Gardentasun falta egotzi dio Udalari Eguzki taldeak
Haserre azaldu da Eguzki informazio publikoa eskuratzeari dagokionean araudia urratu duelako udalak talde ekologistaren esanetan.
Gardentasun falta, eta informazio publikoa ez ematea egotzi dizkio Eguzki Talde Ekologista eta Antinuklearrak udalari. Haserre azaldu da Eguzki informazio publikoa eskuratzeari dagokionean araudia urratu duelako udalak talde ekologistaren esanetan: “Publikoki gardentasunaren sustatzaile eta defendatzaile sutsuena dela esaten duen bitartean, administrazio gehienen antzera badirudi gustua hartu diola araudia ez betetzeari”.
Iazko apirilean Arramendi eremuan eraikitzen ari diren gazteentzako zuzkidura etxebizitzen gaineko eskaera aurkeztu zuela eta hilabete batzuk beranduago, ekainean, berriz ere aurkeztu behar izan zuela eskaera azaldu du Eguzkik, “alferrik, izan ere, irailean Arartekoarenera jo genuen bere bitartekaritza eskatzeko”. Erantzuna sei hilabete geroago, urriaren 15ean heldu zela erantsi du talde ekologistak, ” bost lerrok txosten bat bidali zigun udalak. Informazioaren edukia ikusita, ez dirudi hainbeste denbora eskatu zuenik”.
Araudiaren arabera administrazioak hilabeteko epea du eskaerak erantzuteko, eta eskatutako dokumentuek aparteko ahalegina eskatzen badute, aldez aurretik jakinarazi ondoren, beste hilabetez luzatzen da epe hori.
Beste eskaera bat egin zuen Eguzkik. Joan den urrian izan zen hori, eta zehazki, 2009. urtean udalak egin zuen plan orokorraren gauzatze maila aztertzeko txostena da eskatu duena. Lau hilabete pasa direla eta ez duela oraingoan ere erantzunik jaso udalaren aldetik salatu du talde ekologistak: “Ez dugu nahi oraingoan gauza bera gertatzea, eta gure eskubideak urratzen dituen jarrera hau komunikabideetan salatzeak izan dezakeen eraginkortasuna zalantzan jartzen badugu ere, hala egitea erabaki dugu”. Komunikabidetan salaketa publiko egitearekin batera, Arartekoarenera joko duela berriz ere jakinarazi du Eguzkik, “ez dugulako beste tresnarik gure eskubideak errespeta daitezen”.
Gardentasuna jarrera bat dela, praktika bat erantsi du, “marketinaz harago doa, eta gauzatzen ez bada, agerian uzten du kudeaketa publikoaren arduradunen borondate falta eta zintzotasun urria. Gure eskaerak konnotazio berezia du gainera, Plangintzako Aholku Batzordeko kide gisa egin baitugu”.