Baratze parkeko errekan, bioingeniaritza
Bertako errekako higadura arazoak konpontzeko baliabide naturalak erabiliko dituzte. Aste honetan hasi dira lanak.
Lezoko baratze parkeko errekan bioingeniaritza lanak egiten ari dira. Hau da, bertan zeuden higadura arazoak konpontzeko, naturan oinarritutako soluzioak erabiliko dituzte. Asteartean hasi ziren lan horiek.
Baratze parkeko etxolaren azpian hasi dituzte lanak, hori baita, jada kendu den zubiaren aldearekin batera, zatirik gatazkatsuena. Bertan, hondeamakina batekin, lurra kendu eta egurrez osatutako hesi bat jartzen ari dira, 20-30 diametroko pinu eta akaziekin (2-4 metro arterako luzerakoak). Enbor bertikal horien atzean, sahats adaxka metak erabiliko dira sare erara, eta horien atzeko aldea lurrez eta landare biziz beteko da. Zenbait puntutan harrobiko harria ere erabiliko dute.
Abenduaren 10ean Paola Sangalli Asociación Española de Ingenieria del Paisaje-ren lehendakariordeak baratze parkean erabiltzen ari diren teknika honen gaineko hitzaldia eman zuen Lezon. Sangalli bera ari da lanak zuzentzen.