Arautu, eztanda egin ez dezan
Lege berrirako bidean, aurreakordio bat lortu dute aste honetan taxilarien eta ibilgailu gidaridunen elkarteek; orain arte aparteko liskarrik ez dute izan taxiek eta IGek Oarso Bidasoan.
Ibilgailu gidaridunentzako araudi berriaren oinarriak adostu dituzte aste honetan Eusko Jaurlaritzak, EAEko taxi gidarien elkarteak eta Ibilgailu Gidaridunen (IG) elkarteak. Lehengo astelehenean egin zuten bilera, Gasteizen, eta bi aldeen arteko aurreakordioa erdietsita, taxien mahai sektorialak adostutakoa berrestea falta da orain, jarraian, Eusko Jaurlaritza lege berriaren testu artikulatua idazten has dadin, bi aldeek adostutakoak aintzat hartuz.
Espainiako Gobernuak joan den irailean dekretu bat onartu zuen IGen sektorea arautzeko, eta dekretu horren bidez, udalen eta erkidegoen esku utzi zuen IGen lizentziak emateko eta baldintzak ezartzeko eskumena. Ordutik, EAEn negoziazioetan aritu da Eusko Jaurlaritza bi aldeekin, aste honetako aurreakordioa erdietsi arte.
Gasteizen adostutako akordioak lau puntu nagusi dauzka, ziurrenik bi esanguratsuenak IG zerbitzuen kontratazioari dagozkionak. Akordioaren arabera, IG zerbitzua aurrez kontratatu beharko da, gutxienez ordubete lehenago.
Beraz, akordioarekin taxilarien aspaldiko aldarri bati erantzuna eman diote, IG lizentziadun autoak ezingo direlako kaleetan hara eta hona ibili bezero bila. Akordioak, hala ere, salbuespen batzuk aurreikusi ditu, besteak beste, larrialdietan, istripu mutualitateen kasuan, edota errepideko laguntza kasuetan.
Lizentzien inguruko hainbat zertzelada ere aurreratu dituzte, bi lizentzien arteko aldeak bereiziz: IGen kasuan lizentzia jasotzen duena autoa da, ez gidaria; aldiz, taxi gidariek beraiek jasotzen dute lizentzia, pertsona fisikoek.
Azkenik, araudi berriaren arabera, IGek lizentzia eman dien autonomia erkidegoan ibili beharko dute normalean, eta, handik kanpo joanez gero, argi eta garbi adierazi beharko dute aurreko panelean beren ohiko lan eremutik kanpo dabiltzala. Horiexek aurreakordioaren ardatz nagusiak.
Bi aldeak baikor
Akordioa lortu baino ordu batzuk lehenago, astelehen goizean, baikor mintzo zen ibilgailu gidaridunen Suital enpresako koordinatzaile Jon Izagirre: «Nik uste dut adostuko dugula, Eusko Jaurlaritzaren bitartekaritzarekin aurrera egingo dugula. Baikor naiz, batez ere, beste erremediorik ez dagoelako. Gutxi gorabehera ezagutzen gara denak eta badakigu zer egiten dugun».
Taxilarien eta IGen arteko elkarbizitzaren gainean nahiko ona dela uste du Izagirrek: «Guk, azkenean, ia 30 urte daramazkigu lanean. Ezagutzen gaituzte eta gurekin ez da arazo handirik egon».
Puntualak izan dira orain arte arazoak. Izagirrek bereziki gogoan ditu taxilariek Bilbon greba egin zutenekoa, aireportu inguruan. «Izan genituen arazo txiki batzuk gutxi batzuekin, egia esan, baina gauza oso puntualak izan ziren».
Aurrekariak
Suitaleko koordinatzaileak gogorarazi duenez, Gipuzkoan Uber eta Cabify multinazionalek eskatutako lizentzia eskaera batzuk gelditu zituzten epaitegiek, eta hori izan da, Izagirreren ustez, orain arteko prozesuan garrantzitsuena. «Gauzak gaizki eginda zeudelako, bestela ia-ia sartzeko zeuden».
Bi aldeen aldarriei erreparatuta. Izagirrek honako iritzia du: «Beraiek, taxilariek, gure lizentzietarako baldintza batzuk eskatzen dituzte, eta esaten dute beraiek aurrez nahiko baldintzatuta daudela eta ez dituztela baldintza gehiago onartuko». Baina IGek ere badute erantzuna: «Guk esaten duguna da, taxilariek ere egin behar ez dituzten gauzak egiten dituztela».
