Gizon bat atxilotu dute hogei autotan lapurtzea leporatuta
Ustezko lapurraren jantzi artean kristal zatiak aurkitu zituzten, eta eskuetan zauri eta urratuak zituen atxiloketaren unean.
Hogei autotan lapurreta egitea leporatu diote atxilotuari. Gizon bat atxilotu zuen Ertzaintzak astelehen goizaldean hogei autotan lapurreta egitea egotzita. Bizilagun batek deitu zuen Ertzaintza Errenteriako Erdialdean, lagun bat aparkatuta zeuden hainbat autoren leihoak txikitzen ari zela esateko. Ertzaintzaren patruila bat bertaratu eta lapurreten ustezko egilea kutxazain automatiko batean sartzen ari zela atzeman zuen. Ustezko lapurraren jantzi artean kristal zatiak aurkitu zituzten, eta eskuetan zauri eta urratuak zituen atxiloketaren unean.
Ertzaintzaren beste patruila batek inguruan aparkatuta zeuden autoak ikuskatu eta haietako hogeik aurreko kristala apurtuta zutela eta indarrez irekita zeudela jabetu ziren. Lapurreten ustezko egileari GPS bat, bi eskuko telefono, bateria eramangarria eta aurikularrak atzeman dizkiote soinean. Atxilotu egin dute lapurreta egotzita eta osasun zentro batean artatu ondoren, komisariara eraman dute beharrezko diligentziak egiteko. Datozen orduetan eramango dute epailearen aurrera.
