Jokin Urain: «Gure ibilbidearen memoria ondorengoentzat jasota uztea ezinbestekoa da»
‘Amaren etxea’ liburuan euskal presoen senideen historia bildu du Jokin Urain idazle eta preso ohiak. 100 testigantza baino gehiago jaso ditu sufrimenduaz, baina batez ere, maitasunaz eta konstantziaz mintzo den liburua osatzeko.
Euskal presoen senideen gaineko liburua idatzi duzu. Zer kontatu duzu bertan?
Izenburuak esaten duen bezala etxeetako presoen eta preso ohien senideen istorioak, senideen ahotsak, senideenak eta lagunenak. Ahots horiek jaso nahi izan nituen historia hori kontatzeko. Ehun bat senide eta lagunen ahotsak daude liburuan.
Oinazearen kontaketa da, dispertsioak baduelako bere zama, baina batez ere maitasunaren liburu gisa definitu duzu.
Maitasunaren eta elkartasunaren liburua da, baina baita ere, nik esango nuke konstantzia handi baten kontaketa dela senideena, epika handi bat, askotan bisualizazio handia izan ez duen epika; gure ingurunetik kanpo gutxietsi eta mespretxatu egin nahi izan den epika ere bada, baina gutxiespen nahi horren gainetik eta denboraren gainetik iraun duen eta irauten duen konstantzia da.
Konstantzia aipatu duzu. Garrantzi handia du liburuan eta senide eta lagunen ibilbidean?
Senideen historia nola edo hala presoak egon diren denbora guztian iraun duen historia bat da. Senide bat espetxean sartzen dutenean, etxe guztia hartzen du bere menpe kartzelaren itzalak, eta presoak kartzelan dirauen bitartean irauten duen borroka bat da senideena, astero-astero, hilero, urtero… Askotan, urte luzeetan, belaunaldiak iraun dituen historia. Konstantzia hori da, asteroko, hileroko, urteroko mantentze hori.
Ehun kontaketa bildu dituzula esan duzu. Zaila izan da horiek lortzea?
Ez da erraza aurkitzea historia hori kanporatu nahi duen senidea, beti dugulako nolabaiteko lotsa. Guk kontatzen ditugu gure bizipenak baina zirkulu txikian, etxean. Publiko egiteko prest dagoen jendea aurkitzea ez da beti erraza, baina askok eta askok ikusi dute behar hori, gure inguruari pixka bat gehiago zabaltzekoa, gure ondorengoentzako idatzita uzteko premia.
Ibilbide horren aspekturen batzuek beti gelditzen dira kontatu gabe, kontatu ezinean, baina aurkitu ditut kontatu nahi izan dituztenak ere, batzuk luzeago, beste batzuk laburrago; egin ditut zuzeneko elkarrizketak, kafe pila bat hartuta, eta beste batzuk nahiago izan dute etxean egin seme-alaben artean edota iloben artean, eta eginda eman didate testigantza. Gero zuzendu eta moldatu ditut. Hartu ditut ere azken urteetan egunkarietan senideek eman izan dituzten elkarrizketen zatiak, beraiekin berriro ere osatuz, eta aurkitu ditut baita ere Sare Herritarrak senideen testigantzak jasotzeko egindako bideoak.
Joskintza lan handia egin duzu.
Garai ezberdinak josten saiatu naiz.
Zer da atentzioa gehien eman dizuna testigantza bilketa egin duzunean?
Senideengana joaten zarenean, hainbeste sufriarazi dioten kolektiboa izanik, kontuan izan behar da inon epaitu gabe nola edo hala errua egotzi dietela senideei, senide izatearen erru hori. Hainbeste urtez, hainbeste espetxez pasatu direnei ahotsa eskatzera joaten zarenean suposa daiteke gorrotoa edo ikusezina atera behar zaiela, eta nahiz eta kontatzen duten izan duten sufrimendua, ez dute sufrimendu horren aldarririk edo propagandarik egiten, elkartasunaren aldarria egiten dute, maitasunarena. Beraien lanaren konstantzia azaleratzen dute nahiz eta ez esan zuzenki, ez dute protagonismo aldarririk egiten, baina beren zereginak azaltzen du duten protagonismo hori: herria eta espetxearen arteko zilborrestea dira.