Ildo horretan, bolo-bolo dabilen kontua da lizentzien salerosketarekin espekulazioarena. Legedi berriak lizentzien erosketak arautze aldera berritasunik ekarriko ote duen galdetuta, Suitaleko koordinatzailea argi mintzo da: «Iruditzen zait taxilariek ez dutela hori ukitu nahi. Beraiek eskatzen ari direna da funtzionamenduari begirakoa: guk zer egin dezakegun eta zer ez, eta nola egin behar dugun».
«Guk diogu taxilariek ere egin behar ez dituzten gauzak egiten dituztela»
Jon Izagirre
Suitaleko koordinatzailea
«Aireportuko gure plazak beraiek erabiltzen dituzte, taxiak bailiran»
Aitor Herrero
Radio Taxi Bidasoko presidentea
Bestela, EAEko araudi berriak ezartzen dituen portzentaiak ezagutzeke, Espainiako Estatuan legeak dio 30 taxiko IG bat egon daitekeela. Madrilen, esaterako, aspalditik dute gainditua batez besteko hori, eta iaz sei taxiko IG bat zegoen han. Hemen, aldiz, legeak ezarritako kopuru hori «oso gutxigatik» ez dela betetzen adierazi du Izagirrek.
Aireportuak, gatazka gune
Taxi eta IGen arteko gune gatazkatsu bat baldin bada, hori aireportua da. Aitor Herrero Radio Taxi Bidasoako presidentea da, eta Hondarribian izan dituzten arazoen berri eman du: «Hemen, aireportuan, ikusi izan ditugu IGak etortzen Donostiatik jendez beteta aireportura, eta bezeroak bertan utzi ondoren, zain geratu hegazkinetan iristen ziren bidaiariak hartzeko».
Herrerok azaldu duenez, erabiltzaileek «Suital eta Vallinako aplikazioen bidez kontratatzen dute zerbitzua, eta IGak aireportuan bertan geratzen dira bezeroaren zain, beren basera itzuli gabe».
Aurrerantzean, baina, aplikazioen erabilera mugatuko dute. IGen kasuan, lokalizaziorako aplikazioak enpresentzat soilik ezingo dira ikusgarri, baina bezeroek ezingo dute aplikazio bidez jakin IGa non dagoen. Edonola ere, Aitor Herrerok onartu du hemen ez dagoela Madrilen edo Bartzelonan egon daitekeen arazoa, «IGak han ia taxien antzera ibiltzen direlako, bost minutuko baino gutxiagoko aurrerapenarekin zerbitzuak kontratatzen».
Hondarribiko aireportuan sei IG aritu ohi dira lanean, beti berdinak, eta oro har harremana ona den arren, aparkaleku plazengatik izan dituzte inoiz arazoak. «Aireportuetan taxientzako aparkalekuak daude, eta beraiek erabiltzen dituzte plazak, taxiak bailiran. Horrekin arazoa dugu, poliziari salatuta ere, kasurik ez dutelako egiten. Askotan, hegaldiak pilatu izan direnean, gu leku gabe geratu izan gara beraiek hartzen dituztelako gure aparkaleku plazak», kexu da. «IGa ez da zerbitzu publiko ofizial bat, eta geraleku horiek ez dira haientzat, baina aireportuko aparkalekura sartzeagatik kobratzen duten dirua aurrezteagatik, gure plazetan aparkatzen dute, eta gainera, zer edo zer esatekotan, batzuetan aurre egiten digute».
Edonola ere, akordioa ona dela iritzi dio Herrerok, baina, uzkur: «Ez dugu karta berdinekin jokatzen. Gure arauak administrazioak ezartzen ditu, eta tarifa zehatz batzuk ditugu. Beldur naiz, askotan politikoek interes ekonomikoen mesedetan ateak zabaltzen dizkietelako multinazionalei, gainontzeko guztien kaltetan». Uber eta Cabify bezalako enpresez ari da Herrero, Madrilen eta Bartzelonan gertatu denari erreparatuta: «Madrilen eta Bartzelonan hori pasatu da. Ateak ireki dituzte legeak agintzen duena kontuan hartu gabe, eta taxia itotzen ari dira».
