Azken eraso matxista gaitzetsi du Errenteriako Udalak
Adierazpen instituzionala egin du bozeramaileen batzordeak. Aho batez erasoa gaitzetsi, eta Oreretako Mugimendu Feministak deitutako elkarretaratzearekin bat egin du.
Atzo eguerdian Errenteriako Etxeberrieta auzoan izandako sexu erasoa gaitzetsi du bozeramaileen batzordeak aho batez, eta Oreretako Mugimendu Feministak antolatu duen elkarretaratzearekin bat egin du. Adierazpen instituzionala egin du bozeramaileen batzordeak eraso sexistaren harira. Emakumeei egindako edozein indarkeria motaren aurrean erabateko gaitzespena erakutsi du, eraso matxisten aurrean “zero tolerantzia” adierazi, eta emakumeenganako indarkeriaren aurkako jarrera argia berretsi du: “horrelako gertaerak ez ditugu gure gizartean onartzen, eta lanean jarraituko dugu erakunde, elkarte eta herritarrok, emakumeok indarkeria matxistarik gabe bizi gaitezen”.
Erasoa jasan duen emakumeari elkartasuna eta laguntza eskaini dikzio halaber, udalak, eta beharrezko baliabide guztiak jarri ditu haren eskura, eta erasoak saihesteko gizartearen inplikazioa eskertu du. Horren harira, azken gertaera izan zen lekutik gertu ziren herritarrek erakutsi zuten jarrera balioan jarri du. Bat egin du mugimendu feministaren deialdiarekin, gainera, eta herritar guztiak parte hartzera deitu ditu, azken eraso matxista salatzera. Elkarretaratzea bihar (asteazkena) izango da 19:30ean Gernika plazan.