Badute habia non eraiki
Datozen asteetan egingo dute publiko etxebizitza komunitarioen deialdia. 26 gaztek alokairu duina izango dute herriko 180 gaztek eta udalak elkarlanean eraikitako proiektuari esker.
Etxebizitza duin baterako sarbidea, emantzipatzeko aukera, hori da Errenteria-Oreretako gazteen artean kezka nagusietako bat. Horrela erakutsi zuen, duela bi urte udalak martxan jarri zuen Marea Gora parte hartze prozesuak. Bi urte geroago, erantzun erreala eman dio udalak eskaera horri, eta gazteekin elkarlanean egin du, elkarren ondoan forma emanda etxebizitza eredu ezberdin bat.
Martxoa-apirila artean, dena ondo bidean, Gazteen Etxebizitza Komunitarioan izango dira proiektu horretan parte hartuko duten herriko lehen 26 gazteak. Amaituta daude etxebizitzetan egin beharreko obrak, azken ukituak ematen ari dira, eta udal barneko administrazio lana amaitzen ari dira datozen asteetan deialdi publikoa egin ahal izateko. Ordutik, 20 eguneko epea izango dute deialdian parte hartzeko baldintzak betetzen dituzten gazteek izena emateko Zu! Zure Udala arreta zerbitzuan, eta zozketa bidez esleituko dira 26 alokairu plazak.
Ez du datarik zehaztu Itziar Ostolazak. Gazteria zinegotzia da, eta parte hartze prozesuan aritu diren 180 gazteekin batera, etxebizitza komunitarioaren proiektuaren gidaria. Proiektua udalarentzat erronka izan dela dio, inguruan ez dagoelako halako esperientziarik, eta halakoak ugariak diren Europa iparraldera jo behar izan dute, «ez hori bakarrik, gazteen beharrei erantzun behar genien udal baten eskumen zuzen-zuzenak ez diren gaietan eta gazte perspektiba batetik, ez soilik orain arteko merkatuari jarraipena emanez, edo ohiko laguntzak eskainita, alternatibak sortzen baizik, eta hori da eraldaketa planteatzen dugun udalontzat erronkarik handiena, nola egin udal batetik herritarrak babesteko proiektu eraldatzaileak».
Eraldatzailea da zalantzarik gabe proiektua, gaur egun etxebizitzarako sarbidea kokatzen den bi parametroei —erosketa edo alokairua— alternatiba eskaintzen diolako. Eta hori zela erronka dio, «gaur egun dugun horretatik harago nola egiten dugun alternatiboa izan daitekeen proiektu bat sortzeko. Izan ere, alokairuaren aukera ez da erreala. Langabezia tasa altuena duten eskualdeetako bat da gurea, eta paradoxikoa dirudien arren, alokairuen preziorik altuenak ditugu». Etxebizitza komunitarioaren proiektuak ez du gazte guztien egoerari erantzuteko balioko, baina urrats bat da. Ez bakarra, gainera, aurten, lehenengoz, Errenteriako Udalak gazteei alokairuaren ordainketan laguntzeko diru lerroa zabalduko du, eta 90.000 euro bideratu ditu horretara. Datozen hilabeteetan aterako du udalak laguntza horien gaineko deialdia.
Gazteen iritzia eta ekarpenak jasotzea ezinbestekoa zela argi izan dutela zehaztu du gazteria zinegotziak, baita ekarpen oso interesgarriak jaso dituztela esan ere, «horiekin paralelo, lan handia egin dute udalean teknikoek baita politikoek ere, halako proiektu batek eskatzen duen blindaje tekniko-juridikoa sortzeko, «ordenantza eta baldintza berriak sortu behar izan dira, eredurik ez genuelako gertu. Edozein proiektu, gainera, zure errealitatera egokitu behar duzu».
Proiektuak arrakasta izango duen jakiteko etxebizitzak beteta ikusi arte itxaron behar dela argi du, baina hala bada, ate asko zabalduko dituela herrian argi du Ostolazak: «Etxebizitza politika ikuspegia gaur egun ezagutzen dugunetik harago joanaz zabaldu dugu, eta guk gazteekin lotu dugu proiektua, baina Euskal Herrian eskaera handiena egiten dutenak hirugarren adinekoak dira: zure bizitzaren azken urteetan bakarrik ez bizitzeko, edo zaintza partekatua bermatzeko». Gazteekin hasitako proiektua, beste adin tarteetara zabaltzea interesgarria litzatekeela dio, baita belaunaldi arteko proiektua egitea ere.
Oihartzun handia
Jakin-mina piztu du proiektuak inguruko herrietan, Euskal Herriko bazter ia guztietan, eta espero zutena baino oihartzun handiagoa izan duela aitortu du Ostolazak, «Euskal Herriko udal batzuetatik deitu gaituzte, eta beste herri batzuen kasuan, berriz, eragileek deitu gaituzte galdetzeko, jakiteko nola ari garen». Interesa sortu du eta garrantzitsua iritzi dio, finean, besteentzat eredu izan daitekeelako. Aholkuei tartea ere egin nahi izan die Ostolazak, izan ere, leku batean funtziona dezakeenak ez duela zertan beste batean funtzionatu dio, «hortaz, norberak beretik egin behar du. Oinarrian parte hartze prozesu bat dago, proiektua ez du udalean dagoen politiko talde batek egin, gazteek parte hartze prozesu irekian udalarekin eraiki duten proiektua da; udalak bitartekoak, ezagutzak eta beste herrietako esperientziak eskaini dizkie».
