Irati Lizeaga Elizalde: "Euskalduna izatea norberaren jarrerarekin guztiz lotua dago"
Gaztea da oso Irati Lizeaga, baina ikasketa amaierako ikerketei esker soziolinguistikaren esparruan nabarmentzea lortu du; harekin solasean hasita, berehala igartzen da gaia pasioz bizi duela.
Soziolinguistika Klusterrak zure bi ikerketa lan saritu ditu. Zer suposatu dute sari hauek zuretzat?
Lehenengo saria gradu bukaerako proiektuarekin lortu nuen, eta ez nuen inola ere espero. Bigarrena masterreko proiektua zen. Oiartzungo ikerketa zehatz bat zen, Euskara Plan oso zehatza, eta ez nuen uste halako interesa sor zezakeenik.
Sorpresaz, beraz, bi kasuetan. Egia esan, sariak zure lana aitortzen du, eta eremuan ezagutarazteko ere balio dizu. Oso ondo etortzen da kontaktuak-eta egiteko orduan.
Azken saria Lintzirin merkataritza guneak Oiartzunen duen inpaktu linguistikoa neurtzeko egindako ikerketarekin jaso duzu. Nolatan Lintzirin?
Nik bi graduondoko egin ditut. Lehengoa ELEn trebatzeko izan zen, Eragin Linguistikoaren Ebaluazioan. Tresna berria da eta graduondokoaren helburua jendea metodo horrekin formatzea da.
Oiartzun Ueman dago, eta gaia ikertzeko norbaiten bila ari zirela jakin nuen Ueman dagoen nire ikaskide baten bitartez. Gaia ikertzea interesatzen zitzaidanez, Oiartzungo euskara teknikari Aitziber Arnaezekin harremanetan jarri nintzen, eta hala sortu zen aukera.
Lintzirin merkatalgunea beti hazten ari den gune bat da; egunez egun enpresa gehiagok jartzen dute bertan egoitza, eta orain arte ez zegoen aztertua zenbat jende joaten den, zein hizkuntza ohitura dituzten bertara joaten direnek, nondik joaten den jendea… hori guztia hartu eta aztertu egin genuen.
Ikerketaren ondorioei erreparatuta zer nabarmenduko zenuke?
Datuek erakusten zuten gunean larrien bizi zena euskara zela, gaitasun zein erabileran. Lintzirin Oiartzun eta Irun artean dago, eta behaketa batzuk egin ondoren, niri harritzen didana da, azkenean, euskara frantsesaren pareko dagoela. Gaztelaniaz da %80tik gora hitz egiten da, eta euskararen pareko dago frantsesa, berez inguru euskaldun batean eta lurralde eremua Oiartzun denean.
Esan, baita ere, bertako enpresek ez zutela bat ere erraztu nire lana. Zainpekoek aparkalekutik behin baino gehiagotan bota ninduten behaketak egiten ari nintzela, nahiz eta aurretik deitu zitzaien esanez udala ikerketa bat egiten ari zela eta pertsona bat hurbilduko zela bertara.
Emaitzek ekar zezaketenaren beldur edo?
Bai, azkenean, euskara aztertzen ari ginen, eta beraiek ere badakite zer merkataritza eredu sustatzen duten eta euskara aztertuz gero galtzen aterako zirela. Hala uste dut nik behintzat.
Zure ikerketan neurri zuzentzaile batzuk ere proposatu zenituen. Aurrera eramango dituztela uste duzu?
Gauza batzuk bai, eta beste batzuk ez. Hor, beti bezala, udalak hartzen du ardura handiena. Lanean ere esaten nuen, oso zaila dela kontrolatzea adostutakoa betetzen den edo ez. Saiakera egiten da, baina adostutakoa betetzen ez bada, ez dago zigorrik, ez isunik. Zertarako hartzen dira erabaki horiek, gero betetzen ez direnean ez badira zigortzen? Lanean hori zailtasun bezala aipatu nuen. Neurri zuzentzaileez gain, euskara plan bat ere zehaztu nuen, lana biribiltzeko.
Soziolinguistika Klusterraren 3. Hausnartu saria euskaldun, galiziar eta irlandarren hizkuntza identitateak aztertuz eta alderatuz lortu zenuen iaz. Zergatik hautatu zenuen gai hori?
