[GALERIA eta BIDEOAK] Kolorez bete da Trintxerpe
Karmengo Ama eskolako konpartsak eman die hasiera Pasaiako inauteri berantiarrenei
Itxuraldaketa martxan da. Biharko greba feministak baldintzatuta, gaur hasi dira Trintxerpeko inauteriak, eta urtero ostiralarekin irten ohi den Karmengo Amaren ikastetxearen konpartsa, gaur atera da, arratsaldeko lehen orduan.
Euskal inauteriak. Horixe aurten konpartsarako gaia, eta tartean, Miel Otxin, Ziripot, Arizkungo hartza eta konpainia… guztiak jantzi ikusgarri eta koloretsuak soinean, gurasoen begiradapean desfilean, kantuan eta dantzan, kontent, txintxo demonio.
Konpartsen aurkezpena
Inauteriek, gaur, frontoian izango dute bigarren topagunea. 20:00etatik aurrera bertan aurkeztuko dituztelako aurtengo konpartsak, hain zuzen ere, larunbatean eta igandean, desfilatuko diren denak: Boveda, Txassis, Fama, Show Time, Gurea eta Activa Dance.
Horiez gain, aurtengo egitarauan nabarmentzekoak, larunbaterako Korkoiburuek antolatutako mozorro poteoa, munstroek girotuta, eta gaueko Elektro Buiaka.
Trintxerpen ohiturak agintzen duen legez, inauteriak igandean bukatuko dira, Bakailaoaren ehorzketarekin.