Kabaret Antxo "egosten" hasia da
Antolatzaileak, "herri ganberroen" sustatzaileak, inauterietako ikuskizuna antolatzen ari dira
Berritasuna da eta aurtengo inauterietarako antolatzen hasi dira. Kabaret Antxo lelopean, ikuskizun bat prestatzen ari dira “herri ganberroen” maitaleek martxoaren 2rako. Dantzatzen, kantatzen, imitazioak, eginaz, txisteak kontatuz, esketxak sortzen…. ganberroarena egiteko askotariko moduek izango dute tokia ikuskizunean, antolatzaileen nabarmendu dutenez Kabaret Antxo, guztiaren gainetik, “herri ganberrada bat” izan nahi duelako.
Bakarka edo taldean parte har daiteke, bi modutan: Esketx bat prestatuz eta martxoaren 2an zuzenean aurkeztuz, edota bideo txiki bat grabatuz eta antolatzaileei bidaliz, haiek ikuskizunaren egunean proiekta dezaten.
Herritar guztiei luzatu diete parte hartzeko gonbidapena, eta laguntza nahi dutenek eskatu eta “ganberroarena” elkarrekin egiteko prest agertu dira. Hori bai, parte hartu nahi dutenek otsailaren 4ra arteko epea dute proposamena bidaltzeko. Harremana posta elektroniko bidez egiteko eskatu dute antolatzaileek.