Frankismoaren zauriak osatzeko
'Errenteria 1936-1945: Giza eskubideen zapalketa eta errepresioa Gerra Zibilean eta Lehen Frankismoan' liburuak argia ikusi du. Espainiako Gerran zein gerraostean gertatutako egitateen eta giza eskubideen zapalketen berri jaso ditu Amaia Rodriguez Oñatibia Aranzadiko historialariak.
Errenteria 1936-1945: Giza eskubideen zapalketa eta errepresioa Gerra Zibilean eta Lehen Frankismoan liburuak argia ikusi du. Errenteriako Udalak 2016ko uztailean 1936ko Espainiako Gerran zein gerraostean gertatutako egitateen eta giza eskubideen zapalketen larritasuna zehazteko ikerketa abiatzea erabaki zuen. 2017ko urrian jarri zen abian ikerketa, eta horren emaitza orain heldu da, Aranzadi Zientzia elkarteko Amaia Rodriguez Oñatibia historialariak hiru liburutan bilduta.
750 orritan jaso ditu historialariak ikerketaren emaitzak, hiru liburukitan banatu du informazio guztia, eta horietako bakoitzetik 1.500 ale aterako ditu udalak, doan banatzeko. Testigantzak izan dira ikerketa lanaren oinarria, eta horrekin batera artxibo desberdinak arakatu ditu ikerlariak. 1.891 izen eta horien guztien bibliografia labur bat jaso ditu egileak. Horrek ez du esan nahi lan itxia denik zehaztu du Julen Mendoza alkateak, PSE-EEko Jose Angel Rodriguez, Errenteria Irabazizeko Jon Collarrekin, EAJko Garbiñe Oiarbiderekin eta EH Bilduko taldekide duen Garazi Lopez Etxezarretarekin batera egin duen agerraldian. Izan ere, bertan direnek sufritu zuten gerra, baina baliteke, sufritu zuten gehiago ere izatea eta ez egotea bilduta, “ikerketak, beraz, bizirik jarraituko du”.
Datu orokorrak ere eman dituzte gaurko agerraldian. Ikertutako garaian 9.000 biztanleko herria zen Errenteria-Orereta. Horietatik 862 gudari eta miliziano joan ziren gerrara, eta 99 gerran hil ziren. Bando Frankistak Errenterian erreklutatutako gudularietatik 51 gerran hil ziren.
Gainera, 274 errenteriar epaitu zituzten gerra kontseilu frankistetan; 20 heriotza zigor ezarri zituzten eta zortzi gauzatu ziren. Gerran judizioz kanpoko 29 fusilamendu izan ziren.
Frankisten bandoan 75 preso eta 11 fusilatu izan ziren.
Udaleko 22 langileri espedientea zabaldu zitzaien; guztira, 35 udal langile kaleratu zituzten. 154 haur atzerrian errefuxiatu eta eren familiengandik bereizi zituzten, hainbat kasutan urte luzez. Errenteriako biztanleen erdiak herritik atera behar izan zuen, eta ehunka preso egon ziren baldintza eskas eta penagarrietan langile batailoietan.
Gai ezberdinak landu ditu ikerlariak hiru liburukietan. Lehenengoan, errepublika garaiko Errenteria, gerra hasi zenetik Errenteria frankistek hartu zuten arte, eta emakumeen aurkako errepresio frankistaz mintzo da ikerlaria; bigarrenean, errenteriarren aurkako errepresioa lehen frankismoan eta lekukotzak; hirugarrenean, berriz, izenak bildu ditu ikerlariak, eta giza eskubideen urraketa eta beste sufrimenduen laburpena.
Ekitaldia
Hilaren 15ean biktima guztiekin ekitaldia egingo du udalak Niessen Kulturgunean. Ikerketaren emaitzak biktima guztiei eta beraien familiei aurkeztuko dizkiete bertan, eta ateak itxita egingo dute ekitaldia. Bertan, ikerketaren egileak lanaren nondik norakoak aurkeztuko dituzte. Egun horretan bertan gonbidatuei liburuak emango zaizkie. Gainontzekoek berriz, hilaren 18tik aurrera izango dute liburuak eskuratzeko aukera Errenteriako Udaleko ZU! Arreta zerbitzuan eta Udal Liburutegietan Madalena kalekoan eta Bizarain ikastetxekoan.
Ikerketa lana bukatuta, 1936ko Espainiako Gerrako eta lehen frankismoko biktimei egia eskaintzeko moduan daudela esan du Mendozak. Biktimek egia, justizia eta erreparaziorako eskubidea dutela zehaztu du, eta liburuarekin egiarekiko gerturatzea egin dela, “agintaldi honetan garrantzitsua iruditzen zitzaigun ixtea”.