Baloi eta jauzien korapiloa
Futbola eta arte eszenikoak korapilatu ditu Kukai Dantzak Korner Festibalerako sortu duen ‘Kirol Legez/Fair Play’ ikuskizunean. Bihar eta etzi egingo ditu emanaldiak Donostiako Tabakaleran.
Futbola eta dantza eskutik heldu dira Kukai Dantzaren azken ikuskizunean. Kirol Legez/Fair Play bihar estreinatuko dute Tabakaleraren patioan, Real Sociedad Fundazioak eta Donostia Kulturak antolatutako Korner Festibalaren barruan. Kukai Dantzaren azken lana Niessen eta Zubieta «faktorien» emaitza dela dio Jon Maya konpainiaren zuzendari eta koreografoak. Bizipen polita izan dela aitortu du, eta sorkuntza lana azkar joan dela: «Lau astean osatu dugu». Urtarrilaren 7an hasi ziren lanean, eta gaur egingo dute entsegu orokorra, bihar eta etzi helduko diren emanaldien aurretik. Bi emanaldi egingo dituzte egun bakoitzeko: bihar 18:00etan eta 20:00etan; etzi 17:00etan eta 19:00etan. Sarrerak 8 euroan daude salgai.
Bata bestetik aldenduta dauden bi mundu badirudite ere, ez omen da horrela, zerikusi handia dutela dantzak eta futbolak konbentzituta dago errenteriarra: «Futbolaren eta dantzaren abiapuntu dira bi oinarri: bata zein bestea mugimendutik abiatzen dira; dantza bakarrik ere egin daiteke, baina nik talde lan gisa ulertzen dut, eta taldekideen arteko konplizitate, elkartasun eta aniztasunik gabe ez dago aurrera ateratzerik». Harago jo du dantzariak, «ziurrenik dantza talde baten edo futbol talde baten aldagelan gertatzen diren bizipenak antzekoak dira».
Realak eta Kukai Dantzak, zehazki, hainbat balio partekatzen dituztela dio: «Harrobiaren garrantzia, hemengo gazteekin lan egitea, talde lana eta elkartasuna taldekideen artean». Korner jaialdian parte hartzeko aukera jaialdia bera hasi aurretik heldu zela azaldu du, «Andoni Iraola Real Sociedad Fundazioaren zuzendaria eta ni aspaldi hasi ginen halako gaiez hitz egiten, klixe errazak apurtzeko. Horien arabera ezinezkoa da dantzari bati futbola gustatzea; edota futbolzale bat astoa da eta ez zaizkio arte eszenikoak gustatzen. Eremu komun bat dago tartean, eta errealitatea da futbolzaleak dantza ikus dezakeela, eta arte eszenikoen ikuslea futbol partida batean gustura senti daitekeela. Prozesua gertatzea izan da lan honetan garrantzitsuena, bakoitzak bere mundua bestearengana erakartzea».
Balioak nabarmendu
Sorkuntza prozesuan Realeko jokalariekin harremanetan izan dira dantzariak, azaldu nahi zutena ikuskizunaren bidez adierazteko, eta jokalarien sentsazioak jasotzeko. Urratsak aukeratzeko garaian ez omen dute zailtasunik izan, «futbolzaleak gara ikuskizunean parte hartuko dugun dantzari ia denak, eta txikitan jokatu gara. Barneratuta ditugu urratsak, eta ez zaigu bereziki zaila egin».
Urrats horiek estilizatu egin dituzte ikuskizunean, kamera geldoa eta abiadura aldaketak uztartu emaitza bikaina lortzeko. Eta entseguetan ikusitakoaren arabera, emaitza bikain hori lortu du Kukai Dantzak berriz ere.
