Maialen Arzallus eta Julio Soto ariko dira Trintxerpen koplaka
Pasaiako Udal Euskaltegiak antolatuta, santa eskean irtengo dira astelehenean euskara ikasle, irakasle eta herritarrak.
Santa Ageda Egunaren bueltan kultur astea antolatzen du urtero Pasaiako Udal Euskaltegiak, eta kultur astearen egunik garrantzitsuenetakoa, nola ez, Santa Ageda bezpera izaten da.Kalera irteten dira urtero euskaltegiko irakasle eta ikasleek, herritarrekin batera, neguaren solstizioa bukatzear dela ospatu, eta lurra makilekin kolpatuz, lurra esnatu eta udaberriari ongi etorria emateko.
Egiteko horretan, gainera, puntako gonbidatuak izaten ditu urtero Udal Euskaltegiak, eta hala izango da aurtengoan ere bai. Astelehenean (otsailak 4) Maialen Arzallu eta Julio Soto bertsolariak lagunduta irtengo dira. 19:00etarako jarri dute zita, Gudarien Enparantzan.