Lezoko kaleko lehen igogailua inauguratu dute gaur
Igogailua gaur goizean inauguratu dute. Udalak jakinarazi du igogailu gehiago egiteko askoa duela, Irisgarritasun Plan Bertikalaren arabera.
Kaleko lehen igogailua inauguratu du gaur Lezoko Udalak. Bekoerrota kiroldegia eta Altamira auzoa lotzeko egin dute hirigintza azpiegitura, herrigunea eta auzoa lotuko ditu.
Gaur inauguratu dute igogailua. Zintza mozketa ekitaldian Jesus Mari Martiarena alkatea, eta Miguel Angel Sanchez, Noemi Arberas, Enrique Figueroa, Aldredo de La Puente eta Irlentz Ortega zinegotziak egon dira. Zinta moztu ondoren igogailua probatu dute ordezkari politikoek eta teknikariek. Dena ondo. Prest da lezoarrek erabil dezaten.
Lanek 590.458 euroko aurrekontua izan dute, eta epeak bete egin dira horiek burutzeko. Lezoko Udalak jakinarazi du, Irisgarritasun Plan Bertikalaren arabera igogailu gehiago eraikitzeko asmoa duela, “datozen urteetan eraikiko diren igogailuen artean lehena besterik ez da”.
Udalak jakinarazi du euren lehentasunen artean dagoela herriko irisgarritasuna hobetzea, “biztanleen ongizatea eta bizi kalitatea hobetzeko asmoz”.