Lezoko kirol taldeek hortzak estutzeko asteburua dute
Lezoko kirol talde nagusiek euren ligen erdialdea gainditu dute. Orain iritsiko zaie sasoia definitzeko garaia, ahal bada, lasaitasunaren bidetik.
Eibar bigarrenaren zelaian jokatuko du gizonen Allerruk. Jada ligen erdialdeak gaindituta, Lezoko kirol taldeek hortzak estutzeko garaia dute. Esaten dute liga bidez antolatzen diren kirol jardueretan, urtarrila eta otsaila izaten direla sasoia guztiz markatuko duten hilabeteak. Bada, garai horretan gaude.
Gizonen Allerruren talde nagusiak (Erregional Ohorezko Mailakoa), adibidez, Eibar bigarrenaren zelaian jokatuko du igandean. Aurreko jardunaldian Anaitasuna liderrari gogor aurre egin ondoren, sailkapenaren zulotik ateratzeko ahaleginean ederra litzateke Unbe zelaitik punturen bat ateratzea. Zaila da, ordea. Allerruko neskek atseden dute.
Munttarperen gizonen taldeak, berriz, Soraluze-Bergara taldearen kantxan jokatuko du bihar eguerdian. Lider sendo dira lezoarrak Gipuzkoako Lehen Mailan, eta erdialdean daude etxean jokatuko dutenak. Hortaz, garaipena lortzeko, beraz, lidergoan aurrera egiteko beste aukera bat dute lezoarrak. Emakumeen taldeak Legazpi jasoko du bihar Emakumeen Gipuzkoako Ligan; 0 punturekin azkenak dira bisitariak, beraz, puntuak etxean geratzeko aukera asko daude. Gogoratu behar da bihar (larunbata), 19:00etan eta Bekoerrota kiroldegian Pruden Goia eskubaloi jokalari historiko lezoarra omentzeko goi mailako partida jokatuko dutela Bidasoak eta BM Logroñok.
Presio ederra, polita du bizkar gainean gizonen areto futboleko Gipuzkoako Lehen Mailan ari den Jaixki AFTk. Lider dira, igoeraren bila doaz, baina bihar bosgarren den Anoetaren kantxan sailkapenak dioena berretsi beharko dute, serio, asko lan eginez. Gaintxu AFT beheko postuetatik ihes egin nahian dabil, ordea. Gaur, denak Bekoerrota kiroldegian taldea animatzera, 21:50an jokatuko baitu azken aurreko den Eskoriatzaren kontra. Hiru puntu oso garrantzitsu daude jokoan.
Saskibaloian, Oarsoaldeko derbia. Gizonen Gipuzkoako Hirugarren Mailan, Oiartzungo Saskilagunak B jasoko du gaur ere Kurkubik Bekoerrotan. Ezinbestekoa da garaipena borrokatzea.
Hemen, xehetasunez, Lezoko talde nagusien kartelera:
FUTBOLA
Gizonen Erregional Ohorezko Maila
- Eibar-Allerru, bihar (larunbata) 17:30ean Unbe zelaian.
Emakumeen Gorengo Maila
- Atseden du Allerruk
Gizonen Gazteen Ohorezko Maila
- Allerru-Dunboa Eguzki, bihar (larunbata) 11:30ean Plazetan.
Gizonen Gazteen Lehen Maila, Kopa
- Martutene B-Allerru, bihar (larunbata) 15:30ean Martuteneko zelaian.
ESKUBALOIA
Gizonen Gipuzkoako Lehen Maila
- Soraluze Bergara-Munttarpe, bihar (larunbata) 13:00etan Bergarako Labegaraieta kiroldegian.
Emakumeen Gipuzkoako Liga
- Munttarpe-Legazpi, bihar (larunbata) 16:00etan Bekoerrotan.
ARETO FUTBOLA
Gizonen Gipuzkoako Lehen Maila
- Anoeta-Jaixki AFT, bihar (larunbata) 16:00etan Anoetako Abraham Olano kiroldegian.
- Gaintxu AFT-Eskoriatza, gaur (ostirala) 21:50an Bekoerrotan.
SASKIBALOIA
Gizonen Gipuzkoako Hirugarren Maila
- Kurkubi SBK-Oiartzungo Saskilagunak B, gaur (ostirala) 20:00etan Bekoerrotan.
