Ardurak argitu artean, eusten
Pasaiako Udalak Kalparrako mendi magala egonkortzeko lanen kostua Iker Ausinek ordaindu behar duela uste du; Ausinek dio udalak aurrez gaizki egindakoengandik erantzun behar duela.
Pasaiako Udala lanean ari da San Pedron, Kalparra inguruan, mendi magalak egonkortzeko. Harkaitzak eusteko lanak egin dituzte, eta babes hesia jartzen ari dira, luiziak izatekotan, harritzarrak Torreatzeko pasealekuraino eror ez daitezen.
Iazko otsailean izan zen azkenekoz luizi bat inguru horretan, eurite handiak izan ziren garaian. Pasaiako Udalak lehengo astean jakinarazi zuenez, ordutik «lursailaren jabeei hainbatetan eskatu die egin beharreko obra egiteko, bizilagunen segurtasuna bermatze arren», eta «jabeek eskaerei jaramonik egin ez» dietela argudiatuta, mendi magalak egonkortzako lanak udalak «era subsidiarioan» egingo dituela iragarri zuen. Udalaren azalpenek, baina, lursailaren jabearen haserrea piztu dute.
Iker Ausin da jabea eta Hitza-ra jo du, udalak esandakoa gezurtatzera, eta bere bertsioa jakinaraztera.
Aurrekariak
Iker Ausinek 2017ko udaran erosi zuen lursaila San Pedron, Platako Farolaren bidean dagoen borda txiki batekin batera. Kontatu duenez, betidanik amets egin du mendian lursail txiki bat edukitzearekin, «zuhaitza batzuk aldatu eta animalia batzuk jartzeko». Ingurua oso ederra da, eta ikusi orduko oso aproposa iruditu zitzaion Ausini bere ametsa gauzatzeko.
Ametsa zena, baina, amesgaizto bilakatu zaio denbora gutxian, lursailaren beheko aldean lehenik jarria zegoen babeserako sarea ez zelako nahikoa izan 2018ko otsaileko luiziari eusteko. Are gehiago, erori zen harriak bere lursailean jarria zegoen babes sarea ukitu ere ez zuen egin. Gainetik pasatu zen, Torreatzeko pasealekuraino erortzeko, zorionez kalte pertsonalik eragin gabe.
Ausinek jakinarazi duenez, babes sarea udalak jarri zuen 2015. urteko luizi baten ondoren, harriak geratzeko nahikoa izango zela erabakita. «Ni hortaz fidatu nintzen. Ez naiz geologoa. Ikusi nuen udalak jarria zuela sare bat eta nahikoa izango zela uste nuen. Hori izan da nire akatsa», aitortu du.
Ausinek baietsitakoa berretsi du, neurri batean, Pasaiako Udaleko Hirigintza zinegotziak. Nahikari Oterminek azaldu duenez, aurretik gertatu zen luiziaren lur eremua, eta orain Iker Ausinena dena, Laura Inmobiliariarena zen. Orduko hartan inguruan egin zituzten konponketa lanak erdibana ordaindu zituzten udalak eta aurreko jabeak, Oterminen arabera, «geologoek egindako txosten teknikoen arabera ez zelako ziurra arroka hori beraien lursailetik erori zen edo udalaren lursailetik».
Aurreko jabearekin akordioa itxita jarri zuten gerora txiki geratu den babes sarea, nahiz eta Oterminek gogorarazi duenez, orduko jabeari «gehiegizkoa» iruditzen zitzaion.
Zoritxarrez, baina, denborak kontrakoa frogatu du, eta Ausini geologoek azaldu diotenez, sarea baxuegia izatez gain, mendiari itsatsiegia zegoen.
Jaso duen tratuarekin kexu
Udalaren eskaerei jaramon ez egin izana erabat gezurtatu du Ausinek. Are gehiago, kexu agertu da, udalarekin lortu duen bilera bakarra, Hirigintza zinegotzi Nahikari Oterminekin egindakoa, kostata lortu zuelako, «luizitik hilabeteetara».
