Lurra esnatuko dute koplaka
Aurten Iñigo Legorburu omenduko dute Santa Ageda koplen barruan, Xenpelar bertso Eskolak, Lau Haizetara Euskaltzaleon Topaguneak, Xenpelar AEK eta Ereintzak.
Santa Ageda egunaren bezperan santa eskean irtengo dira Xenpelar Bertso Eskola, Lau Haizetara Euskaltzaleon Topagunea eta Xenpelar AEK Euskaltegia. Astelehenean izango da hori, eta makilak eta eztarriak prest dituzte. Lurra esnatuko dute, edo saiatu behintzat, tradizioak agintzen duen moduan, egunak luzatzen hasi direla ospatu eta udaberriaren etorrera eskatzeko makilak astindu eta koplak abestuko dituzte. Azken entsegua egiteko 18:00etan bilduko dira igandean bertan Arkaitza tabernan, eta bertatik abiatuko dira 18:10ean, eta Xenpelarren omenezko eskulturan egingo dute lehen geldialdia Foru plazan, Ereintzako koplariekin elkartu eta bertso eskolako kide den Iñigo Legorburu omentzeko. 19:00ak aldera izango da hori.
Bertatik Landare, Gailur, Sindikato, Manuel eta Aralar tabernetara joango dira. Udaletxeko arkupeetan egingo dute azken saioa, Ereintzako koplariekin batera, 21:00etan.