Herritarrak "proiektu bateratua" egitera deitu ditu PSE-EEk
Lau hitzaldi antolatu ditu alderdi sozialistak; lehenengoa hilaren 13an egingo du (asteazkena) 'Pertsonak oinarri dituen udala' goiburuarekin.
Udal hauteskundeei begira, herritarrak “proiektu bateratua” egitera deitu ditu PSE-EEk larunbatean egin zuen agerraldian, eta horretarako programa osatzeko garaian errenteriarren ekarpenak jasotzeko hainbat bide zabaldu ditu. Txartela helarazi dutela postontzi guztietara azaldu du alderdi sozialistak ekarpen horiek jasotzeko, eta halaber, Morrongilleta kaleko Herriko Etxea, zein Beraun eta Iztieta auzoetan zabaldutako bulegoetan ere jasoko dituztela ekarpenak esan du.
Datozen asteetan herriko Etxea topagune bihurtu nahi duela aurreratu du bestalde alderdi sozialistak, “eztabaida espazio bihurtuko dugu Errenteriak dituen etorkizunerako erronken gainean aritzeko”. Horren harira, lau hitzaldi antolatu dituzte. Asteazkenean izango da lehena, eta Pertsonak oinarri dituen udala goiburuarekin Isaac Palencia PSE-EEko zinegotzia Errenteriako Udalean, Susana Garcia Gipuzkoako PSE-EEko gizarte zerbitzuetako idazkaria, eta Sergio Corchon Irungo Udaleko gizarte ongizate delegatua mintzatuko dira. Hilaren 21ean izango da bigarrena, eta hiriek etorkizunean dituzten erronkez hitz egingo dute Joseba Etxartek alderdi sozialistako zinegotzia Errenteriako Udalean, Jose Ignacio Asensiok Ingurumen eta Obra Hidraulikoen diputatua, eta Cristina Labordak Irungo Udaleko zinegotzia. Asensiok klima aldaketaren gainean eta udalek horri aurre egiteko har ditzaketen neurriez mintzatuko da gainera, eta Labordak mugikortasun iraunkorra izango du mintzagai. Errenteriako alderdi sozialistak nabarmendu du erreferentea dela Irungo Udala mugikortasun iraunkorrean, “Autobus linea elektrikoa jartzen Araba, Bizkai eta Gipuzkoako lehen hiria izan da”.
Hilaren 28an, alkategaia den Jose Angel Rodriguezek eta Ahaldun Nagusia izateko hautagaia den Denis Itxasok egingo dute hitzaldia Errenteriako alkate izandako Miguel Buenekin batera.
Apirilaren 4an izango da azken hitzaldia. Berdintasuna eta kirola, hori izango da alderdi sozialistak aukeratu duen gaia, eta udal hauteskundetako zerrendan bigarrena den Goizane Alvarezek hartuko du hitza, Amaia Andres atleta olinpikoa eta Gipuzkoako Atletismo Federazioko lehendakariarekin batera. Hitzaldi guztiak Herriko Etxean izango dira, 19:00etan.