Errenteria Ahal Dugu-k batzarrera deitu du igandean
Ahal Duguk hautagai zerrenda aurkeztuko du batzar horretan. Zerrenda hori ez da behin betikoa izango.
Egiten ari den primaria prozesuaren barruan batzarra egingo du igandean Errenteria Ahal Duguk. Errenterian izena emana duten guztiak deitu ditu parte hartzera, izan ere, herri batzar horretan eztabaidatu eta bozkatuko da Ahal Duguk maiatzeko udal hauteskundeetara aurkeztuko duen hautagai zerrenda. Nabrmendu dute zerrenda hori ez dela behin betikoa izango, “Errenteria Ahal Duguren apustua beste indar politikoekin eta Errenteriako elkarteetan ari diren norbanakoekin koalizioa osatzea da”. Koalizio hori izango da behin betiko hautagai zerrenda osatuko duena.
Kandidatura bakarra aurkezteko “kontsentsu ariketa” egin dutela zehaztu du Ahal Duguk. Igandeko herri batzarra ezberdinen arteko topaketa eremu berria sortzeko beste urrats bat dela esan du Ahal Duguk, “Errenteria indartzen jarraitzeko helburuak proposatuko dituena. Errenteria eraldatzen jarraitzea da apustua aukera munizipalista batetik; eraldaketa hori denboran finkatzea eta ez dadila behin behinekoa edota koiunturala izan” .