Akordioa lortuta amaitu da lan gatazka
Akordio horren arabera, alde guztiek bidezkotzat jo dituzte kaleratzeak, eta kalte ordainak hobetu zaizkie langileei legeak baimendutako mugen barruan.
Astearteko plenoan urgentziaz landu zuten gaia, eta orduan aurreratu zuten TAO zerbitzuko langile ohiekin luze jo duen lan gatazka amaitutzat eman zutela langileek eta udalak akordiora iritsita. Akordio horren gaineko zehaztasunak eman dituzte gaur Jaione Karrikiri alkateordeak, Jon Collar alkateordeak eta Jon Txasko Trafiko zinegotziak.
Garabi eta TAO zerbitzuen publifikazioaren ondotik zabaldutako prozedura judizial guztiak amaitu direla esanez hasi du agerraldia Karrikirik. Bi zerbitzuen publifikazioak gobernu taldeak aurreikusi zituen demandak ekarri zituela langileen aldetik erantsi du, “langile guztiek epaitegira jo zuten eta hainbat prozedura zeuden oraindik ebazpenaren zain. Akordio bat lortu dugu berriki, eta beraz, epaitegi prozedura horiek guztiak modu egokian ebatzi direla”.
Akordio horren arabera, alde guztiek bidezkotzat jo dituzte kaleratzeak, eta kalte ordainak hobetu zaizkie langileei legeak baimendutako mugen barruan.
Publifikazioa egin zutenenean, erabaki horrek langileengan izan zitzakeen ondorioak minimizatzeko arreta berezia jarri zuela udalak hasieratik nabarmendu du Karrikirik, eta hasieratik erakutsi zuela negoziazioa eta akordioetara iristeko prestutasuna, “izan ere, udalak erabaki zuen duela 25 urte publikoa zen garabi zerbitzua pribatizatu eta TAO zerbitzua hasieratik enpresa pribatu batekin martxan jartzea. Ondorioz aipatutako ondorioak ahalik eta gehien gutxitzeko betebehar morala sentitu du udalak. Ez zen posible izan hasieran, baina orain lortu dugu”.
Adostutako akordioa, orduan hartutako konpromisoaren zati bat dela azaldu du, eta beste zatiak etorkizunarekin duela zerikusia: “Hiru urteko enplegu plan bat onartu genuen beharrezkoa denean prestakuntza eskaintzeko, eta langile horiek kontratatzen dituzten enpresei laguntzak emateko”. Gaur egun ia TAOko eta garabiko langile ohi guztiak atxiki zaizkiola enplegu plan horri esan du, “zenbait pertsona kontratatu dituzte eta beste batzuk prestakuntza egiten eta lana bilatzen ari dira”.
Bost langile ari ziren garabi zerbitzuan eta lau ari dira plan enpleguaren barruan, eta bederatzi langile ziren TAO zerbitzuan, eta horietatik zortzik egin dute bat enplegu planarekin. Garbi zerbitzuko lau langileek publifikazioa hasi eta berehala egin zutela bat enplegu planarekin zehaztu du, eta TAO zerbitzukoek, berriz, urte amaieran batek, eta beste zazpiak urtarrila otsaila artean.
Publifikazioarekin “zerbitzu eraginkorragoa”
Publifikazioaren onurez hitz egin du Collarrek. TAO eta garabi zerbitzu “eraginkorragoak” eskaintzeko aukera eman du publifikazioak bere hitzetan, eta hainbat datu gaineratu ditu: “Udaltzaingoaren bidez trafikoa antolatzearen hobekuntzaz harago orduero 2.500 matrikula irakurtzeko aukera ematen digu sistema berriak, baita lapurtutako ibilgailuen etengabeko kontrola egiteko ere. Egoiliarrei tasa %20 murriztu ahal izan diegu, gainera, eta lehen 15 minutuak doan dira gainerako erabiltzaile guztientzat”.
Publifikazioarekin batera, gainera, LEP Lan Eskaintza Publikoa egin duela udalak nabarmendu du Collarrek, eta 11 udaltzain plaza sortu direla auzoetako batzarretan eskatutako auzoko poliziaren figura indartzeko.
Zerbitzua hobetzea izan dela publifikazioaren helburua nabarmendu du Txaskok, “eta hala izan da”. Langile ohiei ordaindu beharreko kalte ordainek udalaren diru kutxa kaltetu dutela diotenei erantzun die Trafiko zinegotziak; “kontrakoa gertatu da: Behin baino gehiagotan aipatu izan dugun moduan, hobekuntzak nabaritu dira zerbitzuaren eraginkortasunean TAO eta garabi zerbitzuak publifikatu ondoren, eta 2018. urtearen amaierarako udalak 941.000 euroko balantze positiboa zuen jada”. Aurtengo urtarriletik aurrera zerbitzua emateko modu berriak, 578.000 euroko aurrezkia eragingo diola udalari urtero gaineratu du, eta horrek eskainitako zerbitzuak hobetzen jarraitzeko aukera emango diela. Adibide bat ere jarri du Txaskok, “udaltzainek ibilgailu bat erretiratzea ez dela lehen baino behin edo bi aldiz merkeagoa, enpresarekin zuen kostua 23 aldiz merkeagoa da, peritu txostenaren arabera”.
Kalte ordainen zenbatekoaren gainean ere mintzatu dira. Txaskok azaldu duenez, 2018an dagoeneko zerbitzu juridikoei balorazio bat eskatu zieten eta gerakinetik 900.000 euro gorde zituen udalak langileen kalte ordainei erantzun ahal izateko, “zer edo zer gehiago izan daiteke, hasieratik indemnizazio horiek hobetzearen aldeko apustua egin dugulako—esan du Karrikirik—hasieratik negoziatu eta akordio batera heltzea izan da gure helburua”.
Akordioarekin amaitutzat eman du udalak bi zerbitzu horien publifikazio prozesua, “nahiz eta oraindik ere jarraituko dugun langile ohi horiekin martxan jarritako enplegu planarekin”.