Lonja pareko plaza eraikitzeko lanak datozen asteetan esleituko dituztela iragarri du EAJk
Gaur bukatzen da proiektuak aurkezteko epea
Lonja pareko plaza eraikitzeko lanak aurki hasiko direla iragarri du Pasaiako EAJk. Jeltzaleek jakinarazi dutenez, gaur bukatzen da eskaintzak egiteko epea, eta Portu Agintaritzak esleipena datozen asteetan egingo duela gaineratu dute. Pasaiako EAJko iturriek aurreratu dutenez, hiru fasetan gauzatuko dira plaza eraikitzeko lanak, eta hiru faseak jarrian egingo dituztela iragarri dute.
EAJren bozeramaile eta alkategaiak eman du lanen berri. Hirigintza zinegotziaren ustez, “azken hilabeteotan inoiz baino ikusgarriagoak bilakatu dira legealdi honetan erakunde ezberdinetatik Pasaia biziberritzearen alde egindako ahaleginak”, nahiz eta bidean “oztopoak eta ezustekoak” sortu direla aitortu. Horregatik, “herritarren etsipena” ulertzen duela gaineratu du Oterminek, “baina lanean ari direla eta lanean jarraituko dutela agindu du”.
Lonjako lanak bi proiektu ezberdinetan banatuta daudela zehaztu du Oterminek; “barruko eta kanpoko lanak”, eta guztiak faseka egingo direla gaineratu du. “Kanpoko obrei dagokienean, plazari lotutako lanak, estaldurari dagozkionak eta Esnabide kaleko ertzarenak ditugu”, aurreratu du Oterminek, eta plazako lanak lehenetsi dituztela jakinarazi du. “Pausoz pauso ari gara Pasaia biziberritzen, askotan nahi baino mantsoago, baina aurrera eginez”, jarraitu du.
“2019 urte garrantzitsua izango da etorkizuneko proiektu askoren oinarriak ikusi ahal izango ditugulako” adierazi du EAJren alkategaiak, eta “oinarri horien proiektuak herritarren interesen defentsan landuko dituen alderdia erakunde ezberdinen gidaritzan egotea ere ezinbestekoa izango da”, gaineratu du. “EAJk beti egin du Pasaiaren biziberritzearen alde eta Pasaiako EAJren konpromisoa eta nirea herriarekiko eta herritarrekiko erabatekoak dira, Pasaia hobe bat eraikitzeko gai garela uste dudalako” amaitu du.