Ausinek kontatu duenez, luizia gertatu zenean, bizilagun baten deiari esker jakin zuen udal langileak zebiltzala bere lursailean. «Nik deitu behar izan nuen udalera, beraiek ez ziren nirekin harremanetan jarri ezertarako», gogoratu du. Hirigintza departamenduaren buruarekin hitz egin zuen orduan, eta hark azaldu zion, telefonoz, luizia izan zela eta berak ordaindu beharko zuen obra bat egin beharko zela.
Orduan hasi zen Ausinen amesgaiztoa, halako obra bati aurre egiteko nahikoa dirurik ez zuela esan zuenean. Ordaindu ezean soldata, etxea edo behar zena enbargatuko ziotela erantzun ziotela ondo gogoan du. «Aulki batean eseri behar izan nuen», dio, une hura ezin ahaztuta. Luizia gertatu eta bi egunetara izan zuen elkarrizketa hura Ausinek.
Egoerarekin larrituta udalarekin bilera bat eskatu zuen. Hasiera batean Hirigintza departamentuko buruak baiezkoa eman zion, baina gerora, berriz ere telefonoz, bilera ez zela egingo esateko deitu zioten, Portu Agintaritzak ez zuela eseri nahi argudiatuta. «Notifikazio bat iritsiko zaizu, eta kito. Eta horrela izan zen, hilabete batera iritsi zitzaidan notifikazioa, esanez, azterketa bat egin zutela, obra bat egin behar zela, eta obra hori nik egin behar nuela».
Otsailean izan zen luizia eta aipatu notifikazioa apirilean jaso zuen Ausinek: «Hilabete eta erdian obra hori egin behar nuela esan zidaten, eta egin ezean beraiek modu subsidiarioan egingo zutela».
Hilabete horretan aholkularitza bilatu, eta obra handi hori ez zela partikular batek egiteko modukoa esan zioten Ausini. Informazio horrekin, maiatzean udalera idatzi bat bideratu zuen berak obra ezin zuela egin argudiatuta, eta udalari modu subsidiarioan egin zezala eskatuz.
53.300 euroko aurrekontua
Pasaiako Udalak 53.300 euroko aurrekontua du Kalparrako mendi magalaren egonkortze lanak egiteko, eta diru kantitate hori da, hain zuzen, udalak eskatzen diona Ausini: «Udalak ultimatum bat eman zidan urrirako ordaindu behar nuela esanez, eta bestela isunak eta enbargoak hasiko zirela ohartaraziz, hau ere notifikazio baten bidez».
Abokatu bat kontratatu, familiari dirua eskatu eta ordainketa ere egin zuen, nahiz eta, kontatu duenez, oraingoz, dirua berreskuratu duen: «Nire abokatuari esker, eta udalak gure helegite bati epez kanpo erantzuteagatik». Dirua itzuli diote, eta Ausinen arabera, akordiorik ezean, «epaileak erabaki beharko du nork ordaindu behar dituen lanak».
Ausinen arabera, baina, arazoaren ardatza beste bat da: «Kontua da hemen, 2015ean, aurreko jabe batekin beste luizi bat egon zela». Kasu hartan, udalak Ikerlur enpresa kontratatu zuela adierazi du, eta azterketa egin ondoren goitik behera sare bat jarri behar zela erantzun ziotela udalari, «goitik datozen harriak geratzeko, hiru metroko altuera duen sarea jarri, oso zabala».
Obra hura egin bitartean, orain arte egon den beste sare bat jarri zutela dio Ausinek, «hasiera batean, behin-behinean». «Hirigintzakoek kontratatu zuten Ikerlur, eta garaiko jabeak Lurtek. Lurtek-ekoek behin- behineko sarea nahikoa zela esan zuten, eta tratu batera iritsi ziren udalarekin, lanak erdibana ordaintzeko, ez zekitelako nondik zetorren orduan erori zen harria, eta udalak ere baduelako inguruan 15 metro inguruko lur eremu bat».