Bidaiaren gogortasunak, kristalaren atzeko goxotasunarekin, aurrez aurreko besarkadarekin egiten du talka. Nola bizi dute senideek hori?
Niri, pertsonaletik behintzat, erakutsi didate zer den senide izatea, baina batez ere zer den dispertsioaren alde hau bizitzea. Etxean ere behin baino gehiagotan esan izan didate ‘zuek ez daukazue ideiarik ere zer den sakabanaketa eta zer den urrutiratzea’. Kartzelatik atera ondoren, espetxe batzuetara joan naiz eta konturatu naiz zein urruti izan gaituzten eta oraindik ere zein urruti gauzkaten. Hor ikusten duzu senide eta lagunen sakrifizioaren handitasuna norainokoa den. Sakrifizio hori zein gutxi kexatuta egiten duten, hasi txiki-txikietatik eta segi handienetaraino. Askotan txikiak dira, motxiladun haurrak, bidaia horiei alaitasun puntu bat ematen dietenak, desdramatizazioa ematen dietenak. Nik, semea eta ilobak, bisita kabinan ezagutu ditut denak. Handitzen eta aldatzen bertatik ikusi ditut, eta edozein momentu gogorretan desdramatizatzeko joera dute beraien xalotasunetik.
27 urtez izan zinen preso. Zer suposatzen du bisitak?
Suposatzen du herri eta ingurunearen parte izaten jarraitzea, hain zuzen, kendu nahi izan diguten horren aurkako borrokan jarraipen bat izatea. Argi ikusten genuen neguan eta eguraldi txarra egiten zuenean, preso sozialek askotan ez zutela bisitarik izaten, bisita izaten zuten bakarrak gu izaten ginen, eta hori ez du egiten bakarrik afektibitateak, militantzia parte bat ere badago. Erakusten dizute modu konprometitu batean zenbateraino zaren herri horren parte, etxearen parte, zailtasun eta ezintasun guztien gainetik.
Emakumea jarri duzu kontaketaren erdigunean, ama zehazki.
Ama hartu dut emakumea orokorrean adierazteko. Amaren irudia unibertsala da batetik; bestetik, etxeko bat atxilotzen dutenean komisariara kontuak eskatzera joaten den lehena ama izaten delako, ama edo arreba, senarra edo anaia ondoan egongo da, baina lehena ama da. Espetxean ere ama edo bikotekidea izaten da poltsa sartu ezin denean kontuak eskatzen lehena. Ama izan zen Argentinan seme-alaba desagertuen bila abiatu zena, ama edo amona. Ama zuen euskalduna Atahualpa Yupanquik eta bere amari dedikatu zion abesti bat, Mis oñases. Oinazea, samina, malenkonia da, eta liburua goitik behera zeharkatzen duena hori dela uste dut, amaren oinazeak.
Azaroan atera zenuen liburua eta Durangoko Azokan ere izan zinen. Zein harrera izaten ari da Amaren etxea?
Harrera sekulakoa izan du. Durangon atera ziren euskarazkoa eta gaztelerazkoa, eta euskarazkoa agortu zen eta bigarren edizioa atera zuten. Bigarrenarekin ari gara aurkezpenak egiten orain. Jendeari interesatu zaiola bistan da, eta nahi duela kontaketa hori jaso, eduki.
Non eros daiteke?
Hainbat liburu dendatan eta Gara-ra deituta ere. Liburua berez Astero argitaletxeak atera duelako, Gara-ren barne promozioak ateratzen dituen argitaletxeak. Aurkezpenetan ere aukera dago erosteko.
«Presoak kartzelan dirauen bitartean irauten duen borroka bat da senideena»
«Herriaren eta espetxearen arteko zilborrestea dira senide eta lagunak»
«Nik esango nioke herriari ez izateko indiferente presoen gaiarekin»
Sakabanaketa politikak senideak eta lagunak zigortzen ditu zuzenean. Jaso dituzun testigantza horietan dispertsioaren aurpegirik gogorrena aterako zen.
