«Bizikidetzan eraikitako une bakoitza nirekin eramango dut»
Politikotik mintzatu da Mendoza, baina baita pertsonaletik ere. Alkatetzan emandako zortzi urteak bere bizitzan oso presente egongo direla dio.
Zertan aldatu da Julen Mendoza zortzi urte hauetan?
Gauza askotan. Hasteko bi seme ditut, duela zortzi urte ez nituenak, eta horrek asko aldatzen du. Alkate izateak ere asko aldatzen du. 32 urte nituen alkatetzara heldu nintzenean, eta 40 urterekin utziko dut. Balio handiko heldutasuna fase honetan garatzen da. Aitortu behar dut oso momentu gogorrak bizi ditudala, eta alkate izatea gogorra dela, baina satisfazio handiak dituela, herritarrekin espazioak konpartitzen dituzulako. Bereziki aldatu nauena, gizartearen pertzepzioa da. Seguru aski ohituta gaude marrak egiten, gizartea marren baitan eraikitzen… Gizartea ez da hori, askoz ere anitzagoa da eta alkate izateak aukera eman dit bestearen desioak entzuteko, pentsatzeko hori ere parte dela, kontuan hartu behar dela, gure herria oso anitza dela eta aniztasun hori ez dela aldarrikatu behar soilik, egunerokotasunean zure egin behar duzula, gure egin behar dugula. Aniztasun hori barneratzeak eragin du batez ere aldaketa.
Alkatetzan egoteak kendu ala eman egin dizu gehiago?
Eman. Momentu gogorrak pasata ere seguru nago hemendik urtebetera atzera begiratzen dudanean gogorrak ez direla agertuko eta denak izango direla onak.
Zortzi urte hauetan bi seme izan dituzu. Nola ezkontzen da familia alkatetzarekin?
Arazoa ez da denbora. Nik nire semeekin egoteko denbora hartzen dudala uste dut. Semeekiko harremana ez da denbora kontua, ezta bikotekidearekiko harremana ere, berak karga handia eraman behar izan duelako honetan guztian, zure egoteko modua baizik. Ni ez naiz egoten arratsaldeko zortzietan ixten duen dendari bat baino gutxiago nire semeekin, baina egia da, zaudenean, batzuetan zure buruan presio handia duzula eta dauden arazoekin pentsatzen ari zarela. Etengabeko ariketa egin behar duzu zure lanak familia bizitza baldintzatu ez dezan. Zorionez oso ulerkorra den familia eta bikotekide dut, eta batzuetan esaten didana, ‘aizu Julen jaitsi, hemen gaude, mahaian, afaltzen’. Uste dut nahiko ondo eraman dudala, momentu txarrak izan badira ere.
Erronkarik handiena zein izan duzu?
Egon dira erronka asko. Une honetan, ez da sekretua, segurtasunarekin dugu erronkarik handiena. Lanean ari ginen ikusten genuelako egoera hau irits zitekeela, joera orokorra delako. Bizikidetza ere, erronka handia izan da.
Deseroso sentiarazi zaituen uneren bat?
Okerren eraman dudana langileekin izandako eztabaidak dira. Orokorrean nahiko ondo moldatu garela uste dut. Ezkerreko mugimendu batetik zatozenean eta bat batean udala kudeatu behar duzunean, langileekin tentsioa izateak min ematen dizu. Langileengandik datorren kritikak eragiten du, ulertzen duzulako zurea dela.
Eraikiz zikloan kolore ezberdinetako pertsonak eseri ziren elkarren ondoan Niessen aretoan. Amestu zenuen inoiz halakorik?
Ez nuen imajinatu ezer, gertatu egin zen. Zikloak imajinatu ez genuen dimentsioa hartu zuen. Elkarrizketa foroekin hasi ginenean uste nuen sei hilabetean akordiotara helduko ginela, iragana eta etorkizuna markatuko genituela. Gerora konturatzen zara denbora asko behar duela eta horretan ari gara. Niretzako garrantzitsuena denbora honetan guztian eraikitako momentu bakoitza da; nirekin eramango ditut, bizikidetzan momentu oso bereziak izan ditugulako.
Baduzu zerbait lortu ez duzun sentsaziorik, arantzarik?
Ez dut arantzarik. Bai gustatuko litzaidake Lekuona bera lehenago eraikia egotea, eraikinetik harago, proiektu oso garrantzitsua delako. Garatzen ari gara.
Zer izan da alkatea izatea zuretzat. Zer suposatu du?
Nire bizitzan oso presente egongo diren, eta garrantzi handia izango duten zortzi urte.
Zer suposatuko du Julen Mendozaren alkate garaiak Errenteriarentzat, zein arrasto utziko duzu?
Hori herritarrek esan beharko dute. Uste dut zortzi urte hauetan herri honek egin duen gauzarik handiena, eta ez da nire meritua, kolektibitatearen eta kohesio sozialaren berregituratzea dela. Herria eraikitzeko oinarriak jarri ditugu, eta kolektiboa izan da, jendearen laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke.
Zertan ariko zara ekainetik aurrera?
Ez dut pentsatu ere egin. Kontzentratuta nago maiatzaren 26ko hauteskundeekin eta ekainaren 15arekin, alkatetza utziko dut orduan. Gauzak ondo egitea dut buruan orain, herrian gauzak ondo uztea bereziki datozenei egoera on bat uzteko.
Faltan sumatuko duzu noski, Kuadrillen Egunean Herriko plazan Agurra dantzatzea?
Haize pixka bat hartuko dut, dantzatzearen kontua delako gehien kostatu zaidana, ez bakarrik kuadrillen egunean, baita San Joan bezperan ere. Oso polita izan da. Kuadrillen egunean 1.500 lagunen aurrean dantzatzea eta maitasun hori jasotzea, sentitu eta jaso dudalako, izugarria da. Halako gauzek gerturatzen zaituzte jendearengana. Bereziki polita izan zen joan den urtean beraiek dantzatu zidatenean.