Akordioa lortuta, udal teknikariek txosten bat egin zutela dio Ausinek, «esanez behin-behinekoa izan behar zuen sareak, behin betikoa izango zela». Denborak, baina, sare hura ez zela nahikoa frogatu du: «Zer gertatu da? Orain harri bat erori dela behin-behineko sare horren gainetik, eta hirigintza departamentuak, oraingoan, Lurtek-engana jo duela. Zergatik? Bai Lurtek eta bai Hirigintza departamentua erratu egin zirelako bere garaian behin-behineko sare hori nahikoa zela esatean». Hala uste du kaltetuak: «Orain Lurtek-ek eta udalak beste txosten bat egin dute esanez nik jarri behar dudala berez 2015ean jarri behar izan zuten goiko sare hura».
Portuaren arduraz
Pasaiako Udala, Kalparrako lanak subsidiarioki egitearen arrazoiak azaltzeko helarazitako oharrean « jabeei» buruz ari da, pluralean. Lurraren bigarren jabea zein den galdetuta Ausinek ez du erantzun argirik: «Ez dakit zergatik. Beraiek pentsatzen dute harria erori dela nire lursailetik eta nik ordaindu behar dudala, hasieratik».
Udalari gaiaz galdetuta, bigarren jabea Portu Agintaritza dela argitu du Hirigintza zinegotzi Nahikari Oterminek: «Portu Agintaritzari uraren kanalizazioa konpontzeko eskatu diogu». Izan ere, erori zen harria, Platako Farolara bidean doan errepide bazterrekoa da, eta aipatu errepidea Portu Agintaritzaren jabetzakoa.
Hortxe du Iker Ausinek bere defentsarako bigarren heldulekua: «Errepide horrek, hiru metro ditu alboetan legez domeinu publikokoak direnak», eta Ausinen abokatuaren ustez, «errepide horren titularitatea Estatuarena da, eta errepidearen alboetako mantentze lanak Portu Agintaritzarenak».
Ausinen arabera, «errepidea eusten duen harria da erori zena», eta informazio gehiago ere erraztu du: «Portu Agintaritzak errepidearen ur kanalizazio guztia luizia gertatu zen ingurura jaurtitzen du eta, geologoek egin duten txostenean ohartarazten dute hor botatzen den ur kopuru handiak eragina izan dezakeela gertatu den luiziarekin».
Geologoen txostenak, baina, interpretazio ezberdinetarako tartea uzten duela dio Ausinek: «Irakurketaren arabera, Portu Agintaritzaren aurka jartzen zara, edo lursailaren jabearen aurka, eta udalak, zuzenean nire kontra jo du».
Akordio baten bila
Iker Ausinek udalarekin akordio batetara iritsi nahi du: «Niretzako hau oso-oso traumatikoa izaten ari da; honekin bukatu nahi dut. Ez dut hau gehiago luzatu nahi. Udalarekin akordioren bat ixten saiatzen ari naiz».
Lehen eskaintza bat egin zion udalari Ausinek, irailean, eta udalak ezetz erantzun: «Lursaila ere eskaini diet, udalak egozten didan zorra kitatzearen truke, terreno horrek duen arazoa ikusita, nire ustez, lur hori ezin delako izan partikular baten jabetzakoa».
Ezetza jasota bigarren eskaintza bat ere egin du. Ausin prest dago udalak egozten dion zorraren erdia ordaintzeko, «udalak bere lursailaren beheko partzela problematiko horiek hartuz gero». Erantzunaren zain dago orain, eta udalean gaiaz galdetuta, Oterminek jakinarazi du Hirigintzako teknikariak proposamena aztertzen ari direla.
Bien bitartean, behintzat, lanean hasiak dira. «Behingoz obra egiten ari dira eta ni ere lasaiago nago, euria egiten duen bakoitzean ezin dudalako lo egin, pentsatzen beste harri bat eror daitekeela, eta ni errudun joko nautela», hala adierazi du Ausinek, epaiketara iritsi aurretik akordiorako zirrikitua topatuko dutenaren itxaropenez.