Soziolinguistikako irakasle Ibon Manterolarekin adostu nuen gaia. Harekin hizkuntza identitateaz ikasi genuen; euskaldun berriak, euskaldun zaharrak, zergatik jotzen duen bere burua duela 40 urte euskara ikasi duen batek euskaldun berritzat… Gai oso interesgarria iruditu zitzaidan, eta horregatik hautatu nuen.
Euskararekin pixka bat motz geratuko nintzenez, aurretik bazegoelako lan bat eginda, erabaki genuen beste hizkuntza gutxituekin alderatzea. Gertutasunagatik aukeratu nituen galiziera eta irlandera.
Eta identitateak alderatuta zure aurreiritziren bat kolokan jarri al da ?
Nik pistaren bat banuen, aurretik klasean landu genuelako euskaldunen inguruko lana, baina galizieran eta irlanderan nik ez nekien berdina gertatuko zen edo ez. Pentsatzen nuena zen, hizkuntza etxean ez ikasi izanagatik, zuzenean beren burua hiztun berritzat joko zutela, baina konturatu nintzen kontrako kasuak ere badaudela. Adibidez, etxean ez, baina irlandera haurtzaindegitik murgiltze bidezko irakaskuntza zentroetan ikasten dutenek, nolabait ahalduntze prozesu bat egina zuten, eta nik, adibidez, horrelako kasuak ez nituen espero.
Gainera, galizieraren kasuan, bada jendea, galiziera ikasi eta gaztelania erabat baztertu duena, bakarrik galizieraz hitz egiteko, ikasi duten hizkuntza, hizkuntza bakarra bilakatuta. Hori oso positiboa iruditu zitzaidan.
Lanaren aurkezpenean azaldu zenuenez, gazte euskaldun gehienen ustea da euskalduna izateko, euskal herritarra izan behar duzula eta euskaraz jakin. Baina euskara baldin badakizu eta euskal herritarra ez bazara, euskalduna zara? Eta euskal herritarra bazara baina euskara ez badakizu? Zein da zure iritzia?
Gai oso interesantea da, eta arriskutsua ere bai. Euskalduntasunarekin lotzen da baita ere militantzia, eta adibidez, militantzia hori egin duten pertsonek, nahiz eta gero euskara ikasteko pausu hori ez eman, beraiek euskaldun sentitzeko modu bat ere izan da seme-alabak ikastolara bidaltzea, edota euskara ikasten tematzea. Euskaldun izateko modu bat ere bada.
Bestetik, euskara dakiena, baina Euskal Herrian bizi ez dena, bada, niretzat, euskalduna da. Beste kontu bat da, zein puntutaraino erabiltzen duen hizkuntza. Badaude guk txantxetan ume-zakur-familiak deitzen ditugunak, euskaraz bakarrik umeei eta zakurrari egiten diotenak izendatzeko. Baina hori beste gai bat da… [barrez].
«Lintzirin merkatalgunean euskararen pareko dago frantsesa»
«Zalantzarik gabe uste dut euskara guztiei prestigioa eman behar zaiela»
«Egun euskaldun gehienak dira etxean euskara ikasi ez duten profilekoak»
Euskaldun, galiziar eta irlandarren profilak alderatuta zein antzekotasun topatu dituzue? Zer nabarmenduko zenuke?
Etxean hizkuntza ikasi ez izana beren burua hiztun berritzat jotzeko arrazoi bat izaten da, eta adibidez, irlanderaren kasuan, Eskozian bizi ziren batzuk, Eskoziako irlandera ikasten zuten, eta ez ziren ausartzen beraien burua horrela identifikatzen, geografikoki ere ez zirelako bizi hizkuntzaren eremuan.
Bestetik, nabarmenduko nuke, gaur egun euskaldun gehienak direla etxean euskara ikasi ez duten profilekoak, eta arazo larri bat dagoela, beraiek ez dutelako beren burua euskalduntzat jotzen nahiz eta txikitatik euskara ikasi duten. Elebidunak edo hirueledunak dira, eta, hala ere, arazo bat dago, txikitatik barneratu duten hizkuntza bat jakinda, ez dutelako euskalduntzat beraien burua.
Zure ustez, zer egon daiteke arazo horren jatorrian?
Nik uste dut erabilera dela gakoa. Nahiz eta etxean ez ikasi, delako hizkuntza erabiltzen duen norbaitek, eta bere izaeraren eta sozializazioaren parte hizkuntza hori duen norbaitek, errazago esango du euskararen edo irlanderaren hiztuna dela erabiltzen ez duenak baino. Hori argi daukat.
