Kiroldegiko kanpoaldeko pareta bota dute
Kiroldegiko kanpoaldeko paretetako bat printzatu egin zen goitik behera igandean, eta suhiltzaileak bertaratuta hura botatzea erabaki zuten segurtasun arrazoiengatik.
Bekoerrota Kiroldegiko kanpoaldeko pareta bota egin dute. Pasa den igandean pareta printzatu zen goitik behera eta bizilagunek kezkatuta deitu zioten Udaltzaingoari. Arratsaldeko 17:00ak aldera suhiltzaileak bertaratu ziren, eta segurtasun arrazoiengatik pareta botatzea erabaki zuten. Hala ingurunea garbitu eta udal teknikariak printzaduraren arrazoiak aztertzen ari dira orain Arkaitz Angiozar Kirol teknikariak HITZAri azaldu dionez: “Udal arkitektoa eta teknikariak lanean ari dira, paretan printzadura zergatik sortu ote den jakiteko”.
Hesituta dauka eremua udalak, eremu horretatik oinezkoak pasa ez daitezen.