Etxekoak nagusi gizonetan eta emakumeetan Orio irabazle
Hondarribiko traineru jaitsieran San Juan zazpigarren postuan sailkatu da mutiletan eta zortzigarrenean nesketan; San Pedroko 'Libia' hamargarren izan da.
San Juango trainerua Hondarribiko Jaitsieran. Argazkia: Josu Z. Hondarribiak aurten ere lehiakor ariko dela frogatu zuen larunbatean beren arraun elkarteak antolatutako jaitsieran. Estropada irabazi zuen Ama Guadalupekoak, Oriori zazpi segundoko aldea aterata. Donostiarra izan zen hirugarren, hemezortzi segundora. Uda urruti dagoen arren, aurtengoak nondik jo dezakeen, hortxe lehen zantzuak.

Pasaitarrei dagokionez, lan txukunena San Juango A traineruak osatu zuen, zazpigarren tokian helmugaratuz, Hondarribitik 57 segundora. San Pedroko Libia hamargarren izan zen, irabazletik minutu eta lau segundora helmugaratuz, eta Kalparra, San Pedroren B ontzia, hamaseigarren izan zen. San Juango Erreka hogeigarren tokian helmugaratu zen.
Emakumeetan Orioren nagusitasuna

San Juango talde eraberritu gaztea Hondarribiko Jaitsieran. Argazkia: Josu Z.
Iazko Bateleren ontzia deseginda, Orio da aurten emakumeen lehiarako faborito argia, eta larunbateko jaitsieran hala berretsi zen. Oriotarrek irabazi zuten, alde dezentearekin. Arraun Lagunak izan zen bigarren, hamasei segundora, eta Hondarribia hirugarren 21 segundora.
San Juan eraberrituak zortzigarren tokian helmugaratu zen, Donostiarra, Hibaika, Zumaia, eta Tolosaren atzetik hurrenez hurren.
Ikus, osorik, sailkapena.
Atzo, batelen zazpigarren jardunaldia Pasaian
Batelak Pasaian lehiatu ziren atzo, Trintxerpe Illunbek Arraun Klubak antolatutako Gipuzkoako Ligako zazpigarren jardunaldiko estropadan.
Kategoria nagusietan, irabazleak, Hibaika emakumeetan eta Donostiarra mutiletan. San Juanek garaipen bat lortu zuen atzo, Haur Mailako nesken batelari esker.
Sailkapen orokorrari begiratuta, arrosak lider dira hiru kategorietan: Haur Mailan nesketan, Kadete Mutiletan – Trintxerpeko Illunbe hirugarrena da kadeteetan- eta Gazteen Mailan mutiletan.
