Inspiraekintzaileak egitasmoko saio berrian, industria sortzaileak
Inspiraekintzaileak egitasmoaren hirugarren saioa egingo dute martxoaren 14an Oiartzungo Manuel Lekuona Bibliotekan. Saio praktikoa 21ean da.
Oarsoaldea Garapen Agentziaren Inspiraekintzaileak egitasmoa aurrera doa. Bi saio egingo dituzte dagoeneko, eta hirugarrena prest dute: martxoaren 14an da, 09:00etatik 11:00etara, Oiartzungo Manuel Lekuona Bibliotekan. Bertan, industria sortzaileen eremuan murgilduko dira parte hartu nahi dutenak, hainbat esperientziaren bitartez. Iker Izulainek gidatuko du saioa, Arbonies & Asociados konpainiako estrategia eta berrikuntza aholkularia da.
Oiartzungo saioan euren esperientzia sortzailearen berri emango dute Idoia Lizeaga bitxigile eta lore saltzaileak (Habian! enpresa haztegian dago); Mirokutana eta Frangoak ikus-entzunezkoen sektorean dabiltzan ekoizpen enpresetako kideek; eta Mendi Urruzuno argazkilariak.
Martxoaren 14ko esperientziak entzun ondoren, partaideek aukera izango dute ekintzailetza ideia eta proiektuak garatzen jarraitzeko, martxoaren 21ean jardunaldian egon diren pertsonek aukera izango dutelako horretarako, tailer baten bidez. Jump! proiektuen bizkortze metodologia erabiliko dute saio horretan. Hala, banaka eta taldean, jardunaldian aurkeztutako esperientzietan oinarrituta, horiek landu eta negozio-eredu eta negozio-logikak definitzeko saiakera egingo dute.
Inspiraekintzaileak egitasmoaren saioak doan dira. Oarsoaldean ekiteko espiritu ekintzailea duten pertsonak eta enpresak bilatzea du helburu, metodologia berriztatzaile baten bitartez, pertsona ekintzaileei eta enpresei laguntzeko.
Oarsoaldea Garapen Agentziak, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapen, Landa Ingurune eta Lurralde Orekako Departamentuaren laguntza du Inspiraekintzaileak aurrera eramateko.
Beste saioak
Egiteke dagoen laugarren eta azken saioan zahartzearen inguruko ekonomiaz arituko dira Inspiraekintzaileak-en. Gai horrekin lotutako esperientziak entzuteko saioa maiatzaren 14 izango da, eta alor praktikoari hil horren 21ean ekingo diote.
Martxoaren 14 eta 21koaren aurretik, ordea, beste bi egin dira: 2018ko abenduan zerbitzu aurreratuetan sakondu zen; urtarrileko saioak ekonomia berde eta zirkularrari buruzkoak izan ziren.