Dispertsioa da estatuek menperatu nahi duten herrien kontra beti erabili duten politika, beti erabilitako arma. Liburu honetan azaltzen da 1936ko Espainiako Gerran preso egondako baten alaba, gero gure aldian ere herriko presoak bisitatzera joan izan dena; bada beste emakume bat ezagutu ez zuen bere aitonari eskutitz bat idazten diona. Puerto de Santa Maria (Cadiz, Andaluzia, Espainia) espetxean izan zuen aitona. Orain ere joaten da espetxeetara lagunak bisitatzera. Ordutik, etengabean izan da sakabanaketa, kontua da 1987an areagotu egin zutela eta eman ziotela beste plus bat presoaren damuaren bila. Baina urrutiratzea, etxekoekin zilborrestea apurtu nahia, presoa isolatu eta deuseztatu nahian erabili izan den arma izan da beti sakabanaketa, eta batez ere urrutiratzea. Testigantza nahiko gordinak daude, haurrenak eta guraso helduenak. Urteetan semea edo alaba ikustera joan ezin dutenak osasun egoeragatik edo, eta seme edo alaba etxeratu zain bizi direnak. Beraien bizi poz bakarra semea edo alaba etxean ikustea dute, itxaropen horrekin bizi dira. Larritasuna ematen dizu batetik; itxaropena, bestetik.
Txikienena, berriz, bizipoza da, aita edo ama etxera etortzen denean egingo dituztenekin amesten, zeru horren zain bizi dira.
Senideei aitortza da liburua.
Senideei eta beraien iraupen eta borroka horri aitortza, dudarik gabe. Nik uste dut guk egin dezakegun gauza onenetarikoa dela gure ibilbidearen memoria, testigantza jasota uztea ondorengoentzat, idatzita eta jasota uztea protagonisten ahotsekin, gainera. Guk ez badugu egiten gure errelatoa ez du inork jasoko edo okerragoa dena, beste batzuk egingo dute haien erara.
Ametsen liburua eta Amaren etxea idatzi dituzu aske irten zinenetik. Hurrengoren bat baduzu bidean?
Nik idatzi baino, autore asko dituztela bi liburu horiek esango nuke, nik josi, batu egin dut. Oraindik beste autore asko eta asko daude beraien ahotsa jasotzeko. Bizi izan dugun azken 60 urte hauetako historiatik asko dago oraindik jasotzeko.
Egoera politikoa asko aldatu da. Espetxeetako eta erbesteko errealitateak, berriz, hor jarraitzen du. Zein irakurketa egiten duzu, amestu daiteke agertoki bat sakabanaketarik, deserririk gabekoa?
Nik uste dut amesten dugula eta amesten jarraitu behar dugula, amesteak aurrera jarraitzeko indarra ematen dizulako. Amestea itxaropena bezala da, galtzen duzun azkena, eta galtzen duzunean ez zaizu ezer gelditzen.
Gu espetxera sartu gintuztenean, duela 32 urte, Herrera de la Manchan (Madril) sei urte zeramatenek esan ziguten, ‘zuena bai suertea, zuek ez duzue guk adina denbora egingo espetxean, beste bi urtean kalean gara’. Pixka bat engainagarri zela esan zezakeen edozeinek, eta handik bi edo hiru urte pasako ziren eta esaten genuen berriro, ‘beste bi urte barru kalean’. Engainagarria izan arren zuri balio dizu esperantza izateko, beste etorkizun bat amesteko. Gaur egun ere uste dut jarraitu behar dugula bestelako etorkizun hori amesten, presorik, iheslaririk eta deportaturik gabeko etorkizun hori, eta egunen batean ekarriko dugu.
Espetxe eta herriaren arteko zilbor hestea direla senide eta lagunak esan duzu. Zein paper dagokio herriari?
Nik esango nioke herriari indiferente ez izateko inguruan dauden arazoekiko, ez izateko indiferente presoek bizi duten egoerarekiko. Lehentasunezko arazoa bezala dugu askok barruan diren lagunak.