Eskola igeriketa kanpaina jarri du martxan udalak
350 haur baino gehiagok hartuko du parte ekainera arte 20 eguneko iraupena izango duten hainbat txandatan.
Eskola igeriketa kanpainaren ekitaldi berria martxan jarri du Errenteriako Udalak. Horretan, 350 haur baino gehiagok hartuko du parte ekainera arte 20 eguneko iraupena izango duten hainbat txandatan. Kanpainaren helburua, igeriketa sustatzea da eta horri begira, praktikoa izaten da, eta ikasleek igeriketaren oinarrizko trebetasunak garatu eta egiten duten jarduera fisikoa areagotzea bilatzen du. Baita ikasle guztiak integratzea ere, eta horretarako, udalak behar bereziak dituzten ikasleei begira laguntzarako begiraleak ditu.
Lehen Hezkuntzako lehenengo eta bigarren mailako ikasleak dira hartzaileak, eta programa Galtzaraborda eta Fanderiako igerilekuetan egiten ari dira. Udalak %80an eta foru aldundiak %20an finantzatzen dute. Ikastaroak, noski, euskaraz dira.