35 minutuko ikuskizuna da, «motza, bizia, arina eta familiartekoa, edonork ikusteko modukoa. Alaia». Galtzaile, irabazle eta golik gabeko ikuskizuna da Kirol Legez/Fair Play , «arreta gehien futbol partida batean izan daitezkeen bizipenei, eta batez ere talde lanari jarri diogu. Mezu positibo hori igorriko dugu, taldearen baturatik, elkarlana , elkartasun hori nabarmendu nahi dugu eta ez galdu-irabazi polemika».
Tabakalerako patioa futbol zelai bihurtuko dute, eta lau harmailetatik ikusiko dute bertaratzen direnek Kukai Dantzaren lana. Sei dantzari arituko dira, eta bi musikari: «Ni tartean, baina batez ere beste bostek egingo dute dantza, ni entrenatzaile lanetan arituko naiz. Iñaki Telleria perkusionista eta Zigor DZ DJak jarriko dute musika».
Ikuskizun honetan izan duten beste kolaborazioa nabarmendu du Mayak, Iraia Oiartzabal goi mailako jantzigintza diseinatzaile pasaitarrarena. Aurretik ere aritu dira elkarlanean eta 2017an, Max Saria irabazi zuen Kukai Dantzaren Oskara lanarentzat sortutako jantziengatik. «Sofistikazio puntu bat zuten jantziak sortzeko eskatu diogu ikuskizunerako, baina lehengai Realaren uniformeak izan behar zuten. Erronka bat izan da. Uste dut gauza politak atera direla; emaitzarekin oso gustura nago».
Korner jaialdian parte hartzea prozesu polita izan dela zalantzarik ez du Mayak, «parte hartuko dugun gehientsuenak futbolzaleak gara, eta bizipen honekin, nolabait, esperientzia bitalaren zirkulua itxiko dugu. Beti egin izan dugu dantza, mundu horretako profesionalak gara, baina gure artean askotan dugu hizketarako gaia futbola, txikitan jokatutakoak gara… Zure afizioa dena zure lan mundura ekarri eta zuretzat garrantzitsuak diren edo izan diren bi mundu bateratzea polita da, baita prozesuaren bizipena ere. Aberasgarria izaten ari da».
Realaren jantziak soinean denak gustura izango diren galdetuta, ez du zalantzarik dantzariak, «batzuk oso-oso gustura izango gara, eta futbolzaleak ez direnak, gustura».
Errenteria marka zabaldu
Asteburu honetan Kirol Legez/Fair Play-rekin buru-belarri arituko dira Kukai Dantzakoak, baina hura amaituta emanaldiz jositako urteari erantzuten jarraitu beharko diote: «Aurten Oskara eta Erritu-ren bira oso garrantzitsuak ditugu. Oskara-rekin laugarren denboraldia hasiko dugu, eta Espainiako Estatuan arituko gara, baita Moskuko Bolxoi antzokiak antolatutako jaialdi garrantzitsu batean ere». Erritu Euskal Herriko hainbat antzokira eramango dute, eta Espainiako Estatuko beste hainbatetan estreinatu, «urtea beteta dugu bi ikuskizun horiekin, eta horrez gain, Mondragon Unibertsitatearekin elkarlanean proiektu bat sortuko dugu udara ostean».
Horietan guztietan Errenteria marka eramango du berekin Kukai Dantzak, eta handi egin. Bizitza soziala eta profesionala Errenteria-Oreretan du konpainiak, eta Errenteriako Udalarekin duten hitzarmenari erreferentzia egin dio Mayak, «gure jarduera babesten du eta hori oso garrantzitsua da; guk, era berean, herritarrekin sentsibilizazio proiektu bat garatzen dugu». Horrek guztiak herriarekin lotzen dituela dio, «errotuta gaude».
Hala da, zalantzarik gabe, eta inoiz baino argiago ikusi zen errotze hori 2017ko Max Sariak irabazi ostean. Herriak bere egin zuen sari hori, hala sentitu eta hala erakutsi zuen, «maitasun erakustaldi izugarria egin ziguten herritarrek. Jendeak gertutasun hori sentitzea eta bere egitea oso polita da, zoragarria».
