Enrike Lekuonaren lanak erakutsiko dituzte Albaolan
Ostegunean zabalduko dute sortzaile hondarribiarraren erakusketa.
Poltsikoak bete lan dabiltza Albaolaren Kultur Faktorian. Ontziolako arduradunek jakinarazi dutenez, jarduera asko programatuak dituzte datozen asteetarako, horietatik lehena bihar, hilak 27. Emakumeen papera XVI. mendeko industrian bisita gidatu berezia eskainiko dute, emakumeen lanak izan duen garrantziaz informatzeko, eta modu horretan, Euskal Herriko itsas historia osotasunean ulertarazteko. 17:00etan da bisita gidatua eta aurrez erreserba egitea beharrezkoa da, emailez edota 943 392 426 telefono zenbakira deituta.
Horrez gain, ostegunetik aurrera Ondarea bihotzetik. Enrike Lekuonaren landa koadernoak izeneko erakusketa izango da ikusgai Pasaiako Itsas Kultur Faktorian. Hondarribiko Ondarearen Aldeko Elkartearekin (HONDAE) elkarlanean antolatu du Albaolak erakusketa.
Enrike Lekuona itsas ingeniaria izan zen lanbidez eta erakusketan ikusi ahal izango den moduan artista ere bazen. Beste askoren artean, Albaolako boluntarioa ere izan zen Lekuona.
Albaolan ikusgai egongo den erakusketak Enrique Lekuonak egindako 31 margolan ditu, gehienbat ondare gaiekin lotutakoak. Museoko sarrera ordainduta ikusi ahal izango da.
Haurrentzako tailerrak
Haurrentzako jarduerak ere antolatuko ditu Albaolak martxoan zehar. 6 eta 12 urte bitarteko haurrentzako tailerra antolatu du, Nabigatzeko pistak izenburupean martxoak 9 eta 23rako.
Haurrentzako tailer hauek datorren hilabeterako Euskal Kostaldeko Museoen Sareak antolatutako egitarauaren barrukoak dira. 42 museoek osatzen dute aipatu sarea eta guztietan izango dira kultur jarduera interesgarriak martxoan zehar.