Azken eraso matxista salatzera deitu du mugimendu feministak
Madalena ermitaren aurrean deitu du mugimendu feministak elkarretaratzera bihar (osteguna) 19:30ean.
Erasoaren berri izan bezain pronto lanean hasi da Oreretako Mugimendu Feminista, eta hura salatzera deitu du. Elkarretaratzea Madalenaren basilikaren aurrean egingo dute 19:30ean, atzo goizaldean eraso matxista izan zen leku berean. Mugimendu feministak erantzunik gabeko erasorik ez dela izango berretsi du, eta kalera deitu ditu herritarrak azken eraso matxista salatzera.
Atzo 06:00ak aldera atxilotu zuen ustezko erasotzailea, 25 urteko gizona, Ertzaintzak Maria Lezo kalean. Bizilagunak kale erdian zegoen auto baten barruko liskarraz ohartarazita bertaratu zen Ertzaintza. Trafikoa oztopatzen kale erdian zegoen autoa hutsik topatu zuen poliziak, eta gerora azaldu zen autoaren jabea, gizona, urduri eta ageriko kontusioekin. Une berean emakume bat artatzen ari zela Zapirain anaien kalean jakinarazi zion Udaltzaingoak Ertzaintzari. Emakumeak sexu eraso saiakera, lapurreta eta kolpatu izana salatu du. Ertzaintzak atxilotu egin zuen Maria Lezo kalean autoa kale erdian utzita zuen gizona usteko erasotzailea zelakoan.
Emakumea Donostia ospitalera eraman zuten erasotzaileak eragindako zauriak sendatzera.