Kabaretaren erritmoan dantzatuko dira igandean Donibanen
Antzerkizaletasuna bultzatzeko foro pasaitarrak programatu dituen hurrengo hiru antzezlanen berri eman du
Zurriola Antzerki Eskolako gazte taldeak Miren Maiteder Kabareta aurkeztuko du igandean Donibaneko Juanba Berasategi aretoan.
Antzezlanak izarra bilakatu nahi duen neskato baten istorioa biltzen du, umorez eta ironiaz zipriztindutako antzerki musikal baten bidez aurkeztuta.
19:00etan hasiko da emanaldia, eta sarrerak, 3 euroan, aurrez eros daitezke Juanba Berasategi aretoan bertan ordubete lehenagotik, edota Internetez.
Datozen emanaldiak
Pasaiako Antzerkizaletasuna Bultzateko Foroak antolatu du igandeko emanaldia, udalaren laguntzaz. Foro berberak programatu dituzten hurrengo antzezlanen berri aurreratu du.
Otsailaren 24an, San Pedroko udal aretoan, Tomiris, mendeku zilegi baten istorioa programatu dute. Indarkeria matxista ardatz duen antzezlan bat da, “mendeku zilegiari buruzko bakarrizketa, errealitatea eta fikzioa uztartzen dituen istorioa”. Sarrerak, 5 euroan, Internetez eros daitezke aurrez, edota udal aretoan bertan antzezlana hasi baino ordubete lehenagotik.
Martxorako, azkenik, Dejabu Panpin Laborategiaren Linbo planeta aurreikusi dute. Martxoaren 17an izango da, igandea, 18:00etan, Donibaneko kulturgunean. Sarrerak, 3 euroan, salgai daude jada Interneten.