1.077 luminaria berri, kontsumoa murriztu eta segurtasuna areagotzeko
Gaur egun dauden argiak Led teknologia duten berriekin ordezkatuko dituzte, baita argiztapena kontrolatzeko sistema adimentsua jarri ere.
1.077 luminaria berri jarriko ditu udalak datozen bost hilabeteetan Iztieta-Ondartxon, Txirrita-Maleo industrialdean, Galtzarabordan eta Alabergan. Helburu nagusia, argiteria publikoan energia elektrikoaren kontsumoa murriztea, baina baita herriko segurtasuna indartzea ere. Dagoeneko hasi dira lanean. Gaur egun dauden argiak Led teknologia duten berriekin ordezkatuko dituzte, baita argiztapena kontrolatzeko sistema adimentsua jarri ere: “Oinarri sendoak finkatuko dira pixkanaka udalerri adimentsua eraikitzeko. Argien bidez beste sistema batzuk jarrai ahal izango dira, kartel informatiboak, IP ahotsa, wifia, eta ingurumen parametroak neurtzeko sentsoreak, besteak beste”.
Leycolan SAL enpresa arduratuko da horniduraz, eta udalak 518.484,14 euro inbertituko ditu guztira. Lanak datozen bost hilabeteetan egingo dituzte.
2015-2017 urteen artean 1.010 luminaria berri
2015-2017 epean 1.010 luminaria ordezkatu zituen udalak Errenteriako Hirigune Historikoan, Beraunen, Alaberga Goikoan, Kaputxinoetan eta Agustinetan argiteria publikoan argiztapena hobetzeko eta energia kontsumoa murrizteko. 2015 eta 2019 urteen artean, beraz, Errenteriako argiteria publikoaren %41a gutxi gora behera Led teknologiakoa izango da udalak esan duenez, “2.087 luminaria guztira”.
Errenteriako Energia Iraunkorrerako Ekintza Plana (EIEP) gauzatzeko bidean urratsa handia egingo duela esan du udalak jarduketa hauekin.