Askok esaten zuten, ikasleen artean batez ere, lehenengo erdaraz pentsatzen zutela eta gero euskaraz esan, eta erdaraz pentsatze horrek eramaten zituen beraiek ez euskalduntzat jotzera. Baina hori, elebitasunean, normala da, etxean beste hizkuntza bat jaso duzulako.
Prestigioa eman beharraz ere aritu zara zure ikerketan.
Bai. Prestigio handiagoa ematen zaio euskalkiari euskara batuari baino, eta zalantzarik gabe uste dut euskara guztiei prestigioa eman behar zaiela. Oso zaila da, hala ere. Bata ez da hain ona, eta bestea ez da hain txarra. Erregistroak egokitu behar dira eta euskaldun berriez txantxak egin beharrean, agian, ahaleginak aitortu. Baina horretarako pentsatu egin behar da eta jarrera argi eduki. Jende askok ez du pentsatzen euskararen gainean; ez dute hausnartzen beraien hautuen inguruan. Hartu behar dugu momentu bat pentsatzeko. Adibidez, badago bertsolari bat, Oihana Bartra, bertsotan batuan egitea erabaki duena. Zergatik? Konturatu delako hartzaile gehienak batuan hitz egiten dutela. Euskalkian egiten ari zarenean ari zara zuzentzen publiko jakin bati, eta batuan denei. Horrelako hausnarketak gehiago behar dira.
Noiz uzten dio euskaldun berri batek hiztun berri izateari?
Berak nahi duenean. Guk ezin dugu erabaki nor den bestea. Bakoitzak jarri beharko du indarra, denean bezala. Feminista zarenean feminista zara zuk nahi duzulako izan feminista. Euskalduna izatea norberaren jarrerarekin guztiz lotua dago.
«Eleaniztasunari buruzko lan bat egiten ari naiz»
Euskal Herriko ahozko ondarea eta herri hizkerak biltzeko eta hedatzeko lanean ari zara baita ere, Ahotsa.eus proiektuaren bitartez.
Urte eta erdi daramat Ahotsak-en. Orain arte, 2018an, Wikipediako sarreretan herriz herriko euskaldunen bideoak jartzen aritu naiz. Hitzarmen bat egin zuten Wikipediak eta Ahotsak-ek eta euskara atal bat sortu dugu, tokian tokiko herriko euskararen ezaugarriak zituen hiztun baten bideoarekin. Horretan aritu naiz orain arte, materialaren hustuketa egiten eta Wikipediara igotzen.
Horrez gain, elkarrizketak egiten, eta horiek lantzen aritzen naiz. Lan handiena ordenagailuaren atzean dago. Elkarrizketan jasotako guztia, gero, minutuz minutu lantzen dugu, transkripzioak egiten.
Orain, horiez gain, Donostiako eleaniztasunari buruzko lan bat egiten ari naiz.
«Gustatzen zait, batez ere, datuak hartzea
eta hortik ondorioak ateratzea»
Lan esparru honetan zer da erakargarrien egiten zaizuna?
Pertsonalki orain oso gustura nago Donostiako aniztasunarekin. Niri soziolinguistika gustatzen zait, eta azken batean, Ahotsak, soziolinguistika da: jendearengana joan, elkarrizketa egin eta gero bere euskara landu. Baina gustatzen zait batez ere datuak hartzea eta hortik ondorioak ateratzea.
Adibidez, guk badugu proiektu bat 101L deitzen dena. Bertara etorritako atzerritarrak elkarrizketatu ditugu, ahal izan direnak euskaraz eta bestela gaztelaniaz, edota beraien ama hizkuntzan. Eredu elebidunean elkarrizketatu ditugu euskararen, integrazioaren, euskararen paperaren gainean integrazioan… Grabazio horiek guztiak hartzen ari naiz eta aztertzen, gerora profilak ateratzeko. Adibidez, hizkuntza gutxitu bat hitz egiten duten zenbatek ikasi duten euskara, non bizi diren, zerk eraman dituen euskara ikastera….
Gure laginean jende askok ihes egin digu, denek ez dutelako kamera baten aurrean jarri nahi, baina dauzkagun datuak behintzat errealak izango dira.
Aurrera begira zein asmo dituzu?
Soziolinguistika asko gustatzen zaidan arren, ez du esan nahi horretan jardungo naizenik bizitza osoan. Oraingoz Ahotsak-en eta gerora ikusiko dugu.
Irakasle bezala aritu naiz baita ere Pasai Antxoko Txirrita AEKn, eta oso gustura.
