Maddalen Aristegi: "Zerbait tabu bihurtzen dute eta guk horrela jasotzen dugu"
Maddalen Aristegi oiartzuarra Argentinan bizi da, duela zazpi urtetik. Han sortu zitzaion hilekoari buruzko interesa, eta jaioterrian tailerar eman du.
Maddalen Aristegi oiartzuarra Argentinan psikologia ikasten ari da. Han ‘ilargiarekin bat egin’ esaten zaio hilekoarekin egoteari, eta hortik atera du Luna de Abril izengoitia, hilekoa eta jaio zen hilabetea nahastuta. Oiartzunen oporretan dela, tailerra eman du hileroko zikloari buruz. Pasa den igandean izan zen, Oihartzun Guk-ek antolatua.
Atzo [igandean] hilekoari buruzko tailerra egin zenuten, Kataxulo Gaztetxian.
33 neska elkartu ginen, adin tarte ezberdinetakoak. Emakume bat ere etorri zen, zortzi urteko alabarekin. Etxean gaia lantzen ari dira, eta alabak eskatu zion. Giroa goxo-goxo egon zen, parte hartzailea. Hasieran batek baino gehiagok esaten zuen ‘Zertara nator hona? Gaia interesatzen zait, ea zer eskaintzen duen tailerrak’. Oiartzunen elkar ezagutzen dugu, baina ez dugu ohiturarik horrelako gai bati buruz hitz egiteko. Zirkuluan jarri ginen; ez zen hitzaldi bat bezalakoa izan.
Parte hartzea aktiboa izan al zuten?
Bai, bai. Argi zegoen nahi zuenak hartuko zuela parte, eta tailerrak aurrera egin ahala, gero eta galdera gehiago egin zituzten, baita bizipenak kontatu ere.
Bi zati izan zituen: hilekoaren kalkulua eta aurreiritziak.
Hilekoaren lau faseak aztertu genituen, urtaroak bezalakoak direlako. Gure gorputzean horrela sentitzen ditugu. Hileroko zikloko lau faseak dira; arketipo eta izen ezberdinak izan ditzakete. Ilargi egutegi biribil batean azter dezakezu, eta egun bakoitzean zure emozio edota sentimenduak idatzi. Konturatuko zara fase bakoitzak bere ezaugarri ezberdinak dituela eta faseko ezaugarri hauek errepikatu egiten direla ziklo guztietan. Helburua da bakoitzak bere burua ezagutzea, eta hortik, bakoitzak bere buruaren teoria gorpuztea.
Ulertezina da menstruatzeagatik gehiago ordaindu beharra; zigorra da
Nola banatzen dira urtaroak? Zein berezitasun dituzte?
Udaberria hilekoaren ondorengo fasea da, kalera ateratzeko gogoa duzu: piszinara, errekara, mendira eta abar joan nahi duzu, lagunekin egon nahi duzu, jende berria ezagutu. Bizi berri bat loratzen da. Hilekoa bukatzean, kanpoan egon nahi duzu. Gero udara dator, eta hor energia egonkortuagoa dago. Udaberria pasatu da, eta energia egonkortzean, kanporantz zaude, baina agian terraza batean egoteko gogoa daukazu, lasaiago, eremu ezagunagoetan. Artzain lanetan ibiltzen zara, tribua zaintzen.
Udazkenean, gauzak egin nahi dituzu, baina nekatua zaudela sentitzen duzu. Orduan, sentitzen duzu zure gorputzaren denbora eta kanpokoa oso ezberdinak direla; mundua oso azkar doa. Hori bai, intuizio handiagoa duzu, amets gehiago egiten duzu, sentiberagoa zaude, hausnarketa gehiago egiten duzu…
Negua da hilekoa duzunean. Sutondo bat bilatzen duzu, goxotasuna. Gorputza bera uzkurtu egiten da goxotasun hori emateko. Gauza batzuk ez dituzu jasaten; ordurako analisi guztiak egin dituzu, eta momentu batean zaude indartsu esateko ‘hau ez dut nahi’. Baina hori gizartean ez da onartzen. Lehenengo biek argi fasea osatzen dute, eta beste biek fase iluna, barrura goazelako. Betikoa gertatzen da hor: gizarteak eskatzen digu emakume izanda beti kanporantz egotea, baina gero, pixka bat barrura sartzen dugunean gure burua edo erantzuten dugunean, ez da onartzen.
