taldeko Igor Arruabarrenak egin zuen. Ahotsa berriz, Leire Martinez La oreja de Van Gogh taldeko abeslariak, Jonatan Camacho eta David Escudero Sonakay taldeko kideek, Mikel Markezek, Asmae Barruz, Chinedu Phillipsek eta Jon Santosek jarri zioten erritmoz betetako kantu alaiari. Gainera, herriko hiru abesbatzek egin zizkioten koroak kantuari: Zaria, Andra Mari eta Landarbasok.
Orain irudiz jantzi dute, eta bideoklipa egin. Larunbatean estreinatuko dute Niessen Kulturgunean 12:00etan hasita. herriko hainbat eragilek, eta elkarte ezberdinetako kideek hartu dute parte, jatorri, adin, auzo, nahiz lanbide ezberdinetako hogeita hamar errenteriarrek baino gehiagok. Agertokiak, berriz, herriko eremu ezberdinak dira. Kantuarekin bezala, bideokliparekin, Errenteria-Oreretak duen aniztasuna aitortu eta balioa ematea da helburua, “elkarbizitza mezua zabaltzea, eta Errenteria herri abgitsua dela adieraztea, horretarako, ongi etorria emanez”.
Irekia izango da bideokliparen aurkezpen ekitaldia, eta udaletik herritar guztiak animatu dituzte bertaratzera.
Komunikazio kanpaina
Datozen asteetan, gainera, protagonista berekin komunikazio kanpaina martxan jarriko du udalak herriko hemezortzi autobus geltokietan.