Aisialdi parekide, euskaldun, parte hartzaile eta inklusiboa eraikitzen
Hezitzailea, halakoa izango da aurten ere udalaren udako aisialdi proposamena. Txikiak, Udalekuak eta Kanpalekuak antolatu ditu 4-16 urte arteko haur eta gazteei begira.
Aurtengo Udako oporrak kanpaina aurkeztu dute gaur goizean Itziar Ostolaza Gazteria zinegotziak, eta Ibai Narbarte udal aisialdi zerbitzua kudeatzen duen enpresaren koordinatzaileak. Hezitzailea, halakoa izango da aurten ere udalaren aisialdi proposamena, Ostolazak nabarmendu duenez, horren aldeko apustua egina duelako udalak: “Herri hezitzailea eraikitzea dugu xede udaletik eta horretan ari gara urtean zehar programa ezberdinetan hezkuntza parekide, euskaldun, parte hartzaile eta inklusiboa garatuz. haurrak herriaren oraina dira, eta orainean aisialdiaz gozatzeko herria eskaini nahi diegu”.
Oraina bai, baina etorkizuna ere badira haurrak Ostolazak nabarmendu duenez, “Errenteriako etorkizuna eraikiko dutenak”, eta eraikuntza horretan ezinbestekotzat jo du balio eraikitzaileetan hezteak duen garrantzia. Hala, helburu horrekin osatu dute aurtengoa ere Udako Oporren eskaintza. Aurreko urteetan bezala, Txikiak eta Udalekuak izeneko programetan izena ematen duten haur guztiek izango dute bi horietan parte hartzeko aukera. Izan ere, ez du udalak mugarik jarri horietan izena emateko. Bi kanpaldien kasuan, berriz, mugatuak izango dira eta zozketa bidez esleituko ditu plazak udalak. Bakoitzean 50 lagun hartuko dituzte. Nafarroako Beirera eta Portugalgo Lousada herrietan egingo ditu kanpaldiak udalak, eta azken horrekin senidetuta dago Errenteria-Orereta.
Kanpaldietan ezinbestekoa dutela muga jartzea azaldu du Ostolazak, “autobusa, aterpetxea eta abar kudeatu behar dira eta ez da erreza, beraz”. Udalekuetan berriz, udalaren politika dela mugarik ez jartzea nabarmendu du Gazteria zinegotziak, “herriko haur guztiek modu baten edo bestean eskaintza horretan parte hartzeko aukera izatea. Txandak mugatuak dira, hamar eguneko bi txanda dira talde bakoitzean”. Udalekuak bi gunetan izango dira Erdialdean eta Beraunen, bi gune horietan eskainiko da zerbitzua.
Udako Oporrak programaren barruan parte hartzen duten profesionalez ere mintzo da Ostolaza, balio hezitzaileak eta herri ikuspegia txertatzen dutela programaren barruan nabarmentzeko, “ikastetxe ezberdinetan ikasi eta auzo ezberdinetan bizi diren haur eta gazteak elkar ezagutu eta udako eskaintzan batera aritzea ahalbidetzen dute, eta guk balio handia ematen diogu horri, komunitatean ezbe4rdinen arteko zubi horiek eraiki eta elkarrekin lanketa hori egiteari. Gainera, ekarpena egiten dio herri hezitzailearen ikuspegi bati, hau da, hezkuntza eskola edo etxeko lau paretetatik harago ulertzea, herriko espazioak bilakatzea egun horietan haurrentzako jolasgune garrantzitsua da, eta ekarpen interesgarria egiten diote udako oporrek herriaren bizitzari”.
Izena emateko online plataforma
Aldaketa egin zuen udalak iaz izena emateko garaian. Izena emateko garaian, gurasoei lana erraztu nahian, online plataforma zabaldu zuen. Hura sustatu nahian, astelehenetik (martxoaren 4a) hasita hiru asteko epea izango dute gurasoek online izena emateko udalekuetarako, martxoaren 22ra arte zehazki. Presentzialki egiteko aukera ere izango da, eta hori, martxoaren 11n zabalduko dute eta 22ra arte luzatu Zu! Zure Udala zerbitzuan. Errenterian erroldatuta dauden haur eta gaztetxoek dute udako oporretan parte hartzeko aukera.
Zu! zerbitzua aukeratzen dutenek inprimakia eskuratu, eta hura beteta beharreko gainontzeko dokumentazio guztiarekin batera Zu! zerbitzuan aurkeztu beharko dute (Herriko plaza 1) astelehen, asteazken eta ostiraletan 07:30etik 15:00etara, eta astearte eta ostegunetan, 07:30etik 20:00etara.
Udalekuak eta kanpamentuak
Udalekuak eta kanpalekuak antolatu ditu udalak aurten ere. Udalekuen barruan, Txikiak (3-5 urte) eta Udalekuak (6-12) antolatu dituzte. Bi talde horietan parte hartzeko mugarik ez dago, hau da, izena ematen duten guztiek izango dute tartea, eta hamar eguneko bi txanda egingo dituzte bakoitzean. Txikiak programan parte hartzeko matrikula 41,30 eurokoa da; Udalekuena, berriz, 51,50 eurokoa. Kanpamentuetan ere bi talde daude, gazteenak (10-12) Nafarroara joango dira, eta helduenak (13-16) Lousadara (Portugal). Azken horien matrikula, 206 eurokoa da.
Narbartek herrian dauden baliabideak bereziki baliatu nahi dituztela aurten nabarmendu du, “inguruan ditugun mendi, plaza eta museoak sustatu nahi ditugu, baliabide asko eta garrantzitsuak ditugulako bertatik bertara”.
Familia ugariek hobariak izango dituzte, %50ekoa, baita seme-alaba bat baino gehiago izena ematen duten familiek, %20koa. Behar bereziak dituzten haurrei begira, berriz, arreta emateko hezitzaileak kontratatuko ditu udalak.
Txikiak zein Udalekuak taldeetan parte hartzen dutenek bi txanda izango dituzte izena emateko, ekainaren 24tik uztailaren 5era, eta uztailaren 8tik 19ra; lehenengoen ordutegia 10:00etatik 13:00etara izango da; eta bigarrenena, berriz, 09:00etatik 13:30era. Kanpalekuen kasuan, izena eman dutenen arteko zozketa apirilaren 3an egingo dute Merkatuzarreko balioanitz gelan, eta emaitzak apirilaren 4an egingo dituzte publiko 15:00etati aurrera Gazteriaren web orrian eta Zu! Zerbitzuan. Behin zozketa eginda, izena eman beharko dute apirilaren 8tik 12ra hautatutakoek plaza bermatzeko, bai online gazteriaren Web gunean, edo presentzialki Zu! Zure Udala zerbitzuan.
Errenterian erroldatutako, eta bertako ikastetxeren batean ikasten duten haur guztiak animatu ditu parte hartzera Udako Oporrak programan, amaitzeko.