[Bideoa eta galeria] Ez dute kale egin
Duintasunak bat egin du ostiralerako mugimendu feministak antolatu duen greba orokorrarekin.
Bizikleta martxa antolatu du jubilatue ta pentsiodunen mugimenaduak. Errenteria-Oreretatik abiatuko da astelehenean. Ez dute kale egin, hura hartu baizik. Gaur ere protesta jendetsua egin du Duintasunak. 1.080ko gutxieneko pentsioa agendan, alarguntza pentsioa %100ekoa, zerbitzu soziosanitarioen sare publiko eta unibertsala eta soldata zein pentsio arrakalarekin amaitzea. Zerbitzu publikoen historia langile klasearen historiako zati garrantzitsua dela esan dute baina egun hura deuseztatzen eta pribatizatzen dabiltzala botere ekonomikoak gobernuen politika neoliberalarekin salatu du. ez dela kasuala esan du gainera, “patriarkatu kapitalistaren parte bat da, emakumeak doako zaintza lanetara kondenatzen dituena, horrek dituen ondorio guztiekin soldatetan zein pentsioetan”.
Argi esan dute, Duintasunak, pentsionisten mugimenduak bat egin du Martxoak 8ko greba feministarekin. Hura babestu eta bat egitera deitu dute Duintasuna elkartearen emakumeek gaur. Gasteiza begira ere jarri da, gainera, Duintasuna. Atzo 43 urte bete ziren greba orokorraren testuinguruan Espainiako Polizia Nazionalak sarraskia eragin zuela Gasteizen. Zaramagako Asisko San Frantzisko elizaren barruan biltzarra egiten ari ziren milaka langileei gas negar-eragileak jaurti zizkieten poliziek, indarrez aterarazteko. Elizaren ate bakarretik irteten hasi zirenean tiroka hartu zituzten. Bi mila tiro baino gehiago egin zizkieten poliziek bertara bilduta ziren langileei.
Bost lagun hil zituzten, eta 150 zauritu. Polizia haien eta Espainiako gainerako polizia indar guztien burua Manuel Fraga Iribarne ministroa zen, eta sarraskiaren erantzukizuna egun haietako protestak egiteko deialdia egin zutenei egotzi zien.
Duintasunak langile horiek gogoan izan ditu gaur egin duen elkarretaratzean, eta langile borrokari esker lortu direla garaipen ugari nabarmendu du. Gasteizko gertaera horien gainean hainbeste urte pasa badira ere, ez dagoela aitortzarik esan du.