Tailerrean, gizartearen aurreiritziak ere landu zenituzten.
Bigarren zatia izan zen. Entzuten ditugun hitzek, gizarteko aurreiritziek guk gure hilerokoarekin dugun erlazioa nola baldintzatzen duen aztertzea. Hilekoa, azkenean, odola da, eta nazka, lotsa eta abar sentiarazi digute, baina hori gizarteak irentsarazi digun aurreiritzia da. Tanpoien iragarkietan ez da odola ikusten, likido urdin bat baizik.
Iragarkietan urdina izate horrek, eta jakinda errege familiakoei odol-urdin deitzen zaiela, printzesa izateko rolarekin lotu daiteke?
Baliteke… Azkenean, tapatzen ari zara, tabu bilakatzen. Gorria jarriz gero, ez duzu zertan odola izan behar, baina itxura errealagoa du. Filmetan, ez da odola, baina gorria da erabiltzen dutena. Zer pentsatuko genuke odol berdea aterako balitz? Zerbait tabu bihurtzen dute eta guk horrela jasotzen dugu.
Eta konpresekin, dituen kimiko guztiekin… Oihalezko konpresa ekologikoak daude alternatiba bezala. Konpresa ekologikoekin kimikoak desagertu egiten dira, naturatik eta gure gorputzetik, eta hilerokoarekin beste erlazio bat sortzen da, zuk garbitu behar duzulako, hilerokoa ukitu behar duzu. Koparekin gauza bera gertatzen da.
Tanpoi eta konpresa ez-ekologikoekin tasa arrosa deitzen zaiona ordaindu behar da.
Bai. Zure bizitzaren erdian erabili behar duzun produktuak dira, eta, gainera, inposatuak. Gainera, hilekoa ez erakusteko beste modu bat da; kendu eta zakarrontzi itxi batera botatzen dugu, badirudielako ezin dela erakutsi, ezkutuan mantendu behar dela. Kopa bat, adibidez, inbertsio handiagoa da hasieran, baina gero askoz merkeago ateratzen zaizu. Ulertezina da menstruatzeagatik gehiago ordaindu behar hori. Zigorra bezala da.
Badago pedagogo eta idazle bat, Erika Irusta, esaten duena menstruatzeak molatzen duela, baina ez gizarte honetan. Hilerokoa naturala da, ikasi behar dugu ziklikoa dela, eta emozioetan gorabeherak ditugula. Batzuetan mina izan dezakegu, baina jakin behar dugu zerk ematen digun mina; atzerago joan behar dugu minaren funtsa aurkitzeko. Nahikoa lan daukagu gizarte honetan menstruazioagatik jasotzen ditugun irainekin, eta kontraesan eta aurreiritziei aurre egin behar diegu. Horrekin nahikoa ez, eta gehiago ordaindu behar dugu.
Ikasi behar dugu hilekoa naturala dela eta ikasi behar dugu ziklikoa dela
Alternatibak aipatu dituzu. Komertzialki, ekoizleentzat, ez dira oso interesgarriak izango…
Ez dakit zein herrialdetan, tanpoi marka ezagunenak kopa atera du, eta sartu dira mundu horretan. Kopa, berez, aspaldi asmatu zen, baina ez zen komertzializatu, ez baitu merezi. Kopa bat erosten duzu eta 8-10 urtera arte iraun dezake. Kapitalismoari ez zaio komeni, baina justu kontrakoa gertatzen da gure gorputzekin eta naturarekin. Kopa bat sortzeko kimikoen kopurua txikia da. Gainera, ohiko tanpoiek, gure pH irregularra izatea ahalbidetzen dute, flora baginala ere kaltetzen du…
Konpresa ekologikoak etxean bertan egin daitezke. Toalla bat hartu, eta gainean oihal goxo bat jarri. Autoezagutzara pauso bat eman daiteke, hileroko fluxua ikusi eta ukitu dezakezulako kopen kasuan. Niretzako ez da gauza bera enpresa handi bati erostea edo artisau bati. Hori bai, osasun kontrolak pasatu izana behar dute kopek. Hogei euro inguru balio dute. Hori da, gutxi gorabehera, tanpoi edo konpresetan sei-zazpi hilabetetan gasta dezakezuna.
