Etxebideren erantzunik ez, oraingoz
Kaleratzeak Stop plataformak erantzunik ezean Miren Schnitger eta Aitor Uriarte aste honetan kalean gera daitezkeela gogorarazi du.
Ostegunera arte dute egungo etxean egoteko aukera, eta Pasaiako Udalak oraindik ez du Etxebideren erantzunik. Miren Schnitger eta Aitor Uriarterentzat alokairuzko etxebizitza bat zuzenean esleitzea eskatu dio Pasaiako Udalak Etxebideri, baina Kaleratzeak Stop Plataformak jakinarazi duenez, epea bukatzeko hiru egunaren faltan, erantzuna ez da iritsi.
Miren Schnitger eta Aitor Uriarte kolektibo zaurgarri bateko kide dira. Ez dute merkatu libreko alokairu bati aurre egiteko adina diru. 3 urteko alaba bat dute eta bigarrena bidean.
Kaletartzeak Stop plataformak gogorarazi du EAEn dagoen gizarte alokairuzko etxebizitza parkea oso murritza dela eta ez diola inolaz ere erantzuten dagoen beharrari.
Ausardia falta leporatu die erakunde arduradunei, eta alokairuzko etxebizitza babestuak eraikitzeko diru gehiago inbertitzea eta hutsik dauden etxebizitzak merkaturatzeko neurriak har ditzatela eskatu die.
Kaleratzeak Stop plataformak otsailaren 7an salatu zuen publikoki bikote pasaitarrak bizi duen egoera, Etxebide aurrean egin zuen agerraldi baten bitartez. Ordutik ez da aurrerapausorik egon.