Indoor triatloia egingo dute larunbatean Fanderian
Parte hartzaileek 500 metroko igeriketa proba egin beharko dute, 8 kilometro bizikleta estatikoan, eta 3,25 kilometroko lasterketa Fanderiako bidegorrian atonduko duten zirkuituan.
Errenteriako Indoor Triatloiaren ekinaldi berri bat egingo dute larunbatean (hilak 2), Fanderiako igerilekuetan Errenteriako Udalak antolatuta. Parte hartzaileek 500 metroko igeriketa proba egin beharko dute, 8 kilometro bizikleta estatikoan, eta 3,25 kilometroko lasterketa Fanderiako bidegorrian atonduko duten zirkuituan. Parte hartzaile bakoitzaren denbora guztia kalkulatzeko garaian hiru proben artean egindako trantsizio denborak ere kontuan hartuko dituzte.
Gizonen modalitatea, emakumeena, taldeena (gizon, emakume eta mistoak) eta familian hartu daiteke parte.
Izena emateko epea zabalik dago, eta parte hartu ahal izateko Fanderiako kiroldegiko harrerara edo Galtzarabordako kiroldegiko harrerara jo dezakete interesdunek. Kuota 6 eurokoa da, eta ekipo modalitatean parte hartzen dutenek, berriz, 12 euro ordaindu beharko dituzte. Triatloia 15:30ean hasiko da.