Hilekoari gazteleraz regla esaten zaio. 28 eguneko ziklotik kanpo ateratzen bada, gaizki sentiarazi dezake emakumea?
Emakumeei esaten digute hilekoa 28 egunez izaten badugu garela erregularrak. Baina, aldiz, obulatzen badugu gara erregularrak. Obulatzea da erregularra izatea, berdin du hilerokoa 28 egun izan ala 35, beti osasuntsu baldin bazaude. Erregularra izatea zerbait inposatua da, kontrola daitekeen zerbait, erregula daitekeen zerbait. Erregela horretatik ateratzen dena, uau, zerbait patologikoa edo ez-osasuntsua da. Argi utzi nahi dut nik ez dudala ikuspuntu mediku edo ginekologiatik hitz egiten, ikuspegi psikosozialetik baizik.
Argentinan esaten da estoy con la luna (ilargiarekin bat nago). Ilargiarekin bat egiten duela esan nahi dute, zikloa horrela betetzen dela hilean behin. Askotan esaten dut hitzak ulertzen eta hitzak entzuten hasi behar dugula. Ez gara konturatzen hitz horren atzean zer dagoen, zer esaten ari garen, eta askotan modu negatiboan esaten dugula. Regla esaten dugunean ikusi behar dugu zer dagoen atzetik…
Sexu harreman heterosexualetan ere tabua da hilekoa.
Uste dut nazka handiagoa dagoela mutilen aldetik, gure aldetik baino. Azkenean, sexu harremanak izaten dituzunean, ezberdin sentitzen da gorputza fase bakoitzean eta egun bakoitzean —kontuan hartu behar da nola esnatu garen, zein umore dugun, zein egun izan dugun…—. Zikloko fase bakoitzean ezberdina da ere. Hilekoarekin zaudenean, gorputz bakoitza ezberdina den arren, gehiago nabaritzen duzu cervixean… Tailerrean hain justu horri buruz hitz egin genuen: ‘Hilekoarekin zaude?’ galdetzen dela, eta nazka aurpegiak jasan behar izaten ditugula. Tailerrean egoera honen —eta beste askoren— aurrean zer erantzun daitekeen asmatzen ibili ginen.
Emakumeoi nazka ematen badigu da hori jaso izan dugulako. Askotan ezjakintasunak sortzen du nazka hori: bikotekidearekin nahiz lagunekin hilerokoaren gaineko bizipenak partekatzen dituzunean, konpartitze horrek bakarrik nazka hori pixka bat uxatzen du. Ezezagutza txikitatik datorkigu. Eskolan hilekoa azaltzerakoan, neskak alde batetik, mutilak beste batetik, eta ez genekien zer azaltzen zieten, ezta haiek guri zer ere.
Guk ere baditugu aurreiritziak, eh? Gure kuadrillan, adibidez, neska eta mutilak gara eta hor ere aritzen gara tarteka gai hauetaz. Gogoan dut, duela urte batzuk, lagunekin Makutso tabernan nintzela, eta farmaziara joan nintzela kopa erostera. ‘Kopa, farmazian?’, galdetu zidan batek, ‘baina taberna batean gaude eta!’. Bueltatzean, lagunek kuriositatea zuten, eta eskuz esku pasatu genuen kopa nola erabiltzen zen hitz egiten genuen bitartean. Ezezagunak beti ematen du beldur pixka bat, eta horrelakoetan jakintzak zuregana hurbildu behar dira.
