Berritasunak iragarri dituzte Trintxerpeko inauterietan
Konpartsak larunbata eta igandean dantzatuko dira, konpartsen kopurua orekatua bermatuz bi egunetan
Kezka ez da berria, eta Trintxerpeko jai batzordea erabakiak hartzen hasia da. Arrakasta handia du Trintxerpeko inauterietako larunbateko konpartsen desfileak eta herria txikia geratzen hasia da.
21 konpartsa bildu ziren iaz Trintxerpeko inauterietako larunbateko konpartsen desfilean, eta denei nahikoa tokia egin nahian ibilbidea luzatzea erabaki zuten. Luzapenak, baina, segurtasun arazoak eragin zituen, eta afekzio larriak trafikoan.
Hori dela eta, aurten, gaiari beste buelta bat eman, eta kontuaz hausnarketa sakona egin ondoren, jai batzordeak araudia berritu eta konpartsen desfilea bitan zatitzea erabaki du. Honenbestez bi egunetan izango da desfilea, larunbatean eta igandean, eta bi desfiletan konpartsa kopuru antzekoa egotea bermatuko dute, beti ere, herriko konpartsentzako bi egunetan tokia bermatuz.
Jai batzordeak jakinarazi duenez, neurri honekin laburtu nahi duten konpartsek irten aurretik izan ohi duten itxaron denbora, eta bide batez desfilearen hasiera eta bukaera ordua mugatu.
Era berean, “parte hartzaileen gozamenerako erosoago eta polikiago desfilatu ahal izatea” lortu nahi dute, eta azkenik, San Pedro eta Trintxerpe bizi direnentzat desfileak trafikoan izan ohi duen eragina mugatu.
Izen-emate epea zabalik
Jai batzordea konpartsekin bildu da jada, erabakien berri emateko, eta iragarri duenez, izen-emate epea zabaldu du, parte hartu nahi duten konpartsek izena eman dezaten. Interesdunek posta elektronikoz jarri behar dira antolakuntzarekin harremanetan. “Aldaketa positiboa izatea eta jendeak Trintxerpez eta bere inauteriez gozatzen jarrai dezan espero dugu”, adierazi dute, eta hainbat konpartsek beren parte hartzea jada baieztatu dutela aurreratu dute.