«Trabarik ez sortzea espero dugu, interes-gatazka handiak daudelako»
«Autokritikoak izan behar dugu eta zerbitzua nola hobetu pentsatu»
Emilio Fernandez Fidalgo
AGITAXeko presidentea
Zentzu horretan, merkatuaren erabateko liberalizazioa denon kaltetan izango dela defendatu du Radio Taxi Bidasoako presidenteak: «Tarifak nahi bezala aldatzen dituzte, eskariaren arabera, eta azkenean, erabiltzaileen kalterako ez ezik, haien langileentzako kaltegarria ere bada» . Horregatik funtsekoa iruditzen zaio IGen kopurua mugatzea. «Orain arte ez dira lizentzia gehiago eman eta hori errespetatzen ari da», kontatu du, eta datu gehiago ere erraztu ditu: «Nik dakidanez, hemen dabiltzanak [Suital eta Vallinarengatik] ez dute kolaboratu nahi izan multinazionalak sartzen saiatu direnean, badakitelako zer dagoen, eta beraiek urtetan elkarbizi direlako taxiarekin bat ere arazorik gabe».
Zerbitzua hobetu beharra
Emilio Fernandez Fidalgo AGITAX Gipuzkoako Taxilarien Elkarteko presidentea da, eta negoziazio mahaian parte hartu du. Aste honetan erdietsitako akordioaz galdetuta, gogorarazi du taxia aurrez araututa zegoela. «Hemen beti egon dira IGak, eta ez genuen inolako arazorik, baina kontua zen IGak arautu gabe zeudela», azaldu du. «Estatuan gertatzen ari zena ikusita, eta etor zitekeenaren beldur, beharrezko ikusten genuen IGak arautzea, batez ere argitzeko zein zerbitzu mota egin behar zituzten IGek», gaineratu du.
«Hau guztia aurreakordio bat da», ohartarazi du Gipuzkoako taxilarien buruak, «gerora zehaztu eta onartu beharko dena». Hala ere, baikorra da: «Trabarik ez sortzea espero dugu. Interes-gatazka handiak daude, IGen aldetik baino, Uber eta Calify bezalako multinazional handien eskutik. Sektorea liberalizatu nahi dute, ez dute araudirik nahi. Eta horiei sarrera ematekotan, orduan bai kaltetuak sentituko ginatekeela, guk, taxilariak, arautegi baten menpe gaudelako, baita prezioetan ere». Hala ere, EAEn Uber eta Cabify bezalakoen lan egiteko erak gaur-gaurkoz tokirik ez duela iritzi dio, eta hortik baikortasuna.
Lizentzien transferentziaz
Lizentzien salerosketan espekulazioa eteteko neurriez galdetuta, berriz, AGITAXen buruak dio Gipuzkoan ez dagoela halakorik: «Lizentzien transmisioen prezioak eskari eta eskaintzaren araberakoak dira». Azaldu duenez, Gipuzkoan, gaur egun 2.300 taxilari profesional daude, eta gehien-gehienak lizentzia erosi eta erretiroa bitartean lanean aritzen direla nabarmendu du: «Erretiroa hartzean saltzen dute, eta taxilarientzat transmisio hori bere pentsio planaren modukoa da, bere erretiroa».
Azken gatazkak, gainera, lizentzien prezioaren kalterako izan direla ohartarazi du: «Oso zaila da orain lizentziak transmititzea, eta prezioek behera jo dute. Bilbon, esaterako, %50ean jaitsi dira prezioak».
Taxilarien elkarteek «lan ona» egin dutela defendatu du Emilio Fernandez Fidalgok, «aurrea hartuz eta beste hainbat tokitan sortu diren arazoak saihestuz». Lan txukun hori 2000. urteko EAEko Taxien Legearekin hasi zela defendatu du AGITAXen buruak, eta aurrerantzean ere taxilariek zerbitzua hobetzen jarraitu behar dutela defendatu du: «Ez dugu konformatu behar. Autokritikoak izan behar dugu eta zerbitzua nola hobetu pentsatu. Hobetzen ari gara: komunikazioak, aurrerapen teknologietan… Baina oraindik ere hobetzeko tarte handia dugu eta horretan jarri behar dugu indarra».
145
Taxi lizentzia Oarso Bidasoan. Irunek 58 ditu; Errenteriak 31; Pasaiak 31; Hondarribiak hamahiru; zazpi Oiartzunek; eta bost Lezok.
IGak. Pasaian hiru daude, eta bat Oiartzunen. Gainontzeko udaletan ez dute datu zehatzik (aldundiak kudeatzen ditu IGen lizentzia eskaerak), baina Radio Taxi Bidasoko iturrien arabera, Donostialdean hamabost inguru aritzen dira lanean.