Tailerra emakumeentzako bakarrik izatea zer izan zen, lotsak alde batera uzteko?
Kritikak jaso ditugu horregatik ere bai. Sortzen baduzu eremu bat emakumeentzat bakarrik, haserretu egiten dira batzuk eta pikatu egiten dira, protagonismoa pixka bat alde batera uzteko eskatzen zaielako. Gizonentzako irekia balitz, etorriko lirateke?
Hilekoaren lau faseetako bakoitzak bere ezaugarriak ditu; errepikatzen dira
Ez dut uste…
Bada hori: kexatu egiten dira, baina gero ez dira etortzen. Nik ulertzen dut badagoela interes bat hainbat gizonen aldetik. Emakumeek gure gauzei, gure egunerokotasunari buruz hitz egiteko txoko bat izan behar dugu Oiartzunen, gauza hauetaz goxo-goxo, eremu zaindu eta askean, hitz egiteko. Oiartzunen ez dira existitzen esparru horiek oraindik. Lehenengo pausoa da emakumeekin egitea, eta ondoren egin daitezke mistoak. Giroa ere ezberdina da. Casilda Rodrigañez antropologoak dioenez, berdintasuna lortzeko borrokan ari gara. Baina berdintasun horrek ez du esan nahi esparru intimo bat ezin dugunik izan.
Feminismoak gero eta indar handiagoa dauka. Hilekoarena ahaztuta al dago?
Sufragismoaren mugimendutik, ari da emakumea lan mundura iritsi nahian, eta lanean produzitzeko giroan, antisorgailuen alde egin zuten. Orain zer gertatu da? Mugimendu guztiak ziklikoak dira, eta batzuetan pauso bat eman behar da hausnarketara. Uste dut badagoela naturara buelta bat, eta egokitzapen garai bat dagoela. Iritsi gara momentu batera gure gorputzaren jabetza berreskuratzeko beharra dugula. Orain jada ez da esatea ‘gizonak bezalakoa izan nahi dut’. Argi geratu da gaitasun berberak ditugula. ‘Ahaldundu gaitezen eta zaindu dezagun gure burua eta gorputza’ esaten da orain.
Gu bagara belaunaldi bat antisorgailuak hartu ditugunak, baina ez digutela esan zeintzuk diren antisorgailuen bigarren mailako ondorio guztiak. Badaude ikerketak esaten dutenak depresioarekin zerikusia dutela. Ez da txorakeria bat; ez da egun triste bat edukitzea, gure gorputzean aldaketak sortzen dira, neurologikoki iraunkorrak izatera iritsi daitezkeen aldaketak sor ditzake. Eta hau ez digute sekula esan.
Emakumeak medikuntzatik kanpo egon gara urte askoz. Gure gorputza patologiko bezala ikusi da. Medizina mota bat egin da, emakumeentzako, emakumeak konpontzeko, baina emakumeak kanpoan utzita. Horri buelta ematen ari zaiola uste dut, eta emakume gehiago ari dira medikuntzan eta zientzian presentzia hartzen, gurea ere den leku bat berreskuratzen.
Feminismoan, uste dut, indarra hartzen ari dela gure burua zaintzearena, gure buru-gorputzaren jabe izaterenak, —amatasun desiratuaren eta abortuaren gaiak adibidez—. Horregatik, gure burua zaindu behar dugu lehenik, gure burua ezagutuz eta gure buruarekin jabetuz.
Gure burua zaindu behar dugu, gure burua errespetatuz eta zainduz
Argentinan bizi zara. Nolatan joan zinen hara?
Duela sei urte joan nintzen, zazpigarrena beteko da aurten. Hemen magisteritza ikasi nuen, eta argi neukan psikologia ikasi nahi nuela, ikuspegi humanista batetik. Hemengo plaza ukatu nuen, eta urtebeterako joan nintzen hara.