«Artistikoki ateak zabaldu eta errutinatik atera nau»
Iraia Oiartzabal, diseinatzailea
Kukai Dantzaren azken ikuskizunerako jantzigintza sortu du Iraia Oiartzabal goi mailako diseinatzaileak. Tailerra hankaz gora jarri badio ere, prozesuarekin zein emaitzarekin gozatu duela dio.
Kukai Dantzaren Kirol Legez/ Fair Play ikuskizunerako jantziak zuk diseinatu dituzu. Zer suposatu du zuretzat?
Nire tailerra hankaz gora izatea [barrezka]. Nik ezkontza soinekoak egiten ditut, eta data hauetan ezkongaiekin lehen hitzorduak izaten dira, lehen probak, eta oraintxe bertan tailer osoa Realeko arropaz beteta dut goitik behera. Etengabean azalpenak ematen ari naiz datozenei.
Nire errutinatik ateratzen nau honek; artistikoki eta kreatiboki ateak zabaltzen dizkit. Finean, ez da berdina diseinatzea janzteko erabilera izango duen jantzi bat, edo dantzarako erabiliko dena. Faktore asko hartu behar dira kontuan jantzia biribiltzeko; estetikoki funtzionatzen duen zerbait izan dezakezu buruan, baina gero agian dantzarako ez da erosoa, edo mugimendu horiekin tokiz kanpo dago asko mugitzen delako… Erronka potoloa da.
Ez da Kukai Dantzarekin elkarlanean aritu zaren lehen aldia. Max Sari bat irabazi zenuen 2017an Oskara ikuskizunerako sortutako jantziekin. Horrek zer ekarri dizu?
Gehiago suposatu dit pertsonaletik, ilusioa eta nire buruarekiko aitortza gisa, lan kontuetan baino. Izan ere, ni ez naiz horretara dedikatzen, goi joskintzan ari naiz, ezkontza soinekoak josten ditut. Mundu horretan ariko banintz, ziurrenik ate asko zabalduko lizkidake. Pertsonalean eragin dit gehiago sari horrek. Gozatzea ere ekarri dit, prozesuan gozatzen dudalako, baina bereziki oholtza gainean emaitza ikusten dudanean, eta zure lan bat saritzea, polita da.
Zertan oinarritu zara diseinu hauek egiteko garaian? Zaila izan al da futbola eta dantza uztartzea?
Linea elegante bat egitea zen helburua hasieratik, arriskutsua iruditzen zitzaigulako futbolean oinarritutako emanaldi bat ez ote zen geldituko gero deportiboegi. Realak gure esku jarri zituen behar genituen ekipazioak, baina gerora, diseinuak egiteko orduan ohartu ginen jantzi bakarra osatzeko behar zen kamiseta kopurua erokeria zela. Realaren ekipazioa oinarri hartuta sortu ditugu jantzi horietako batzuk, eraldatuta, eta beste batzuk, berriz, hutsetik hasi ditugu ekipazioak erabili beharrean, beste oihal batzuk erabilita.
Jantziek garrantzia handia dute ikuskizun batean. Jabetzen dira ikusleak horretaz?
Nik baietz uste dut. Agian ez da kontzientea, ez da pentsatzen den zerbait ikuskizuna ikusterakoan zein garrantzitsua den jantzigintza. Jantzigintza planoa balitz ikuskizun osoan zehar, izugarrizko aldaketa sumatuko luke ikusleak, okerrera. Jantzigintzak, azkenean, bidea ematen du, dantza konpainia bateko zuzendariak eta kasu honetan Jonek [Maya] bere buruan dauzkan emanaldiaren atal guzti horiek desberdintzen laguntzeko.
Bloke batzuk bereizi nahi ditu berak ikuskizunean, eta bloke horietako bakoitzean, beraz, jantzigintza ere egokitu egiten dugu.