Txirrindulariek hartuko dute Errenteria-Orereta
Larunbatean laguntasunak antolatutako Errenteriako Bira lasterketa egingo dute arratsaldean herrigunean; Igande goizean berriz, OTXEk antolatutako San Markos Errenteriako Mountain Bike lasterketa egingo dute Bizarain mendian.
Txirrindulariena izango da Errenteria-Orereta asteburuan. Larunbatean eta igandean bi lasterketa antolatu dituzte, eta horien berri emateko agerraldia egin dute gaur goizean Arkaitz Iza eta Urko Munduate OTXE Oarsoaldeko Txirrindularitza Eskolako kideak, Roberto Asenjo Laguntasun elkarteko kideak eta Jon Txasko Kirol zinegotziak.
Asenjok hartu du hitza lehenik eta beraiek antolatutako lasterketa Haur eta Kimu mailako txirrindulari federatuei begirakoa izango dela zehaztu du. Seigarren aldia du honakoa Errenteriako Birak: “Hainbat arrazoiarengatik aurten ez da Gazte Mailako lasterketarik izango, datorren uretan hura berreskuratzea espero badugu ere”. Bi kilometroko ibilbidea egin beharko dute parte hartzaileek, Haurren kasuan hiru itzuli egin beharko dituzte anbulatorioko biribilgunea eta Gabierrota auzoko biribilgunearen artean, eta Kimuek berriz, sei itzuli ibilbide beran.
70 parte hartzaile espero dituzte. 16:30ean hasiko da lasterketa hori.
Izak eta Munduatek eman dituzte San Markos Errenteriako Mountain Bike lasterketaren gaineko zehaztapenak. Igandean izango da lasterketa, 11:00etan hasita, eta bertan Kadete, Junior, Sub 23, Eliteak eta Master kategoriako txirrindulariek hartuko dute parte. Laugarren aldia du OTXEk Bizarain Mendian, San Marko gotorlekuaren inguruan antolatzen duen lasterketak, eta 200 lagun inguruk hartzen dutela parte zehaztu du Izak, “aurten eguraldi onarekin izen emateak dezente izaten ari direla dirudi, eta agian 200 horiek gaindituko ditugu. Parte hartze polita da”.
OTXErena ere lasterketa federatua da, eta gainera Euskadiko Openerako puntuagarria izango da, zehazki San Markos probarekin hasiko da igandean Euskaldiko Irekia. 6 kilometroko luzera izango duela zirkuituak esan du Munduatek, “kategoriaren arabera zirkuitu horri hainbat itzuli egin beharko dizkiote parte hartzaileek: Kadeteek, 2; Gazteek, 3; eta Elite Mailakoak, 5 itzuli”.
Irteera eta helmuga San Marko gotorlekuan izango da.
Bata zein bestea, lasterketa “erreferentzialak” bihurtzen ari direla Errenteriarentzat esan du Txaskok, eta eskertu egin du bi elkarteen lana horiek egi bihurtzeko. Herritar guztiak animatu ditu haiek ikustera, “biak direlako politak, ezberdinak bata herrigunean, eta bestea mendian delako, baina biak politak”.
Lasterketa biek trafikoan eta garraio publikoan ere eragina izango dutela zehaztu du Txaskok, “bereziki herrigunean larunbatean”, eta San Markoko probaren inguruan ikusleak oinez hurbiltzera animatu ditu, “ahal den kasuetan”.