Beti esaten dut tailerrak ematea asko gustatzen zaidala. Beti nago urduri, baina gustura aritzen naiz. Hezkuntza alternatiboarekiko dudan lotutak asko landu dit ibilbide hau sortzen; lotu ditut nire hezkuntzarako grina eta psikologiako entzumenak tailer horietan. Hitzaldi bat eman ordez nahiago dut tailer bat eskaini, dena nik bota beharrean, gustatzen zait jakintza denon artean sortzea. Tailerra boluntarioa izatearen helburua hori zen, jakintza denen artean sortzea. Nik prestatu nuen, baina gero denon artean eraiki genuen. Boluntarioa zen prezioa, nahi zuenak nahi edo ahal zuena ordaintzen zuen.
Psikologo argentinarraren estereotipo hori existitzen da.
Han beste kultura bat daukate, psikologora joatekoa, eta lasai hitz egiten da psikologoan hitz egindakoaz. Hilekoarena ere bai askoz gehiago lantzen dabiltza emakume talde ezberdinak. Bada gizarte bat berriro naturara bueltatzen ari dena. Euskal Herrian badago lotura hori naturarekin ere.
Argentinan, gainera, deskolonizazio gaia pil-pilean dago. Esan daiteke bigarren deskolonizazio bat gertatzen ari dela, teoriena. Jaso, edo inposatu, duten teoria asko europearrak izan dira. Beraiek esaten dute sortu ere posible dutela, teorias del sur esaten zaienak hortik doaz. Hausnarketa asko daude, bide askotatik, baina ia denek toki berean bat egiten dute. Hilekoaren gaiarekin berdin dabiltza.
Zu zeu nola hasi zinen hilekoarena lantzen?
Argentinara joan baino lehenago, esan zidaten liburu bat irakurri behar nuela. Olentzerok —edo Mari Domingik hobeto [kar-kar]— liburu hori ekarri zidan, eta motxilan sartu nuen. Hegazkinean ireki nuen.
Lehenago, hala ere, lagun batzuk elkartzen ginen hezkuntza alternatiboari buruz aritzeko. Amatasunari buruz ere aritzen ginen, hilerokoa… Denak erlazioa dauka. Nire buruari galderak egiten hasi nintzen, ea zer erlazio neukan hilekoarekin: hilerokoa iristen zitzaidanean zer sentitzen nuen, ea zergatik esaten nuen batzuetan ‘zer kaka!’ hilerokoa nuenean . Bada ez, ez dit nazkarik eman behar, nire gorputza delako. Emozioa landu behar dira, autoezagutza… Nik oso ikuspegi medizinala neukan: ‘30 egun pasatu dira, ez zait jaitsi… ai ama!”. Pixka bat deskonektatuta nengoen nire gorputzarekin.
Liburu hori irakurri nuen (Luna Roja, Miranda Gray), eta gaiari buruzko hitzaldi eta tailerretan parte hartzen nuen. Gero formakuntza bila hasi nintzen, eta formakuntza bukaera bezala proiektu bat egin behar nuen, tailer bat. Urtebete egon nintzen informazioa pilatzen, prozesatzen, prestatzen, hilekoaren ziklo guztiak aztertzen, analizatzen, entzuten… Udaberri fasean ideia pila bat dituzu, baina idaztera esertzeko gogorik ez; gogo handiagoa duzu udazken edo negu faseetan. Bitakora bat neraman gainean zetozkidan ideia oro idazteko, edo telefonoan grabatzen nituen, eta hor islatzen nituen nire ideiak. Fase bakoitza ongi ezagutzen nuenez, ongi identifikatuta nuen bakoitzak eskaintzen zidana. Lau hilabeteko tailer bat sortu nuen. Ideia nagusia ez zen erantzunak ematea, baizik eta galderak berriak sortzea, eta pixkanaka erantzunak norberak norberarengandik eraikitzea. Helburua ez da nik esatea nola funtzionatzen duen zure gorputzak, zuk inork baino hobeto dakizu eta.