Tabernen mozorro lehiaketarako izena eman daiteke
Otsailaren 8a arte izango da izena emateko aukera eta Zu! Zure Udala arreta zerbitzura jo beharko dute eskaerarekin, eskatzailearen datuekin eta tabernaren izena eta helbidearekin.
Inauterietako batzordeak aurten ere antolatu du tabernen mozorro lehiaketa, eta horretan parte hartzeko epea zabalik da jada. Otsailaren 8a arte izango da izena emateko aukera eta Zu! Zure Udala arreta zerbitzura jo beharko dute eskaerarekin, eskatzailearen datuekin eta tabernaren izena eta helbidearekin. 2019ko Inauteri Batzordeak aukeratutako gaia zirkua da, eta gai horren inguruan mozorrotu beharko dituzte tabernak parte hartzaileek.
Lehiaketan parte hartzen duten tabernek ez dute hizkera sexistarik erabiliko, ezta emakumeen diskriminazioa edo estereotipo sexistarik erakusten duen irudirik ere. Gainera, berdintasuna, ordezkaritza orekatua, aniztasuna, eta genero rolen eta identitateen aniztasuna sustatu beharko dituzte.
Tabernek otsailaren 28ko 19:00etarako atonduta egon beharko dute. Hortik aurrera, adituek osatutako epaimahaiak aukeratuko du taberna irabazlea. Gaiaren lanketa, originaltasuna, elementu ezberdinen diseinua eta tabernaren girotze lana hartuko ditu kontuan. Martxoaren 1ean bisitatuko ditu tabernak epaimahaiak.
Irabazleak 500 euroko saria jasoko du 2020. urteko Inauterietan bere taberna mozorrotzeko materiala erosten laguntzeko. Irabazleaz gain, aipamen berezia egiteko aukera izango du epaimahaiak. Kasu horretan, 2020 urteko inauterietan bere taberna mozorrotzeko 250 euro emango dizkiote.