Galtzarabordan kokatutako bost pisuko eraikinean, zazpi etxebizitza, hiru gune komunitario, eta 26 logela ditu etxebizitza komunitarioak. Pertsona bakoitzak gela bat izango du. Proiektu arkitektonikoa egiteko garaian pertsona orok behar indibidualak eta kolektiboak dituela aintzat hartu dute, «horiek ase behar dira, eta horiek kontutan hartuta eraiki da proiektua».
Tipula irudikatu du hori azaltzeko: «Kapa bakoitzak bere esparrua du. Lehenengo kapa, behar intimoenak asetzeko espazioa litzateke, eta hor norberaren logela dago berak kudea dezan; bigarren kapan, etxebizitza legoke, beste bi edo hiru pertsonekin elkarbanatuko dutena. Espazio komunak sukaldea eta komuna izango dira; hirugarren kapa, sukalde-egongela eta ikasgela komunitarioa dira, 26 lagunek batera konpartitzea dutena; atari ondoan, berriz, trastelekua eta garbiketa eremua daude, garbigailu, lehorgailu eta arropa zintzilikatzeko espazioa, alegia».
Azkeneko kapa bat ere aipatu du Ostolazak, oraindik egin gabe dagoena, eta etxebizitza martxan denean abiatuko dutena: etxea herriarekin lotuko duena. Izan ere etxebizitzetako bat espazio balioanitza izango da, udalari, auzoari eta herriari irekia, «udal espazio bat gehiago izango da. Etxe honen ateak herriari zabalik egongo dira, eta alderantziz. Hori bat dator, erabat, proiektuaren filosofiarekin».
Parte hartzeko baldintzak
Etxearen egitura errespetatu, eta erabil zitekeen guztia mantendu dute, birziklatu, «hori izan da gure filosofia etxebizitza berritzeko eta prestatzeko garaian». Gainontzekoan, gazte itxura ematen dioten oinarrizkoak diren altzariekin atondu dute.
Eskatzaileek bete beharreko baldintza nagusiak bi izango dira. Bat, 18 eta 30 urte artekoak izatea, «kontratua sinatzeko garaian ezingo da 30 urtetik gora izan», eta bestea azken sei hilabetean Errenterian erroldatuta izatea kontratua sinatzeko garaian. 26 gaztek izango dute etxebizitza komunitarioan logela lortzeko aukera, zozketa bidez, erdiak hiru urterako, eta beste erdiak, berriz, lau urterako. Azken hori arrazoitu du Ostolazak, «azken batean denak hiru urterako badaude, berriz sartzen direnek zerotik hasi beharko dute. Urtebete gehiago emanda gazte batzuei, proiektuaren jarraipena bermatuko dute, esperientzia emango diote».
Bestelako baldintzak ere badaude: sartzen diren gazteek ezingo dute etxerik izan jabetzan, gehienez 26.000 euroko diru sarrerak izango dituzte urtean, eta gutxienez, hilean 90 euro ordaintzeko gaitasuna izango dutela bermatuko dute. Diru sarrerak dituztenen artean, sarrera horien %15a ordaindu beharko dute alokairu gisa. Ordaintzen duten diru horren barruan alokairua, eta etxebizitzaren gastu guztiak sartuta daudela zehaztu du Ostolazak, «argia, ura, wifia… Normalean alokairu sozialean %30 hartzen da kontuan gure inguruan, baina gure herriko errealitatea aztertuta eta horren barruan gazteek duten benetako egoera eta errentak aztertuta gehiegizko langa iruditu zitzaigun».
Kalkulu horiek lau urterako egin dituzte eta epe horretan mantenduko dituzte, egoera aldatu eta hobera egingo balu, berriz, aldatzeko aukerari atea zabalik utzi dio udalak: «Uste dugu baldintza hauekin gazte gehienek parte hartzeko aukera izango dutela». Trukean ekarpena egiteko eskatuko diete, hortik etxebizitzaren izaera komunitarioa. Komunitario izaera hori zentzu zabalean ulertu behar dela, eta gazte bakoitzak erabakiko duela ekarpena nondik egin azaldu du, «ez dugu nahi jendeak atzera egitea horregatik. Herri identitatea indartzea da. Zozketa bidez aukeratuko da zein gazte izango diren etxebizitza bakoitzean, eta horrek herriko beste jende bat ezagutzeko, loturak sortzeko balioko die, elkarbizitza hori herri egitea da identitate, genero, sentsibilitate oso ezberdinetako jendearen artean. Hori helburuetako bat da; bestea, herriarekiko erantzukizunaren ideia bat barneratzea eta norberak erabakitzen duen ekarpena egitea». Barne araudia ere gazteek egin beharko dute, ahalik eta kontsentsu handienaz, eta lan horietarako bi bidelagun izango dituzte. Marra gorri batzuk, baina, ezarrita daude, eraso xenofobo, sexista edota arrazistarik ez da onartuko etxean.
Eraldaketarako ausardia
Prozesuaren zailena beldurrak gainditzea izan dela adierazi du zinegotziak, «oro har berria den orori beldurra dion gizarte batean bizi gara, eta eraldaketa prozesuak emateko ausardia behar da. Ez dakigu zer emango duen proiektuak, baina ausartu gara, hala egin ezean ez genuke inoiz ere eraldaketa prozesurik garatuko». Gehien asebete duena, prozesuan parte hartu duten gazteak ezagutu eta entzutea izan dela dio, «oso aberatsa izan da, orain arte udalak antolatutako prozesu parte hartzaileetara hurbildu ez den gazte profil bat bertaratu delako. Horren harira animatu nahi ditut gazte guztiak parte hartzera, esperientzia oso bitala delako; edozein ezberdintasun gainditzea izan behar da helburua gure herrian. Desberdintasunak ez daitezela muga izan. Izan dezagun gaitasuna elkarbizitza espazioak sortzeko».